euskaraespañol

Eguneko irudia

Ikaslea eta Athletic Club eta Espainiako 19 urtez azpiko selekzioko jokalaria

Ane Elexpuru: «Neska txikiei esango niekeen gauza bakarra euren ametsen alde borrokatzea da»

Gaur egun Lehen Hezkuntzako Gradua egiten ari da UPV/EHUn Athletic Club eta Espainiako 19 urtez azpiko selekzioko jokalaria

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2022/07/22

Ane Elexpuru.

Zer sentitzen da kopa bat irabaztean? Futboleko edozein jarraitzaile noizbait pentsatu duen galdera da. Ane Elexpuru UPV/EHUko Lehen Hezkuntzako Graduko lehen mailako ikasle eta emakumezkoen Athletic Club Bko jokalariarentzat galdera hori jada ez da ezezaguna; izan ere, joan den uztailaren 9an, Espainiako 19 urtez azpiko selekzioarekin batera, Eurokopa irabazi zuen Norvegiako selekzioaren aurkako final estu batean.

Norvegiako taldeak markagailuan aurreratu zen arren, Elexpururen gol batek berdinketa ekarri zuen eta Espainiako selekzioa Europako laugarren titulua lortzera eraman zuen markagailua iraultzen hasi zen. “Deskribaezina da, emozio pilo bat. Alde batetik, berdinketaren gola da, eta horrek itxaropena eta ilusioa ematen digu, indarra emanez eta motibatuz garaipenaren bila jarraitzeko. Bestalde, arlo pertsonalean poza, harrotasuna eta poztasuna sentitu nituen”, dio Elexpuruk.

Nola jakin zenuen Eurokopa jokatzeko hautatua izan zinela? Zer sentitu zenuen orduan?

Ekainaren 6tik 8ra kontzentrazio bat izan genuen, eta bagenekien hurrengo egunean zerrenda ofiziala atera behar zela, 13an kontzentratu egiten ginelako. Aurrekoetan bezala, klubari deialdia iritsi zitzaion eta Roberto Pampin entrenatzaileak partekatu zigun. Une horretan poz eta ilusio handia sentitu nuen.

Txapelketa hastean, garaipena lortzeko aukerarik ikusten zenuten, edo urrun sentitzen zenuten zerbait zen?

Aukerekin ikusten genuen geure burua, edozer egiteko gai ginen talde bat ginelako, baina txapelketa hastean, multzoen faseko lehen aurkaria zen Italiari eta, ondoren, beste bi aurkariei, Txekiar Errepublikari eta Frantziari, irabaztea besterik ez genuen buruan.

Nola egiten duzu zure unibertsitate-ikasketak eta hain maila altuko kirola bateragarri egiteko? Zure karrera profesionalak denbora kentzen die ikasketei, edo alderantziz?

Dena bateragarri egiteko gakoa organizazioa da, eta jakitea ezingo duzula zuk nahi duzun guztia egin, hau da, une askotan gustura egingo zenituzkeen gauzei uko egin beharko diezula, baina ezin duzula.

Nire kasuan, bi gauzak bateragarri egin ahal izan ditut ikaskideei esker, lagundu egin baitidate gai-zerrendari jarraitu ahal izateko eta taldeko lanak egin ahal izateko, nahiz eta ikasgelan ez egon; irakasleek gauzak erraztu dizkidate deialdi desberdinak sortu zaizkidanean; eta, batez ere, Naia Egusquiza nire tutoreari esker, asko lagundu baitit eta oso ulerkorra izan baita ikasturte osoan. Baina, aipatu dudan bezala, antolaketa on batekin biak egin daitezke batak besteari denbora kendu gabe.

Zer gomendatuko zenioke zure egoera berean dagoen eta biak aldi berean egiteko gai izango den zalantzan dagoen norbaiti?

Lehenik eta behin, ez dezala zalantzarik izan bi gauzak egiteko gai izango ote den eta saia dadila. Eta, bigarrenik, bi gauzak gustatzen bazaizkio, ondo antola dadila, eta, nahiz eta egun itogarriren bat edo beste egon, ahalegin eta sakrifizioarekin denak bere fruituak emango dituela.

Nolakoa izaten ari da zure esperientzia karreran?

Oraingoz oso esperientzia ona izaten ari da eta horrela izaten jarraitzea espero dut. Lehen urte honi buruz esan dezaket asko gustatu zaidala, gauza berriak ikasi ditudala eta lan interesgarri asko egin ditudala. Gainera, denbora gutxian ikaskideekin adiskidetasun handia egin dut.

Nola ikusten duzu zure etorkizuna? Gehiago ikusten duzu zeure burua kirol profesionalean edo irakaskuntzan?

Espainiako selekzioarekin 19 urtez azpiko Europako txapelketa bat jokatu berri dut, egun gutxi barru Costa Ricara noa 20 urtez azpiko munduko txapelketa jokatzera eta itzuleran denboraldi-aurrea egingo dut eta Athleticen lehen taldearekin entrenamendu-dinamikan egongo naiz, eta profesionalki horretan aritzea gustatuko litzaidake. Baina, jakina, kirolari baten bizitza ez da oso luzea, eta ezinbestekoa da ikasketa batzuk izatea; horregatik, karrera hau amaitu nahi dut, eta aurrerago irakaskuntzan aritu.

Ahalegin handiak ikusten ari gara emakumezkoen kirolei eta, bereziki, futbolari garrantzia eta ikusgaitasuna emateko. Nola ikusten duzu zuk, emakumezkoen futbolaren etorkizuna? Zer esango zenieke zure adineko beste neska batzuei edo txikiagoei, zuk bezala, modu profesionalean futbolean aritu nahi dutenei?

Ezer baino lehen, eskerrak eman nahi dizkiet hau hasi zuten eta gure aurretik aritu diren futbolari guztiei bidea erraztuz. Uste dut azken urte hauetan aurrerapauso handiak eman direla, onena oraindik iristeke dagoela eta hurrengo belaunaldiek are gehiago gozatu ahal izango dutela, emakumezkoen futbola geratzeko etorri baita.

Neska txikiei esango niekeen gauza bakarra da beren ametsen alde borrokatzeko, saiatzen jarraitzeko, batez ere zelaian gozatzeko eta jolasean ondo pasatzeko.