euskaraespañol

Altzairu-hondakin industrialez sendotutako morteroa iraunkorra bai, baina ezin monitorizatu

Altzairuzko zuntz- eta txirbil-hondakinek morteroari zer propietate ematen dizkioten zehazten ari dira UPV/EHU eta Txileko bi unibertsitate

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/07/16

Altzairu-hondakin industrialez sendotutako morteroa iraunkorra bai, baina ezin monitorizatu
Roque Borinaga. Argazkia: Mitxi. UPV/EHU.

Ohikoa da mortero edo hormigoiak iraupen, erresistentzia eta sendotasun handiagoa izan dezaten errefortzu gisa zuntz desberdinak gehitzea. Gehigarri horiek berariaz fabrikatzea saihesteko, UPV/EHUko Ingeniaritza Mekanikoa Saileko ikertzaile batek, Txileko Bio-Bio eta Andres Bello unibertsitateekin elkarlanean, industrian sortzen diren altzairuzko zuntz- eta txirbil-hondakinak gehitu dizkio morteroari, hortik abiatuta sortutako konposatuaren propietateak nola aldatzen diren zehazteko, gehitutako zuntz-kantitatearen arabera.

Gaur egun, mortero-mota asko daude merkatuan plastikozko, karbonozko eta metalezko zuntzak dituztenak sendogarri gisa, besteak beste. “Guk halako fabrikazio-prozesurik izan ez duten zuntzak erabili nahi izan ditugu: industrian sortzen diren altzairuzko zuntz- eta txirbil-hondakinak. Hala, alde batetik, zuntzak fabrikatzea saihesten da, eta, bestetik, industrian sortzen diren hondakin horiek zuzenean berrerabiltzen dira, inolako birziklatze-prozesutatik pasarazi gabe”, dio Roque Borinaga Treviño UPV/EHUko Ingeniaritza Mekanikoa Saileko ikertzaile eta lanaren egileetako batek.

Altzairu-hondakinez sendotutako egituren monitorizazioa egiterik ote zegoen ere ikusi nahi izan zuten ikerketan. Aurretik egindako ikerketa batzuetan frogatu izan da egitura horien propietate elektrikoak edo termikoak monitorizatuz, pitzadurak hauteman daitezkeela, adibidez. “Pitzaduraren bat baldin badago, zuntzen arteko deskonexioa gertatuko da, eta horrek morteroaren propietate elektriko eta termikoak aldatuko ditu. Hala, gailu desberdinen bitartez egindako neurketetan aldaketa nabarmenagoak lortuko genituzke”, azaldu du Borinagak.

Ikerketan, erabilitako hondakin-motaren eta -kantitatearen arabera zementuaren propietate elektriko eta termikoak nola aldatzen ziren neurtu zuten. Propietate elektrikoei dagokienez, morteroaren erresistibitate elektrikoa neurtu zuten monitorizaziorako irizpide gisa. Morteroak, berez, erresistibitate elektriko handia du, hau da, elektrizitateak oso ahalmen txikia du haren barrutik pasatzeko. Zuntzei esker, berriz, jaitsi egiten da erresistibitate hori. Propietate termikoetan, bestalde, konduktibitate termikoa izan zen aukeratutako adierazlea. Altzairuaren konduktibitate termikoa morteroarena baino 15-20 aldiz handiagoa da, hortaz, mortero normal batek beroa bere barruan pasatzeko erresistentzia handiagoa izango du altzairuzko zuntzak dituen mortero batek baino.

Batean kale, bestean bale

Jasotako emaitzak “ez dira izan guztiz esanguratsuak”, Borinagaren hitzetan. Ikusi ahal izan dutenez, erabilitako hondakin metalikoek, edozein izanda ere mota eta kantitatea, ez dute aldatzen modu esanguratsuan ez morteroaren erresistibitate elektrikoa ez haren konduktibitate termikoa. Horrenbestez, “ez dira egokiak monitorizazioa egiteko guk planteatutako adierazleekin, ez baikenuke alderik nabarituko mortero normal baten eta erabilitako morteroaren artean”, argitu du ikertzaileak.

Alabaina, sendogarri bezala altzairuzko hondakinak izateak “ez du morteroaren kalitatean eragin negatiborik izan —zehaztu du Borinagak—. Eta jakina da zuntzak dituen morteroa iraunkorragoa izan ohi dela. Hortaz, esan daiteke morteroek hobera egiten dutela mekanikoki”.

Monitorizazioaren aferari dagokionez, Borinagak argi du ikertzen jarraituko dutela: “Agian morteroaren diseinua aldatuko dugu, edo beste kantitate edo forma batzuetako hondakinekin probatu, edo monitorizazioa egiteko beste teknika batzuekin saiatu, ultrasoinuak edo indukzioa adibidez”.

Informazio osagarria

Hiru unibertsitateren arteko elkarlanaren emaitza izan da ikerketa. UPV/EHUko Ingeniaritza Mekanikoko Saileko Roque Borinaga Treviño, morteroaren analisi termikoan eta mekanikoan espezializatuta dago, eta Bio-Bio Unibertsitatean, berriz, asfaltoari zuntzak gehitzen dizkiote. Bien ezagutza-eremuak elkartuta egin dute esperimentuak morteroarekin egiteko, eta Andres Bello unibertsitateak baliabideak jarri zituen eta analisian ere parte hartu zuen.

Erreferentzia bibliografikoa