euskaraespañol

Datuak Babesteko Espainiako Bulegoak UPV/EHUren master bat aintzatetsi du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2023/06/23

Irudia

Datu Pertsonalen Babeseko masterra gainditzen duten ikasleek datuen babeseko ordezkariaren ziurtagiria eskuratu ahalko dute. Beste bi unibertsitatek baino ez dute Datuak Babesteko Espainiako Bulegoak UPV/EHUri eman dion aintzatespena.

Datuak Babesteko Espainiako Bulegoak Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen  'Datu Pertsonalen Babesa, Zibersegurtasuna eta IKTeen Zuzenbidea' Etengabeko Prestakuntzako Masterra aintzatetsi du. Hori horrela, hura gainditzen duten ikasle guztiek datuen babeseko ordezkariaren ziurtagiria eskuratu ahalko dute.

Datuak Babesteko Espainiako Bulegoaren ziurtagiri hori lortzeko, ebaluazio prozesu bat gainditu behar da eta, horren aurretik, esperientzia profesionala izan behar da datuen babeseko ordezkariaren eginkizunekin lotutako jardueretan, edo, halakorik ezean, prestakuntza erakundeek –beharrezkoa den aintzatespena izan behar dute– emandako aurretiazko prestakuntza izan behar da.

Datuak Babesteko Espainiako Bulegoak zuzenean aintzatetsi du UPV/EHUren prestakuntza programa. Beste bi unibertsitaterena ere aintzatetsi du aurrez: Carlos III Unibertsitatearena eta Leóngo Unibertsitatearena, hain zuzen. Aintzatespen horri esker, masterra gainditzen duten ikasleak datuen babeseko ordezkariaren ziurtagiria lortzeko ebaluazio probetara aurkeztu ahal izango dira. 2019tik masterra egin duten ikasle guztiek dute aukera hori.

Datuen babeseko ordezkaria Datu Pertsonalen Babeseko Europako Erregelamenduaren (2016) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoaren bidez pribatutasunaren eta datu pertsonalen babesaren arloan protagonismo garrantzitsua lortu duen profesionala da, eta nahitaezkoa da kasu jakin batzuetan hura izendatzea.

Euskal Herriko Unibertsitateko etengabeko prestakuntzako master horrek 60 kreditu ditu, 2019-2020 ikasturtetik eskaintzen da eta, ordutik, bi edizio izan ditu. Formatua erabat online da, eta Datuak Babesteko Espainiako Bulegoaren datuen babeseko ordezkariaren eskemaren arabera eskatzen diren 180 prestakuntza orduak baino askoz ere eduki zabalagoa ematen du. Bi edizioetan matrikulatutako ikasleek borondatezko praktikak egin ahal izan dituzte erakunde publikoetan eta bulego espezializatuetan.

Masterreko irakasleak unibertsitateko esparru akademikokoak dira, baina, batez ere, arlo horretan esperientzia egiaztatua duten profesionalak dira (abokatuak, aholkulariak, epaileak, datuen babeseko ordezkariak, Datuak Babesteko Euskal Bulegoko abokatuak, auditoreak, etab.). Masterrean parte hartzen duten irakasle guztiek datuen babesari buruzko beharrezko esperientzia edo ezagutza izan behar dute, Datuak Babesteko Espainiako Bulegoak prestakuntza programa aintzatetsi dezan.