euskaraespañol

UPV/EHUko eta Japoniako ikasleek 2025 World Expo Osakarako pabilioiak diseinatu dituzte

Arkitektura Goi Eskola Teknikoko irakasle bat bisitan izan da Japoniako Chibako Unibertsitatean eta online bildu ditu bi unibertsitateetako ikasleak, prestakuntza eta irakaskuntza uztartzen dituen egitasmo batean

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2023/06/29

Ikasle japoniarrak beren proiektuak erakusten | Argazkia: Alex Mitxelena

Alex Mitxelena UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko irakasleak beti sentitu du halako lilura bat japoniar kulturarekiko, eta aukera sortu zenean Erasmus+ ICM irakaskuntza/prestakuntza mugikortasun deialdian parte hartzeko (oinarrietan espresuki baloratzen zuena martxan jartzea ikastaro bat ‘Virtual Exchange/COIL’ formatuan), ez zuen bi aldiz pentsatu eta eskaera egin zuen egonaldi bat egiteko Tokyotik hurbil dagoen Chibako Unibertsitateko ikastegi homologoan.

Helburua zen Donostiako eskolako ikasleek eta Japoniakoek (azken horiek Kaname Yanagisawa irakaslearen ardurapean) pabilioi batzuk diseinatzea 2025eko World Expo Osakarako, gero proiektu horiek partekatzeko bi eskolen artean. Egitasmoan parte hartu zuten ere Turkiako Izmir Ekonomi Üniversitesiko ikasleek, Deniz Hasirci irakaslearen zuzendaritzapean. Esperientzia oso aberasgarria izan da, eta Alex Mitxelena irakaslea gogoz gelditu da aurrerantzean errepikatzeko. “Japonia munduko erreferentea da bere arkitekturagatik, bai tradizionala bai egungoa. Oso modu berezia dute arkitektura ulertzeko eta abangoardian daude beti. Erreferente handia da ere etxebizitzaren alorrean; bizitzeko edo habitatzeko moduak, interesatzen zaizkidan gaiak. Japoniak etxe arkitektura oso interesgarria du, eta oso inspiratzailea da beti gure ikuspegi mendebaldarretik sor daitekeen kontrastea. Damu naiz lehenago joan ez izanaz”, adierazi du UPV/EHUko irakasleak.

Pabilioi tematikoak eta herrialdeen pabilioiak

Alex Mitxelenak arkitektura proiektuen irakasgaia ematen du Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoan. 2022/2023 ikasturtean izan zituen 41 ikasleetatik, 12 animatu ziren parte hartzera Chibako Unibertsitateko ikasleekin eginiko nazioarteko ariketa honetan. UPV/EHUko ikasleak hiru taldetan banatu ziren, eskolako ikasleak eta mugikortasun programako ikasleak nahastuta. Hala, egitasmoan aritu ziren UPV/EHUko 5 ikasle, Kanadako bi, Poloniako bi, Kroaziako bat, Belgikako bat eta Frantziako bat.  Talde bakoitzak bere proposamena landu zuen 2025eko World Exporako.

«Japoniako etxe arkitektura oso inspiratzailea da beti»

UPV/EHUko taldeek hiru pabilioi tematiko aukeratu zituzten: Totality of Live, Embracing Lives eta Cycle of Live. “Proposamenetako bat (Embracing Lives) oinarritzen zen munduko elikaduran erabiltzen diren lau hazi nagusietan (arroza, garagarra, garia eta artoa). Ideia zen landarearen ibilbide osoa islatzen saiatzea: hazitik landarera, hazkuntzara eta uztara, eta, gero, nola gordetzen, eraldatzen, garraiatzen, kozinatzen eta kontsumitzen den. Beste proiektu batek lau ingurune birsortu nahi zituen, bizitza formari dagokionez: amaren sabela, ura, espazio beltz eta hutsa, eta basoa. Ingurune horiek islatzen ziren hainbat espaziotan, argiztapen eta giro desberdinak erabilita, eta denek batera sortzen zuten bosgarren ingurune bat, bizitzaren osotasuna (Totality of Live). Hirugarren proposamenaren (Cycle of Live) xedea zen lorategi bat sortzea, elkar gurutzatzen ziren gune zirkular moduko batzuen bidez, barrutik kanporantz erabil zitezkeenak.”

Japoniar eta turkiar ikasleek herrialdeen pabilioiak aukeratu zituzten, eta taldean ere lan egin zuten. Japoniarrak lau taldetan banatu ziren: talde batek Thaiko pabilioia diseinatu zuen; bigarrenak, Frantziakoa; hirugarrenak, Espainiakoa, eta laugarrenak, Japoniakoa. Turkiako Izmir Ekonomi Üniversitesiko ikasleek osatutako hiru taldeek beren herrialdeko pabilioia diseinatu zuten.

«Esperientzia errepikatuko nuke, dudarik gabe»

“Talde bakoitza bere kontura aritu zen. Hamabost egunean behin, online konektatzen ziren beren proposamenak aurkeztu eta Japoniako eta Turkiako irakasleen feedbacka jasotzeko. Gainera, nirekin astean bitan lan egiten zuten, eta Japonian nengoela, Chibako Unibertsitatean, nire azken feedbacka jaso zuten.” Alex Mitxelenarentzat esperientzia oso positiboa izan da, “nahiz eta kontuan izan behar den ordutegi aldea, batzuetan handicapa izan daitekeena, hizkuntza desberdinetan aritzeak sortutako eragozpenak, eta japoniarrek asko erabiltzen dutela maketa fisikoa eta horrek zaildu egiten duela pitin bat lana. Izan ere, han badaude, taldean, eta maketa sortzen badute, oso erraza da hari buruzko iruzkinak egitea; aldiz, online, zailagoa da taldean lan egitea beste leku batean dagoen maketa fisiko batekin. Oztopoak oztopo, esperientzia errepikatuko nuke, dudarik gabe”, adierazi du amaitzeko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko irakasleak.