Urtero, Unibertsitate Ministerioak unibertsitate ikasketak bikain egin dituztenak saritzen ditu Unibertsitate Hezkuntzako Karrera Amaierako Sari Nazionalekin. Azken edizioan, 2016-2017 ikasturtean graduatu zirenei dagokienean, Euskal Herriko Unibertsitateko lau tituludun daude 171sarituen artean.
Ikasle bikainak
Unibertsitate Ministerioak UPV/EHUko lau graduatu saritu ditu karrera amaierako sari nazional banarekin
- Erreportajeak
Lehenengo argitaratze data: 2022/03/16
Andrea Cuesta Canok (Geologiako Gradua) eta Janire Otamendi Jauregik (Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritzako Gradua) Zientzien eta Ingeniaritzaren eta Arkitekturaren adarretako bigarren sarietako bi eskuratu dituzte, hurrenez hurren. Maider Azurmendi Arotzenak (Kultura Ondareen Kontserbazio eta Zaharberritzeari buruzko Gradua) 3. sari bat jaso du, Arteen eta Giza Zientzien adarrean, bai eta Maddi Dorronsoro Olamusuk ere (Gizarte Antropologiako Gradua), Gizarte eta Lege Zientzien adarrean.
Lau sarituek oroitzapen ederrak dituzte Euskal Herriko Unibertsitatean egindako ikasketen inguruan, eta oraindik ere mantentzen dituzten adiskidetasun loturak ezarri zituzten. Bere garaian, Unibertsitateak berak animatuta, Karrera Amaierako Sari Nazionalen deialdira aurkeztu ziren, baina ez zuten espero lortuko zutenik. Beraz, saria poz handia izan zen, eta egindako ahalegin guztiaren errekonozimendu berezi bat ere bai.
Andrea Cuesta Cano
2. saria. Geologiako Gradua
Zientzia eta Teknologia Fakultatean Geologiako Gradua amaitu ondoren, Utrechteko Unibertsitatera (Herbehereak) joan zen Earth Structure and Dynamics masterra egitera, eta, bitartean, Total SA enpresan praktikak egin zituen, Pauen (Frantzia) duen ikerketa zentroan, eta BrightMinds beka bat lortu zuen, unibertsitateak berak eskainia, geokimikako laborategian lanaldi partzialean lan egiteko. MALa Utrechteko presio eta tenperatura handiko laborategian egin zuen. Graduatu ondoren (Cum Laude) urtebete eman zuen ikasleei landa lanean laguntzeko app bat garatzen. “Mapak itzultzen, material didaktikoa prestatzen eta ibilbideak antolatzen aritu nintzen, ikasleek beren lanean autonomia lor zezaten (Utrecht Companion to the Earth du izena proiektuak eta hainbat bideo daude YouTuben)”, azaldu du. Iaz, Andreak doktoretza hasi zuen Delfteko Unibertsitate Teknikoan (TU Delft). Bere proiektuaren helburua da “ziurgabetasuna murriztea datu sismikoen interpretazioan; hori da lurpeko geruzen antolaketari buruzko informazio iturri nagusia”. Duela urtebetetik, GAIA izeneko irabazi asmorik gabeko elkarte baten zuzendaritzako kidea da. Geozientzien sektorean genero berdintasunaren alde lan egiten dute.
Jasotako sariari dagokionez, esan du ez zuela ideiarik ere sariei buruz: “Unibertsitateak berak jakinarazi zidan baldintzak betetzen nituela. Hasiera batean, itxaropen handirik gabe aurkeztu nintzen; beraz, bigarren sari bat lortu nuela jakinarazi zidatenean, izugarria izan zen. Azkenean sentitu nuen aitortzen zidatela graduko lau urteetan egindako ahalegina”. UPV/EHUn eman zuen denbora “gogoangarria” izan zela dio. “Ezagutu nituen pertsonetako batzuekin oraindik ere harremana dut, eta nire bizitzako parte bihurtu dira”, gaineratu du. Irakasleei dagokienez: “Oso onak ziren, nazioarteko errekonozimendua zuten, eta plazer handia izan zen eskola ordu horiek haiekin partekatu ahal izatea eta ezagutza maila handia lortzea”. Zalantzarik gabe, “unibertsitatean ikasi nuena da, ikasle gisa, zu arduratu behar zarela zure esku dauden tresnak erabiltzeaz, eta, behar bezala erabiltzen badituzu, zure diziplinako onenetakoa izan zaitezkeela”.
Janire Otamendi Jauregi
2. saria. Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritzako Gradua
Hau ez da Ingeniaritza Elektroniko Industrial eta Automatikoko graduatu honek lortzen duen lehen aintzatespena. Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan bikaintasunez graduatu zen, izan ere, promozioko espediente akademikorik onena berea zen eta, horregatik, Kutxaren Ikasketa Amaierako Sarietako bat eman zioten. Bere GRALak bigarren saria lortu zuen Gipuzkoako Ingeniarien Elkargoak ematen duen XVI. Félix Sopelana Memorialean. Graduatu ondoren, Janirek Kontrol, Automatizazio eta Robotikako Ingeniaritzako Masterra egin zuen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta promozioko espediente akademikorik onena lortu zuen. Masterra amaitzear zegoela, Indar Electric SL enpresan hasi zen lanean. “Urtebete egin nuen bertan eta oso esperientzia interesgarria izan zen; asko ikasi nuen”, azaldu du. Baina, Unibertsitate Ministerioak emandako beka batekin, doktorego tesi bat hasteko aukera sortu zitzaion, “eta aukera hori aprobetxatzea erabaki nuen”. Doktoregoa Euskal Herriko Unibertsitateko Sistemen Ingeniaritza eta Automatika Sailean egiten ari da.
Janirek ere ez zuen saria espero: “Hasiera batean ez nekien halakorik zegoenik ere. Unibertsitateak mezu elektroniko bat bidali zigun informatzeko eta aurkeztera animatzeko, eta halaxe egin nuen. Nire ustez, karrerako lau urteetan egindako ahaleginaren aintzatespen bat da, eta positiboki baloratzen dut. Oso jende interesgarria ezagutu dut, eta irakasle oso on batzuengandik asko ikasi ahal izan dut; Gradu Amaierako Lana eta Master Amaierako Lana egitean izan ditudanak nabarmendu nahiko nituzke. Hala eta guztiz ere, eta modu orokorragoan hitz eginez, esan nahi nuke, zenbait urtez ikasten egon ondoren, bai enpresa munduko, bai ikerketa karrerako lan baldintzak ez direla oso onak, eta hori nahiko frustragarria da”.
Maider Azurmendi Arotzena
3. saria. Kultura Ondareen Kontserbazio eta Zaharberritzeari buruzko Gradua
Arte Ederren Fakultatean Kultura Ondareen Kontserbazio eta Zaharberritzeari buruzko Gradua amaitu aurretik, Lizartzako Santa Katalina elizako erretaula nagusia zaharberritzen hasi zen Óvalo Restauración enpresarekin. Lanek 5 hilabete iraun zuten. “Zaharberritzea gustatzen zait, baina sorkuntza artistikoak beti erakarri nau; beraz, lan kontratua amaitzean, 'Zeramika: Artea eta Funtzioa' Masterrean matrikulatu nintzen. Urte hauetan erakusketak egin ditut Bilbon, Zarautzen, Barakaldon, Zumaian eta Bergaran. Azkena, Azpeitiko Udalaren Sormen Bekaren emaitza, datorren astean ikusi ahal izango da, martxoaren 21etik 25era bitartean, herriko Dinamoa Sormen Zentroan”. Bien bitartean, bere tesia lantzen jarraitzen du, Arte Garaikideko Ikerketako doktorego programaren barruan.
“Horrelako sari bat jasotzea pozgarria da, batez ere, graduak irauten duen bitartean egindako ahaleginaren isla delako. Hala ere, artearen munduan, bai sorkuntzan, bai zaharberritzean, maila profesionalean dauden zailtasunak direla eta, ez dut uste saria izateak edo ez izateak alde handirik ekar dezakeenik. Bekak edo egonaldiak lortzeko lagunduko dit agian, baina ez gehiegi lan munduan sartzeko”. Modu positiboan baloratzen du unibertsitatean emandako denbora. “Arte Ederren Fakultateak sorkuntza garaikidearen eta kontserbazio eta zaharberritze lanen maila handia du. Bertan eman ditudan urteetan, garapen akademikoa ez ezik, garapen pertsonala ere bizi izan dut. Artea modu berezian maitatzen ikasi dut. Nire egunerokoan, inolako patu jakinik gabe, sortzeko behar hori gauzatzera bultzatu nau. Maitasunez sortzea eta sortu den hori (nire kasuan eskulturak) erakustea da kontua. Arteak bizitza osoago bat izaten laguntzen dit, munduan kokatzen”.
Maddi Dorronsoro Olamusu
3. saria. Gizarte Antropologiako Gradua
Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean Gizarte Antropologiako Gradua bikaintasunez amaitu eta Kutxaren Ikasketen Amaierako Saria eskuratu ondoren, Maddi Eskoziara joan zen ikasten jarraitzera. Gizarte Antropologiako ikerketa master bat egin zuen Aberdeengo Unibertsitatean, eta hura ere bikain amaitu zuen. Ondoren, 'The Leverhulme Trust' beka jaso zuen Edinburgoko Unibertsitatean Gizarte eta Politika Zientzietako beste ikerketa master bat egiteko. Ondoren, EBko boluntario izan zen –European Solidarity Corps (ESC)–, Materan (Italia). Eta iaz Euskal Herrira itzuli zen, Labayru Fundazioko ikertzaile gisa lan egiteko. Bertan, azken hilabeteetan, Gipuzkoako inauterien katalogoa egin du Eusko Jaurlaritzarentzat.
Hirugarren saria lortzea “ezusteko bat izan zen”, esan duenez. “Urte horietan egin nuen lana aitortzea oso pozgarria da. Curriculumean ere geratuko da, eta hori positiboa da”. Euskal Herriko Unibertsitatean emandako denborari buruz galdetuta, “urte haietaz oroitzapen ona” duela esan du. Gogoratu duenez, ikasle gutxi ziren Gizarte Antropologiako Graduan, “eta horrek irakasleekin eta gure artean harreman hurbila izatea eragiten zuen. Gainera, nabarmendu nahiko nuke unibertsitate ikasketak euskaraz egitea pribilegio bat izan zela, nahiz eta horretarako zailtasunak eta mugak izan. Zenbait mailatan prestatu nintzen urte horietan. Arlo akademikoan asko ikasi nuen, eta horrek bizitzan eman ditudan hurrengo urratsetan lagundu dit. Baina esango nuke Antropologia ikasi izanak ere asko markatu ninduela maila pertsonalean, gauza asko ziurtzat hartzen nituela eta hori aldatu egin zela, eta inguruan dudanaz jabetzeko moduan eragin zuela. Bene-benetan eskertzen dut”.