euskaraespañol

Gaurko irudia

2007ko Fisikako Nobel sariduna eta UPV/EHUko ikertzailea

Albert Fert: «Spintronikari esker, elektronika gainditu eta energia gutxiago kontsumituko dugu»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2022/03/10

Albert Fert, 2007ko Fisikako Nobel sariduna eta Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzailea. Argazkia: UPV/EHU

Albert Fert Nobel sariduna 2020an hasi zen UPV/EHUn ikertzaile- eta irakasle-lanetan, ikertzaile agurgarri gisa. Lau artikulu zientifiko argitaratu berri ditu inpaktu handiko aldizkarietan, UPV/EHUko beste ikertzaile batzuekin lankidetzan, eta bi gehiago ditu argitaratzeko bidean. Espainiako unibertsitate batera afiliatutako Fisikako Nobel saridun baten lehen artikuluak dira horiek.

Magnetorresistentzia erraldoiaren asmatzaileetako bat da Albert Fert (Carcassone, 1938), 2007an Fisikako Nobel saria eskuratu zuena. Disko gogorren teknologia irauli zuen efektu fisikoa da, zeinak ikaragarri handitzen baitu disko gogorren ahalmena eta spintronika izeneko elektronika-mota berria garatzeko aukera ematen baitu. Argitaratu berri dituen eta kaleratzear dauzkan artikuluek lagunduko dute UPV/EHU oso toki egokian jartzen sailkapenetan.

Bi urte eskas dira Euskal Herriko Unibertsitatera iritsi zinela, eta badirudi ikerketaren makineria martxa betean dagoela...

Bai, lau artikulu argitaratu ditugu, Applied Materials Today, Physical Review etaPhysical Review Materials aldizkarietan, Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Fakultateko Polimero eta Material Aurreratuak Saileko afiliazioarekin. Beste artikulu bat argitaratzeko puntuan dago, CIC nanoGUNEko eta Ikerbasqueko lankideekin 2Dko imanei buruzko review bat; eta beste berrikuspen-artikulu bat prestatzen ari gara Review of Modern Physics aldizkari garrantzitsurako.

Eragin dio pandemiak zure lanari?

Bai, noski. Pandemia-garaian ez da erraza ikasle eta lankideekin egunean eguneko zuzeneko eztabaidak izatea, dena kudeatzen baita Internet bidez. Beraz, urruneko aholkularitza-lana izan da, baina, bistan denez, ez barneko parte-hartzea.

Gainera, pandemia-garaia ona izan da, adibidez, idatzi ditugun berrikuspen-artikuluetan kolaboratzeko. Pentsatzen dut garai hau laster amaituko dela, eta, orduan, lan praktiko gehiago egin ahal izango ditugu ikasleekin.

«Zenbait konpainia handi hasita daude osagai spintroniko berdeak masiboki ekoizten»

Zertan ari zara gaur egun?

Spintronika izeneko elektronika-mota berri batean ari naiz lanean, eta, orain, haren adar berri batean, spin-orbitronikan. Nire ustez, spintronika elektronikatik harago joateko teknologia kuantikoa da, bereziki ordenagailuetako, telefonoetako eta gailu elektroniko askotako energia-kontsumoaren arazoari aurre egiteko, gure planetako energia-arazoetako bat baita. Berez, zenbait konpainia handi (Samsung, Taiwan Semiconductor eta abar) hasita daude osagai spintroniko berdeak masiboki ekoizten. Baina garapen-ahalegin eta inbertsio asko egin behar da horretarako, eta, horrenbestez, konpainia txikiagoek ezin diete erraz jarraitu. Beraz, azken batean, osagai horien, osagai berde esango nieken horien, ekoizpenaren proportzioa pixkanaka baino ez da handituko.

Duela bi urte, esan zenuen hegazkinek airean doazenean baino askoz ere energia gehiago kontsumitzen dutela munduan Informazioaren Teknologiek. Eta ordenagailuen kontsumoa hamar aldiz murrizteko lanean ari zara. Beraz, zer behar da mikroprozesadoreen belaunaldi berri hori lortzeko?

Hori ez da zientziaren arazo bat. Zientziak dio spintronika bezalako teknologiekin gaur egungo egoera gainditu dezakegula. Arazoa ekonomikoa da. Inbertsio handiak egin behar dira industria elektroniko globalaren erabilerak aldatzeko.

Gaur egun, badira Europako zenbait proiektu spintronikara eta beste teknologia kuantiko batzuetara bideratuak. Dena da kuantikoa nanoeskalan.

«Lankidetza da gakoa zientzian. Hobe da zenbait lankidetza izatea»

Euskal Herriko Unibertsitatean sartu zinen, baina DIPC eta CIC nanoGUNErekin lankidetzan ere aritzen zara. Badirudi lankidetza dela gakoa, ezta?

Gakoa da, bai. Jakina, hobe da zenbait lankidetza izatea. Lankidetzan aritzen naiz Unibertsitate honetako zenbait laborategirekin; etorkizun handiko proiektu teoriko bat daukat DIPCrekin, eta lankidetza esperimental bat nanoGUNErekin. Gainera, Polimero eta Material Aurreratuak Saileko Julián Gonzalezi esker, lankidetza bat daukagu CAFekin, trenbideetan zenbait gauza detektatzeko gailu spintroniko batzuk erabiltzearen inguruan.