Parkinsonen gaixotasunaren aldaera arruntenean garuneko zeluletan gertatzen den atrofia ezaugarritu du UPV/EHUren ikerketa batek
Paula Ramos González, Achucarro Basque Center for Neuroscience zentroko ikertzaileak bere tesiaren emaitzak argitaratu ditu Nature argitaletxearen npj Parkinson’s Disease aldizkarian
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2021/04/26
Achucarro Basque Center for Neuroscience zentroko Paula Ramos González ikertzaileak Parkinsonen gaixotasunaren aldaera genetiko arruntenaren ondorioz garuneko zeluletan, astrozito deritzenetan, gertatzen den atrofia identifikatu du. Tesiaren emaitzak urrats garrantzitsua dira disfuntzio horiek arinduko dituzten terapiak bilatzeko eta gaixotasuna zuzendu edo arintzeko mekanismoak garatzeko.
Zelula birprogramazioaren teknikari esker, zelula natural berriak sor daitezke emaile osasuntsu edo gaixoen larruazaleko biopsietatik abiatuta. Horiek zenbait gaixotasunen sorkuntza eta garapena ikertzeko balio dute, hala nola Parkinsonen gaixotasunarena, zeina gaixotasun neurologiko nagusietako bat den.
Astrozitoak dira nerbio sistema zentraleko zelula ugarienak, garunean daude, eta zeregin erabakigarria dute garunaren osasunean, behar bezala funtzionatzen dutenean, eta zeregin garrantzitsua dute, halaber, gaixotasun neurologikoetan. Azken urteetako ikerketen bidetik, baliteke astrozitoen funtzionamendu okerrak eragina izatea Parkinsonen gaixotasunean gertatzen den kaltean.
Paula Ramos González ikertzailearen doktorego tesiaren esparruan, nazioarteko talde batek astrozitoak sortu ditu emaile osasuntsuetatik eta Parkinsonen gaixotasunean ohikoena den mutazioa duten pazienteetatik abiatuta (mutazioa LRRK2 genean dago).
Lan horrekin, ikusi da LRRK2 mutazioa duten pazienteetatik lortutako astrozitoek atrofia morfologiko handia eta disfuntzio metabolikoa dutela, eta horrek iradoki dezake urritasuna dutela neuronentzat duten euskarri funtzionamenduan. Aurkikuntza horretatik abiatuta, hurrengo urratsa «garun organoideak» sortzea izango da, pazienteen zeluletatik bertatik abiatuta. Horri esker, disfuntzio horien efektuak arintzeko hurbilketa terapeutikoa ikertu ahal izango da eta, horrekin, gaixotasuna hobeto ulertu ahal izango da, baita, idealki, gaixotasuna zuzentzeko edo arintzeko mekanismoak garatu ere.
Lan zientifiko hori EHUk eta ACHUCARRO zentroak Bizkaiko Campusean dituzten laborategietan garatu da osorik, eta Nature argitaletxearen npj Parkinson’s Disease aldizkarian argitaratu da, sarbide irekiarekin, mundu guztian patologia bera ikertzen duten beste ikerketa talde guztientzako ere eskura egon dadin.
Erreferentzia bibliografikoa
- Astrocytic atrophy as a pathological feature of Parkinson’s disease with LRRK2 mutation
- npj Parkinson’s Disease
- DOI: https://doi.org/10.1038/s41531-021-00175-w