Naiara Berasategui Sancho eta Israel Alonso Saéz
Ikastetxera oinez eta lagunekin joan behar da
Didaktika eta Eskola Antolakuntza Saileko irakasleak
- Cathedra
Lehenengo argitaratze data: 2021/06/14
Artikulu honen jatorrizko bertsioa The Conversation argitalpenean aurki daiteke.
Ezagutzen dugun mundua edozein unetan alda daitekeela frogatu du COVID-19ak. Ziurgabetasun ekonomiko, politiko eta sozialak eragindako estresak baliteke pentsaraztea etorkizuna –hurbila eta sinplea izanik ere– planifikatzea ezinezkoa dela. Egoera horiek segurtasunik ezaren sentipen gero eta handiagoa larriagotzea baino ez diete ekarri pertsona askori.
Ziurgabetasun garaiak badira ere, umeek hazten eta garatzen jarraitu behar dute. Haurrek beren beharrak eta gaitasunak dituzte oraindik, eta horiei erantzun beharra dago: sozializatzea, beren autonomia zein mugitzeko gaitasuna garatzea, ingurunea ezagutzea...
Zenbait ikerketak nabarmentzen dute ikastetxera modu aktibo batez joateak (oinez, bizikletaz edo patinez) onurak dituela adingabeen ongizate osoan; alderdi fisikoetan ez ezik, baita alderdi sozial, emozional edo akademikoetan ere.
Ildo horretatik, Granadako Unibertsitateko ikertzaileek egiaztatu dute eskolara era horretan joateak haurren autoestimua, autonomia eta osasun indibiduala hobetzen dituela.
Baina, zergatik da oraindik garrantzitsua, pandemia gorabehera, ikastetxera oinez lagunekin joatea? COVID-19ak aldaketa ugari ekarri ditu arlo sozialera, eta aldaketa horiek zuzenean eragin dute eta eragiten dute umeen bizitzan. Hala mugikortasunari nola harremanei muga batzuk ezarri zaizkie krisi sanitarioa kontrolatzeko.
Proiektuak, geldirik
Beste neurri batzuen artean, normaltasun berriak geldiarazi egin ditu abian zeuden zenbait proiektu, zeinek adingabeen bizi kalitatea eta ongizatea hobetzen dituzten. Proiektu horien artean dago Eskola Bideak izeneko proiektua.
Iduri dezake neska edo mutil bat ikastetxera beste ume batzuekin batera, haien urratsak zaintzen dituen heldurik gabe, joateak ez dakarrela aldaketarik, baina egiten duen urrats bakoitzeko, mutil horrek, neska horrek, ingurunea ezagutzen du, ikasten du, hazten da... Egunero dabilen bide horrek laguntzen dio bere buruaz segurtasun handiagoa izaten, erantzunkide izaten, zenbait helduk haiengan konfiantza dutela ohartzen, bai eta berdinkideen arteko hurbiltasuneko eta elkarri laguntzeko harremanak eraikitzen. Azken batean, bere autonomia eta interakzioak mailaka garatzen laguntzen dio.
Gutxienekoen mapa
Horretarako, Haurren Hirien Sareak mapa bat –gutxieneko batzuk eta ekintza batzuk– egin du egoera zehatz bakoitzari erantzuten edo balizko ibilbide bat irudikatzen lagundu nahian.
Eskolara Lagunekin haurrek hirian mugitzeko duten autonomia sustatuz, udalek espazio komuna eta gure harreman zein mugikortasun ohiturak eraldatzeko egiten duten apustua da.
Etxetik ikastetxerako bidea heldu baten laguntzarik gabe ibilitako eremu bihurtzen da. Horretarako, inguruneak eraldatzeak eta komunitatea inplikatzeak –saltegietako pertsonak, adibidez– ibilaldi horiek seguruak izatea dakarte.
Zer lortzen da ikastetxerako bidean?
Kezkez haratago, haurren autonomia komunitate osasunean eta gure herri eta hirien garapenean oinarrituta berreskuratzeko konpromisoan bat egiten dugu hainbat erakunde eta pertsonak, eta horregatik, agiri bat idatzi dugu, jakin baitakigu, gaur egun, pandemiaren testuinguruan, inoiz baino zentzu handiagoa duela ikastetxera oinez adiskideekin joateak.
Gaur egun ere bada beharrezkoa era horretako estrategiak eta proiektuak –Eskola Bideak, kasu– bultzatzen jarraitzea, haurren autonomia sustatzeko eta, besteak beste, honako alderdi hauek bultzatzeko:
- Jarduera fisikoa egitea eta joan-etorri aktiboak.
- Auzoak, herriak eta hiriak ikusi eta ezagutzea.
- Sareak indartzea eta aliantzak ehuntzea.
- Erkidegoari balioa ematea.
- Harremanak eta eremuak eraldatzea.
- Estrategia berriak diseinatzen laguntzea.
- Familia kontziliazioa lortzea.
Horregatik guztiagatik, COVID-19 Osasun Komunitarioaren Behatokiak eginiko agiriak adierazten duen bezala (COVID 19: Una respuesta comunitaria para una pandemia social), estrategia sanitario bat edukitzeaz gain, garrantzitsua da, halaber, gizarte osoa barne hartzen duten esku-hartzeak ere garatzea, pandemiarekin bizitzen ikas dezagun.
Pertsonarik kalteberenak babesteko era berriak diseinatu behar dira, haurren eta gazteen hezkuntza eta gizarte garapena bultzatzeko, bai eta bizi kalitatea, gizarte interakzioa eta zainketa pertsonalak hobetzeko ere.