Ines Garcia-Azkoaga
Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna, hizkuntzen garrantziaz gogoeta egiteko eguna
UPV/EHUko Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedraren arduraduna
- Cathedra
Lehenengo argitaratze data: 2024/02/22
Atzo, otsailak 21, Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna ospatu zen (nahiz eta izendapen horrek ez duen zehaztasun osoz islatzen hizkuntzak transmititzen diren modua). Unescok ezarrita, 2000. urteaz geroztik ospatzen den eguna da. Helburua munduan dauden kultura eta hizkuntza desberdinen garrantzia azpimarratzea da, tolerantzia eta errespetua sustatzeko modu gisa.
Bere ekimenekin, Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedrak bat egiten du urtero asmo horrekin. Oraingoan, Arabako Campuseko Erasmus ikasleentzako Udaberriko Harrera Egunaren barruan egindako ekitaldi batekin. Bertan, Europako eta beste hainbateko herrialdetatik etorritako ikasleak. Oso gutxi, hizkuntza gutxituetako hiztunak; are gutxiago, inoiz hizkuntza horietan ikasteko aukera izan dutenak. Ziur aski, oso gutxi, inguruan horrelako hizkuntzak ere badirela ohartutakoak. Hizkuntza hegemonikoek gutxituen gainean duten boterea ez da gauza berria, eta ez da hain garatuak ez diren herrialdeen kontua bakarrik; izan ere, gaur egun Europan hitz egiten diren hizkuntzetako asko bertako estatuen politika elebakarren emaitza dira.
Katedrarentzat gordetako tartean, gure proiektuetako baten emaitza erakusteko aukera izan genuen: ‘Una mà de contes’ haurrentzako programarako animazio sorta berri bat, Kataluniako TV3 katearekin elkarlanean egina euskaraz eta katalanez, eta baita munduko hainbat hizkuntza indigena eta minorizatutara egindako bikoizketa ez-profesionalaren emaitza batzuk. Proiektu honen bidez gizartea sentsibilizatu nahi dugu inguruan dugun hizkuntza- eta kultura-aniztasunari buruz eta, gainera, hizkuntza gutxituetako hiztunei aukera eman nahi diegu proiektua bere egiteko, bikoizketan parte hartuz eta bertako hizkuntzak ikusgarriago egiten lagunduz. Era berean, baliabide bat gehiago eskaini nahi dugu gure inguruko hizkuntza- eta kultura-aberastasuna eskolan lantzeko.
Proiektua indigenen hizkuntzara bikoizteko tailer baten ondorioz sortu zen Afrikako komunitate batean (Santo Tomé eta Principe), zaharren gizarteratzea sustatzeko helburuarekin antolatutakoa. Han, munduko beste leku askotan bezala, hizkuntza hegemonikoak hizkuntza indigenaren transmisioa etetea eta galtzea eragin du eta, gainera, desberdintasun sozialak sortu ditu. Hizkuntza autoktono gutxituko (forro kreolera) hiztun zaharren eta portugesezko (hizkuntza hegemonikoa eta irakaskuntza-hizkuntza bakarra hezkuntzan) hiztun gazteen arteko belaunaldien elkarlanaren emaitza ez zen izan soilik hizkuntza gutxituan bikoiztutako kalitatezko animazioa, baizik eta belaunaldi ezberdinen hurbilketa eta ia galduta zegoen hizkuntzaren balioestea.
Kalkuluen arabera, munduko hizkuntzen % 43 mehatxupean edo desagertzeko arriskuan daude. Askok hezkuntzan erabiltzeko aukerarik ere ez dute. Horregatik, aurtengo Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Egunean, Unescok hezkuntza eleanitza azpimarratu nahi izan du bereziki. Ematen dizkigun datuen arabera, biztanleen % 40k (herrialde batzuetan % 90era arte) ez dute beren hizkuntzan eskolatzeko eta alfabetatzeko aukerarik, ezta bizi diren lurraldeko hizkuntza autoktonoa denean ere. Horrek esan nahi du, besteak beste, ume asko eskolatu gabe geratzen direla, garapenerako eta ongizaterako aukera gutxiago daudela komunitatearentzat, eten egiten direla kulturaren eta ezagutzaren transmisioa, eta belaunaldien arteko harremanak ere hautsi egiten direla. Horregatik da hain garrantzitsua kalitatezko hezkuntza eleanitza bermatzea, hain zuzen, kohesioa, bakea eta bizikidetza eta, beraz, garapen iraunkorra bermatzeko funtsezko bideetako baita.
Ildo horretan, iraunkortasunari edo 2030 Agendari buruz hitz egiten dugunean, arreta handia jartzen dugu klimari eta ingurumenari buruzko gaietan, baina ahaztu egiten dugu hizkuntza ere ekosistemaren parte dela. Agendak garapen iraunkorreko helburuen erdigunean jartzen du norbanakoa, eta herrialde ahulenetan eta garapen-bidean daudenetan fokua jartzeko asmoa adierazten du, baina desberdintasunak murrizteko beharrezkoa da leku guztietan eskubide berberak izatea, hizkuntza-eskubideetatik hasita. Horrela bakarrik lor daiteke, adibidez, justizia, osasuna eta ongizatea bermeekin eskuratzea eta, jakina, horrela bakarrik jarri ahal izango dira guztiontzako hezkuntza lortzeko oinarriak. Horregatik, beharrezkoa da hizkuntza- eta kultura-aniztasuna ikusaraztea.
Hala eta guztiz, gure gizartean aniztasun horri buruzko aipamenak gero eta ugariagoak badira ere, paradoxikoki, nazioartekotzeko eta elkar ulertzeko beharrak hizkuntza bakarraren alde egitera garamatza oso sarritan, ingelesaren kasuan bezala, negozioetarako nahiz mundu akademikorako ‘lingua franca’ bihurtu dena; baina eragin hori ez da hutsala, gero eta homogeneoagoak egiten gaitu eta, aldi berean, tokiko hizkuntzentzat pobretze soziokulturala eragiten du, eta hizkuntza- eta diskurtso-errepertorio berriak garatzea mugatzen du.
Ezin dugu alde batera utzi hizkuntza bat ere ez. Hizkuntza- eta kultura-aniztasunaz hitz egin ahal izateko, gure gizartean dauden hizkuntza guztiak hartu behar ditugu kontuan, eta haien arteko elkar ulertzea sustatu behar dugu. Tamalez, ingelesa bezalako atzerriko hizkuntza bat balioan jartzen duen gizarte batean bizi gara; haurrak akademietara bidaltzen ditugu urtebete dutenetik, baina ez gara gauza tokiko aberastasunaz ohartzeko eta bertan ditugun hizkuntzen garrantzia balioesteko.
Jasangarritasuna, balio ekologikoak eta bertako produktuak gero eta gehiago aldarrikatzen eta estimatzen dituen gizarte batean bizi gara baina, aldiz, ez duena beti tokiko kultur aberastasuna behar bezala aitortzen, eta ez dizkiona balio horiek hizkuntzen erabilerari aplikatzen. Beharbada, Agendako 18. helburua izango da aniztasunari balioa emateko eta hizkuntzarekiko mundu jasangarriagoa sortzeko aukera.