euskaraespañol

Eguneko irudia

Arkitekturako ikasleek Logroñoko ‘Concéntrico 04’ Nazioarteko Jaialdian parte hartu dute

Proposamena, ‘Vacío encerrado’ izenekoa, Casa Farías-en burutuko da, Errioxako hiriburuko Erdi Aroko parte zaharrean

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/04/26

Concéntrico 04 jaialdian parte hartuko duten Arkitekturako ikasle eta ikasleak. Argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU

UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko bosgarren mailako 44 inguru ikaslek parte hartzen dute apirilaren 27tik maiatzaren 1era arte izango den Concéntrico jaialdiaren laugarren edizioan, Logroñoko Arkitektura eta Diseinuko Nazioarteko Jaialdian. Hiri eremua eta hiria hausnarketa gai hartu eta aztertzea da kultur ekitaldi honen helburua.

Arkitekturako ikasleek, Paisaiaren Arkitektura eta Proiektu Saiakeretarako Laborategia irakasgaietakoek, Mario Sangalli eta Iñigo Viar irakasleen zuzendaritzapean, jarduketa bat burutuko dute Casa Farías-en; eraikina Cáritasen jabetzakoa da orain eta Errioxako hiriburuko Erdi Aroko parte zaharrean dago kokatuta. Atari Kultura Arkitektonikoa Elkarteko lehendakari Javier Bueno arkitektoak parte hartu zuen hautaketa prozesu baten ondoren, ‘Vacío encerrado’ proposamena izan zen irabazle. Proposamena aurkeztu duten taldekideak hauek dira: Haizea Latxaga, Izaskun Soto, Ane Santamaría, Henar Merino eta Erminia Barone, Erasmuseko ikaslea, Università degli Studi di Napoli Federico II-koa. Dena den, behin betiko soluzioaren garapena eta baita bere eraikuntza ere Logroñon, inplikatutako bi irakasgaietako ikasle taldeak eramango du aurrera.

‘Vacío encerrado’ izeneko proposamena “egitura bat da, zurezko pieza berdintsuez (58,6x58,6cm) osatua, egitura autosostengagarri bat sortzeko helburuz. Piezak geometrikoki ahokatzen dira elkarri, piezetan sortutako arteken bitartez, kanpoko inolako loturaren beharrik gabe. Gainera, formaren garapenak saskigintza gogorarazten du; lau ilara dira, eta lortzen den gehienezko altuera 2,44m baino zerbait gutxiago da. Eraikuntza modu horrek eragotzi egiten du barnealdea zuzenean ikustea eta, beraz, frustrazioa sorrarazten dio ikusleari, loturen arteko irekidurek zoruko lurra besterik ez baitute erdizka ikusten uzten; hala, obrara hurbiltzea gonbidatzen du ikuslea, berau ezagutu eta berarekin elkarrekintzan aritzeko”, azaldu du Izaskun Soto ikasleak.

Vacío encerrado (Huts itxia)

“Ideia gauzatzeko –gaineratu du ikaskide Haizea Latxagak- zirkuluan pentsatu genuen geometria puru eta argi gisa, eta baita loturaren sinbolo gisa ere. Zirkulua, gainera, babesaren sinbolo da eta betikotasuna esan nahi du, bere forman ez baitago etenik. Zirkulua bere inguruan ixten da, eta horregatik adierazten ditu batasuna, absolutua eta perfekzioa. Aldi berean, kopa bat ardok mahaian uzten duen arrastoa, kupela bat gogora ekartzen digu zirkuluak. Zirkulua forma geometriko bat da, Logroñoko Ardi Aroko hirigunean aurki ditzakegun formekin kontrastea sortzen duena, aurrez aurre ageri baitira instalazioaren kurbadura eta Erdi Aroko hirigunean sortzen diren lerro zuzenak. Ane Santamaríarentzat, kontraste horren eraginez “formak jakingura sortzen dio bertatik dabilenari, jakin-mina pizten dio erabiltzaileari, erakarri egiten baitio instalazioak. Patio pribatuaren eta kale publikoaren artean sortutako elkarguneak ere, espazio berri bat barnean hartzen duen zirkulu baten bitartez. Dagoen horma zeharkatuz, forma hori gai da bai patioa eta baita kalea ere kolonizatzeko”.

Errioxako hiriburua denez gero Logroño eta, hortaz, ardoaren hiriburu, UPV/EHUko Arkitekturako ikasleen asmoa da ardogintzaren kultura hori irudikatzea emandako materialaren, zoladuraren, kolorearen… bitartez, “betiere ikusleari bere interpretazioa egiteko askatasuna emanez”-argitu du Henar Merinok. “Interpretazio horiek kupela baten barrualdea gogora ekar dezakete nolabait, oholak ardoz blaituta daudelarik, edota mahastien lurra ere”. “Baina, objektua itxita dagoela eman arren –jarraitu du Erminia Baronek– irekidura batzuk hartzen ditu, ikusleari interakzioa eskaintzen diotenak, objektu hori zeharkatzen duten bisualak sortuz. Irekidura estuez gain, zoladura aldaketak halako ziurgabetasuna sortzen dio ikusleari, zalantza egiten baitu sartu ote daitekeen ala ez, instalazioaren barnealdea murriztua ote den ala ez galdetzen dio bere buruari. Barruko zoladura Errioxako mahastietako lurrez osatuta dago, eta era horretan ekartzen dira Logroño inguratzen duten eremuak hirigune historikora”.

Jaialdiaren webgunea:  http://www.concentrico.es

Proiektuaren webgunea:  http://concentrico.es/vacio-encerrado/

#vacioencerrado

@Instagram: vacioencerrado

@facebook: Vacío Encerrado