euskaraespañol

Ekonomialaria

Aitor Marcos Díaz: «Nor gara gu naturari prezio bat jartzeko?»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2024/01/11

Aitor Marcos Díaz

EHU-ekinean ataleko hamargarren emanaldira heldu gara. Sail horretan, zientzialariaren estereotipoak betetzen ez dituzten ikertzaileei egindako elkarrizketaren audioa eta idatzizko laburpena kaleratzen ditugu hilean behin. Gaur kontsumo jasangarriari buruzko aditu. Gaurko protagonista, Aitor Marcos Diaz, Finantza eta Aseguruetan graduatua, kontsumo jasangarriari buruzko doktorego tesia burutzen ari da.

EHU-ekinean 10. podcasta: Aitor Marcos Díaz.

Aitor Marcos Díazek ibilbide bihurgunetsua egin du finantzak ikasten hasi zenetik, ekonomia ekologikoa ikertzera. Aitortu duenez, hasieran, ez zuen garbi zer bide hartu. Betitik izan ditu gogoko ekonomia, politika, antropologia, eta inguruan dauden gizarte zientzia guztiak. Hala ere, lana errazago topatuko zuelakoan, Finantza eta Aseguruetako gradua ikasi zuen. Orain, berriz, kontsumo jasangarrian egiten ari da doktoregoa. 

Bidean, pausoetako bat Erasmus bekarekin Alemaniara joan zenean eman zuen, graduaren 4. mailan, han ezagutu baitzuen Portaeraren ekonomiaren arloa: "Ekonomiaren eta psikologiaren gaiak nahasten ditu, eta nire interesa piztu zuen. Portaeraren arlo hori jada nire ikerketan barneratuta daukat. Jasangarritasunarena beranduago etorri zen".

Zehazki, bi urte geroago, AEBn lanean zela, Enpresa Zuzenbidea masterra egin ondoren. "Naomi Kleinen This Changes Everything: Capitalism vs the Climate (Honek dena aldatzen du: kapitalismoa vs klima) liburua irakurri nuen, eta sortu zitzaidan interesa, berriro ere norbanakoen portaeraz, baina, oraingoan, krisi edo larrialdi ekologikoaren testuinguruan. Liburuan Kleinek dio gaur egungo ekonomiak eta ekosistemak ezin direla modu berean bizi. 2019a zen, bereziki eragin zidan, aktibismo klimatikoak kaleak hartu baitzituen".

Elementu horiekin guztiekin, erabaki zuen beste norabide bat ematea bere ibilbide profesionalari, eta krisi klimatikoa eta erabaki ekonomikoak integratzen zituen ikerketa bat hastea, edo, behintzat, profesionalki horretara bideratzea. "Niretzako errazena izan zen lana utzi, Euskal Herrira bueltatu, eta doktorego bat hastea hemen. Orain, hiru urte beranduago, egiten dudana da erabaki ekonomikoen inguruko ikerketa bat, larrialdi klimatikoaren testuinguruan, eta zehazki nire tesiak pare bat tresna politiko aztertzen ditu, eta nire artikulu zientifiko nagusia da karbono dioxidoaren gaineko zergen efektua aztertzea eta frogatzea, jendearen erabakiak inperfektuak direnez, ez duela guztiz ondo funtzionatzen".

Izan ere, karbono dioxidoaren zergaren helburua da, asko kutsatzen duten produktuak eta zerbitzuak garestiagoak bilakatzen dituenez, jendea bultzatzea merkeagoak erostera, horrela, bide batez, jasangarrienak ere erosiko ditu. Marcosek, ordea, frogatu du produktuan karbono-tasa agertzeak ez duela balio erosleak uxatzeko; alderantziz, erosleari lizentzia morala pizten baitzaio, eta gehiago erostera jotzen baitu.

Ekonomia neoklasikotik ekonomia ekologikora

Marcosek dioenez, gustura dago hartu duen norabidearekin, baina gehiago sakondu nahiko luke ekonomia ekologikoan. "Kontuan izan behar da ekonomia beti izan dela oso monolitikoa. Eta AEBtik bueltatuta, unibertsitateko Ekonomia sailera joan nintzenean esaten krisi klimatikoaren inguruan egin nahi nuela ikerketa, ingurumen-ekonomiaren arloan sartu ninduten. Baina ingurumen-ekonomia eta ekonomia ekologikoa ez dira gauza bera".

Argi azaldu ditu bataren eta bestearen diferentziak: "Lehenean, ingurumena eta ekonomia parean daude; jarduera ekonomikoaren kostu sozialak eta ingurumenekoak merkatuaren ikuspegitik hartzen dira. Hau da, naturaren balorizazio bat egiten da, merkatuen terminoetan. Eta nor gara gu naturari prezio bat jartzeko? Ekonomia ekologikoak natura jartzen du denaren gainetik, eta ekonomia azpisistema bat da. Haren kritika nagusia da hazkunde ekonomiko infinitua ez dela zentzuzkoa, baliabide material finitudun planeta batean".

Hala, ekonomia ekologikoak zalantzan jartzen du barne produktu gordina maximizatzea dela ekonomiaren helburu nagusia. Hori baztertu, eta erdigunera ekartzen du ongizatea, planetarena eta izaki bizidunena. Hori oso erakargarria eta desiragarriagoa da, eta gehiago motibatzen nau, eta nire moduan, jende pila bat. Aurkitu nuenean, ez nekien zenbateraino zegoen egituratua, baina nik uste nuena baino askoz hobeto dago landuta. Nik tesia egiten ari naizela ezagutu dut, baina, nire ustez, unibertsitateko lehen mailatik jakinarazi beharko lirateke zer eredu dauden: ekonomia neoklasikoa ez ezik, ekonomia marxista, ekonomia feminista, ekonomia ekologikoa, eta bestelakoak".

Ohartzen da, hori bai, hartu duen norabidea bere metodologietatik oso urrun dagoela. Izan ere, berak erabaki eta jokabide pertsonalak aztertzen ditu, hau da, ikuspegi mikroarekin egiten du lan, eta ekonomia ekologikoaren ikuspegia, berriz, oso makroa da. "Ez dakit ze punturaino ahal dudan gai makro bat ikertu. Baina hori da nire etorkizuneko erronka bat".

Arrisku bat ere ikusten du: norbanakoaren jokabideetan arreta osoa jartzeak ekar dezake atentzioa desbideratzea arazo sistemikoetatik. "Jendearen zentratzen bagara, ondoriozta daiteke jendearen eskuetan dagoela krisi klimatikoa konpontzea, eta hori ez da guztiz horrela. Azkenean, kontsumitzaileak testuinguru jakin batean hartzen ditu erabakiak, eta ez dira gai egiturazko faktoreak kontrolatzeko". Horregatik, uste du norbanakoen jokabideak ikertzean komeni dela tarteka zoom out egitea eta ikuspegi zabalago batekin begiratzea, aldaketa sistemikoak baztertu gabe.

Ikertzaileari buruz

Aitor Marcos Díaz 1994an jaio zen, Bermeon. Finantza eta Aseguruetako gradua eta enpresa zuzendaritzan masterra lortu zituen EHUn. Bi urtez berrikuntza-aholkularitza lanetan ibili ostean, EHUra bueltatu zen 2020an doktorego-ikasketak egiteko Patrick Hartmann eta José M. Barrutia doktoreen zuzendaritzapean. Kontsumo jasangarriaren inguruko gaiak ikertzen ditu, portaeraren ekonomia, ekonomia ekologikoa eta marketing-aren ikuspegiak integratuz.

 

EHU-ekinean ataleko podcasta Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko errektoreordetzaren ekimena da.
Artikulu hau lehendabizi Zientzia kaiera webgunean argitaratu da.
Testuaren egilea: Ana Galarraga / Elhuyar Zientzia (CC-BY-SA-3.0).


Honen harira