euskaraespañol

Ana Zubiaga eta Leire Sangroniz, CAF-Elhuyar sariak

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/04/30

Ana Zubiaga eta Leire Sangroniz. Argazkia: Elhuyar.

UPV/EHUko Ana Zubiaga Elordieta eta Leire Sangroniz Agudo aitortu dituzte, besteak beste, CAF-Elhuyar sariek. Zubiaga genetikako katedradunak jaso du Elhuyar Fundazioaren Merezimendu Saria, euskara normalizatzen eta zientzia gizarteratzen egindako lanarengatik.

Zubiagak Giza Genetikako eskola teorikoak eta praktikoak ematen ditu UPV/EHUn. Irakasle izateaz gain, ikertzaile ere bada, eta, hain zuzen, Minbiziaren Biologia Molekularra ikerketa-taldearen arduraduna da. Horrez gain, EHUko Ikerkuntzarako Zerbitzu Orokorretako Adierazpen Genikoko Unitatearen arduraduna da, eta Animalien Ongizaterako Etika Batzordeko kidea, besteak beste.

Jakidundeko kide ere bada, eta, horri guztiorri, dibulgazioan egiten duen lana gehitu behar zaio. Kontuan izan behar da lantzen dituen gaiek, biomedikuntzak eta genomikak, garapen oso azkarra izan dutela, eta gizartean jakin-mina eta, batzuetan, kezka ere pizten dutela. Bada Zubiaga beti dago prest laguntzeko, eta adeitsu eman ditu azalpenak eta iritzia, hainbat eta hainbat aldiz, Elhuyar aldizkarian, Teknopolis zein Norteko Ferrokarrilla saioetan, eta ohiko parte-hartzailea da Kultura Zientifikoko Katedraren egitasmoetan. Komunikabide orokorretan ere maiz agertzen da, kontzeptu konplikatuenak argitzen, hizkera ulerterraz eta gertukoarekin.

Bestalde, Leire Sangronizen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluak, “Polimero birziklatu aurreratuen garapena: plastiko-hondakinei bizi berri bat emanez”, irabazi du CAF-Elhuyar saria. Leire Sangroniz Agudo kimikako doktorea elgetarra da egilea. Epaimahaiak nabarmendu duenez, gaur egun ahoz aho dagoen arazo bati erantzuten saiatzen da tesia. “Gainera, egindako lan zientifikoa oso modu dibulgatiboan dago azalduta, eta argi ulertzen da tesiaren mamia”.

Informazio gehiago, hementxe.