euskaraespañol

Eguneko irudia

UPV/EHUko errektorea

Nekane Balluerka: “Balio etikorik gabe, porrot egiten du produktiboa izan nahi duen proiektu orok”

Gaur UPV/EHUren 2019-2020 ikasturtearen hasierako ekitaldia egin da Arabako Campuseko Letren Fakultatean

Lehenengo argitaratze data: 2019/09/11

Proiektuen eta erakundeen garapenak behar duen portaera etikoaren aldeko apustu irmoa izan da Nekane Balluerka UPV/EHUko errektorearen mezu garrantzitsuenetakoa gaur Arabako Campuseko Letren Fakultatean egin den ikasturtearen hasierako ekitaldian. “Baliorik ezean ez dago produktibitaterik” adierazi du, “edo beste hitz batzuekin esateko, produktibitate ekonomiko onenak balio etikoak barne hartzen ditu, balio horiek gabe epe erdira porrot egingo duelako produktiboa izan nahi duen proiektu orok”. Etikaren eta produktibitatearen arteko aliantzaren defentsa hori UPV/EHUren oinarrietako bat da, gizarte balioekin engaiatuta dagoen unibertsitate publiko gisa.

Ekitaldian izan dira, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia, eta Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua, Eusko Jaurlaritzako beste kide batzuekin batera, eta baita Gorka Urtaran Vitoria-Gasteizeko alkatea, Juan Luis Ibarra Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko presidentea, eta Manuel Lezertua aratekoa ere. Gainera, mundu akademikoko, gizarteko eta euskal alderdi politikoetako ordezkaritza zabala ere izan da ekitaldian.

Pedro Iriondo irakasle eta Unibertsitateko idazkari nagusiaren hitzen ondotik (2018-2019 ikasturteko memoria aurkeztu du), Xabier Etxaniz Hezkuntza eta Kirol Fakultateko haur literaturako irakasleak hartu du hitza, ‘Herri ipuinak gaurko gizartean’ izeneko ikasturte hasierako hitzaldia emateko. Hitzaldian, ipuin tradizionalen bilakaera aztertu du, nola aldatu eta egokitu diren garaian garaiko ohituretara, haurrentzako istorio bihurtu arte. “Gaurtik ikusita, herri ipuinen balioa eta presentzia nabarmendu behar dira, baina baita haien irakurketa kritikoa egiteko beharra ere, gizarte bidezkoago bat sortzeko, desorekarik, aurreiritzirik, diskriminaziorik eta abusurik gabekoa”, zehaztu du.

 

Desafio berriak

Bere aldetik, Nekane Balluerka errektoreak, bere hitzaldiaren hasieran, hizpide hartu du UPV/EHUren 2018-2021 Plan Estrategikoa, eta plan horri eman zaion bultzada Eusko Jaurlaritzaren Unibertsitate Planari esker. Ondoren, UPV/EHUk ikasturte honetan dituen desafio nagusiak aipatu ditu. Zehazki, eraginkortasuna eta jokabide etikoa harmonizatzeko beharra nabarmendu du: “etengabeko dialektika bizi dugu produktibitatearen eta gizarte erantzukizunaren artean”, eta adibide gisa aipatu ditu emakumea goi mailako ikerketara heltzeak izan dituen ondorioak: “herritarren % 50a ikerketatik kanpo uztea, errentagarritasunaren ikuspegitik, izan zitekeena baino ikerketa okerragoa egitea zen. Balioak ez dira oztopo produktibitatearentzat, aliaturik onenak baizik”.

Errektoreak irakaskuntza ireki baten beharra nabarmendu du, aintzat hartuko dituena diziplina guztiak: “Jakintzaren ikuspegi integratuak belaunaldi berriak trebatzen ditu gero eta konplexuagoa, zehaztugabeagoa eta aldakorragoa den mundu batean bizitzeko, non oso garrantzitsuak izango baitira porrotak eta esperientziak ematen dizkiguten malgutasuna, egokitzeko gaitasuna, adimen emozionala eta jakinduria pertsonala”. Gainera, errektoreak adierazi du unibertsitate autonomiak ez duela esan nahi unibertsitateak bolizko dorre batean gordeta egon behar duenik, gizartearen eta erakundeen aurrean duen erantzukizuna handitzea baizik, eta baieztapen bikoitz bat egin du amaitzeko, nazioarteko proiekzioari eta bertako kulturari leial izateari loturikoa: “Dialektika emankor bat dago Euskal Herriko Unibertsitatearen izaera bitariko horretan, gure logotipoan dauden hitzek sinbolizatzen dutena. Soilik bere izatetik jar daiteke herri bat edo kultura bat harremanetan beste herri eta kultura batzuekin. UPV/EHUk bere gain hartzen du erronka bikoitz hori: bere sustraiekiko leial izatea eta bere adarrak munduan barrena zabaltzea”.

 

Eskaintza akademikoa

2019-2020 ikasturtean, UPV/EHUk 97 gradu eskainiko ditu, hiru campusetan; besteak beste, bost gradu bikoitz berri. Guztira, 34.000 ikaslek egingo dituzte graduko ikasketak, eta horietatik 2.096k lauhileko bat egingo dute gutxienez mundu osoko unibertsitateren batean. Horretarako, UPV/EHUk 1.500 hitzarmen baino gehiago ditu bost kontinenteetako 51 herrialdetako unibertsitateekin. Bestetik, UPV/EHUk 12.000 praktika eskaintzen dizkie ikasturtero bere ikasleei, enpresetan, erakundeetan eta beste hainbat antolakuntzatan, eta horrek esan nahi du ikasle guztiek egin ditzaketela kanpoko praktikak.

Graduondokoei dagokienez, ikasturte berri honetan 99 master eskainiko dira. Horietatik 11 lanbide arautu batera bideratuta daude; 6 (iaz baino hiru gehiago) Erasmus Mundus master bateratuak dira (hots, Europako Batzordeak deialdi oso lehiakor batean hautatutako programei ematen dien bikaintasun zigilua dute); 3 prestakuntza dualean eskaintzen dira; eta 6 Latinoamerikako unibertsitateetan ematen dira osoki, Graduondokoen Latinoamerikako Sarearen bidez. Master ofizialen multzo osoak 3.650 plaza eskaintzen ditu guztira, eta matrikula zabalik dago jada.

Gainera, ikasturte honetan, UPV/EHUk berezko 57 master eta graduondoko eskainiko ditu: 13 lehen aldiz emango dira eta 19, egitura modularren bidez, hobeto egokitzeko bai ingurunearen formakuntza beharretara bai ikasleriaren prestasunera. Egitura modularrak aukera ematen du kreditu gutxiagoko formakuntza programak batzeko, maila goreneko titulazioa eskuratzeko behar direnak lortu arte.

Irakaskuntza eta ikerketa azpiegiturei dagokienez, urrats handiak egingo dituzte Bilbon egitekoa den Medikuntza eta Erizaintza Fakultate berriak eta Basurtuko Unibertsitate Ospitaleak. Datorren urrian, lizitatzaileetako bati adjudikatuko zaio proiektua egiteko ardura, eta espero da lanak 2020ko udazkenean hastea. Fakultate berriak 32.000 metro koadroko azalera eraikia izango du eta inbertsioa 52 milioi eurotik gorakoa izango da. Eraikin berrian, Medikuntza, Fisioterapia eta Erizaintzako graduak ez ezik, Osasun Zientzietako 7 master ofizial ere emango dira. Azpiegitura berriak 2024-2025 ikasturtean zabalduko ditu ateak.