euskaraespañol

Eguneko irudia

Afrikako eremu errea uste zena baino askoz handiagoa da

UPV/EHUk parte hartu duen ikerketak datu berriak eman ditu sute txikiei buruz eta haiek berotegi efektuko gasen emisioan duten eraginari buruz

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2021/03/02

Sabanak su hartzea Mozambiken. Argazkia: Tom Eames.

Espainiako eta Herbehereetako ikertzaile talde baten arabera, Afrikan suteek kaltetutako eremua uste zena baino % 80 gehiago da. Afrikan dagoenez erretako eremurik handiena mundu mailan, aurkikuntza berri horrek ondorio larriak ditu atmosferara igortzen den karbono globalari dagokionez. AEBetako Zientzien Akademia Nazionalaren aktetan argitaratu dira emaitzak.

Suteak hedabideetan agertu ohi dira gizakien kokalekuetatik gertu dauden basoak erretzen direnean, baina eremurik handienak sabana tropikaletan erretzen dira urtero, izan ere, leku horietan ekosistemaren berezko alderdi bat dira suteak. Ekosistema horietan erretzen den azalera Europar Batasunaren tamainaren baliokidea da, gutxi gorabehera. Orain arte, nahiko pixel handiak dituzten satelite datuetan oinarritu da erretako eremuaren eskala handiko ebaluazioa. Eta, suteak detektatzeko, irudiko pixel oso batek agertu behar du suak hartua.

‘African burned area and fire carbon emissions are strongly impacted by small fires undetected by coarse resolution satellite data’ artikuluan (PNAS aldizkari zientifikoak argitaratua, AEBetako Zientzien Akademia Nazionalaren argitalpen ofiziala), Alcaláko Unibertsitateko Rubén Ramo eta Emilio Chuvieco ikertzaileek eta Euskal Herriko Unibertsitateko Ekhi Roteta eta Aitor Bastarrika ikertzaileek Sentinel-2 satelite europarrak emandako eremu erreei buruzko datuak bildu eta bereizmen txikiagoko ohiko datuekin alderatu dituzte.

Satelite horren irudien bereizmena askoz ere finagoa da gertatutako suteen kalkuluak egiteko: 20 bider 20 metroko bereizmena, aurretik erabilitako produktu globalen 500 bider 500 metroko bereizmenaren aldean. Aurkikuntza batek ikertzaile horiek harritu zituen: sute nahiko txikiek, bereizmen txikiagoko datuetan detektatzen ez direnek, ia sute handiagoek adinako eragina dute erretako eremu guztia kontuan hartzean. Bestela esanda, sute txikiak uste baino askoz garrantzitsuagoak dira.

Bestalde, Dave van Wees eta Guido van der Werf Amsterdamgo Vrije Unibertsitateko ikertzaileek sute horien karbono emisioak kalkulatu zituzten, eta ikusi zuten emisio gehigarri horiek handiagoak zirela Hego Amerikako suteek eragindako emisio guztiak baino. Gaur egun, kalkulatzen da erregai fosilen munduko emisioen % 13 direla Afrikako sute guztien emisioak. Hala ere, sabanako sute horien CO2 emisioak kaltetutako eremuko landaredia handitzearekin konpentsatzen direnez, erretako eremua handitzearen kalkulu hori ez da zuzenean gehitzen atmosferan metatutako CO2 kantitatean, erregai fosilen kasuan ez bezala. Nolanahi ere, suteek beste berotegi efektuko gas batzuen ekarpena handitzen dute, hala nola metanoarena (CH4) eta oxido nitrosoarena (N2O).

Horrenbestez, sute txikiek berebiziko garrantzia dute mundu mailako agente asaldatzailerik garrantzitsuenaren ezaugarriak zehazteko garaian; izan ere, Saharaz hegoaldeko Afrikako faktore kritiko hori ez da detektatu orain arte bereizmen txikiko satelite irudiak erabilita. Ondoriozta daiteke Afrikako sute txikiak aurrez uste zena baino bi bider handiagoak direla eta biomasa hori erretzeak berotegi efektuko gasen eta aerosolen karga globalak handitzen laguntzen duela neurri handi batean.

Ikerketa hori Europako Espazio Agentziaren FireCCI proiektuaren esparruan garatu zen. Proiektu horren helburua da epe luzeko datu multzoen produktuak sortzea, klima aldaketa ebaluatzeko.

Erreferentzia bibliografikoa