euskaraespañol

Gaurko irudia

Bosgarren gamako elikagaiak ontzi biodegradagarrietan

UPV/EHUko Biomat taldeak aholku ematen dio Xumuxua enpresari, ontzi jasangarriagoen gero eta eskari handiagoari aurre egiteko konponbideak garatzeari buruz

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2019/12/04

Pedro Guerrero (Biomat) eta Iñigo Otamendi (Xumuxua). Argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU

Berrikuntza, jasangarritasun eta ingurumenaren aldeko konpromisoak ontzi jasangarriagoak erabiltzearen alde apustu egitera eraman du Xumuxua marka. Enpresako I+D taldeak, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Biomat ikerketa taldearekin batera, hainbat material eta ontzi mota ebaluatu ditu, egokiena hautatze aldera, betiere produktuaren elikadura segurtasuna, freskotasuna eta kalitatea bermatuta. Halaber, ontzien diseinuan berrikuntza txertatu da, erretiluak zigilatzeko erabilitako moldeak aldatu baitira, eta, horri esker, kostuak optimizatu ahal izan dira. Lankidetza honi esker, Yon Mikel Janariak espresak –Xumuxua markarekin merkaturatuak– ontzi biodegradagarrietan ontziratutako bosgarren gamako produktuen linea aurkeztu ahal izan du.

Bosgarren gamako produktuak jada landutako elikagaiak dira, kalitatezkoak eta merke samarrak, eta sukaldean denbora gutxiago emateko pentsatuta daude. Gaur egun, petroliotik eratorritako plastikoz fabrikatzen dira produktu horiek banatzeko plastikoak. Alabaina, ingurumenak gero eta kezka handiagoa sortzen duela ikusirik, kontsumitzaileek ontzi seguru eta jasangarriagoak eskatzen dituzte. Testuinguru horretan, Xumuxuak markaturiko helburua ontzi biodegradagarriak baliatzea izan da beti, ontzi jasangarriagoen eskari sozialari erantzuteko, baina elikadura segurtasuneko bermeak inolaz ere aldatu gabe. Horretarako, Euskal Herriko Unibertsitateko Biomat taldeak aholkularitza zientifikoa eman dio, kontuan izanik talde horrek esperientzia luzea duela material biodegradagarrien alorrean.

Biomat taldea material biodegradagarriei buruzko aholkularitza zientifiko eta teknikoan kontzentratu da, eta bereziki azpimarratu du ontziak oztopo propietateak izan behar dituela, ontziratutako elikagaiaren kalitatea bermatzeko. Halaber, egindako ikerketa lanak beste erronka handi bat ere izan du: prozesatze parametroak optimizatzea, bosgarren gamako produktuek eskatutako baldintzak gaindituko zituen zigilatze hermetikoa lortzeko. Horrelako produktuak merkaturatzea aurrerapauso handia izan da elikadura zirkularreko estrategian.

Informazio gehiago

Xumuxuak hasiera-hasieratik egin du apustu kalitatezko janariaren alde, eta betitik prestatu izan ditu bere errezetak inolako kontserbagarririk gabe. Produktuaren balioa kalitatezko lehengaiak erabiltzean datza, baina zorrotz kontrolatutako prozesu kate baten lehen urratsa baino ez da hori, bosgarren gamako produktuak sortzeko oso ekoizpen prozesu estuak gauzatu behar baitira; izan ere, prozesu horiek, ontziratze sistema efikazekin batera, elikagaiaren segurtasuna eta jatorrizko testura eta ezaugarri organoleptikoak bermatu behar dituzte.

Biomat taldea Euskal Unibertsitate Sistemako A ikerketa talde bat da, eta jarduera Euskal Herriko Unibertsitatean gauzatzen du, zehazki, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan. Taldearen ikerketa ildoetako batek hondakin biologikoei balioa ematea du ardatz, ontzi aktibo eta jasangarriak fabrikatze alera.