euskaraespañol

Eguneko irudia

Abian da ‘Desberdinak gara miokardio-infartuaren aurrean’ kanpaina

Emakumeak Medikuntzan Foroak eta Bizkaiko Medikuen Elkargoak gaixotasunak emakumeengan eta gizonengan dituen antzekotasunak eta desberdintasunak ezagutzera emango dituzte

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/01/24

Emakumeak Medikuntzan Foro.Eskerretik eskumara: Antonia Ángeles Álvarez Díaz, Iker Badiola Echaburu, Lucía Gallego, Marta Macho Stadler, Miren Josune Canduela Pérez, Lourdes Dafonte Pena eta Lurdes Sarría Urigüen.
Eskerretik eskumara: Antonia Ángeles Álvarez Díaz, Iker Badiola Echaburu, Lucía Gallego, Marta Macho Stadler, Miren Josune Canduela Pérez, Lourdes Dafonte Pena eta Lurdes Sarría Urigüen.

Aurten, ‘Desberdinak gara miokardio-infartuaren aurrean’ kanpaina jarri dute abian Emakumeak Medikuntzan Foroak, UPV/EHUko irakasleek osatuak, eta Bizkaiko Medikuen Elkargoak. Urtean zehar hainbat jarduera garatuko dira gaixotasun kardiobaskularrak emakumeengan eta gizonengan dituen desberdintasunak eta antzekotasunak ezagutzera emateko.

Herritarren osasunerako hezkuntza kanpaina horren bitartez, Elkargoak eta Foroak mitoak eta estereotipoak agerian uztea dute helburu, besteren artean, infartua "gizonen kontua" dela edo emakumeen kasuan menopausiatik aurrera gehitzen direla kasuak eusten dioten usteak. “Emakumeekin elkarlanean aritzea da asmoa, haiek eta euren inguruneak jakin dezaten miokardio-infartu bat identifikatzen eta laguntza medikoa eska dezaten lehenbailehen”, ziurtatu du Lucia Gallegok, Emakumeak Medikuntzan Foroko lehendakariak eta UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasleak.

Nahiz eta emakumeek eta gizonek sintoma tipiko berak izan, emakumeengan gaixotasun kardiobaskularra desberdina da alderdi askotan gizonen aldean, eta sintoma desberdinekin garatu daiteke, atipikoak deritzan horiekin, kasu askotan ez emakumeak ez eta arreta ematen dieten medikuak ere kontuan hartzera ohituta ez daudela kontuan hartuta. Tradizioz, sintoma komunak bi sexuetan berezkotzat eta bakartzat hartu izanagatik gertatu da hori. Horregatik, gaixotasun kardiobaskularren detekzio goiztiar bat egiteko eta arrisku faktoreak murrizteko premiaren berri ematea da kanpaina honen asmoa, mundu osoan emakumeen heriotzen lehenengo eragilea direla kontuan hartuta.

Kanpaina 2018. urte osoan zehar aurrera eramango da, eta komunikaziorako material hauek ditu: poster bat euskaraz eta gaztelaniaz eta hiru bideok osatutako sail bat. Gainera, otsailaren 20an jardunaldi bat egingo da, "Medikuntzan genero ikuspegia txertatzen" izenekoa, eta osasuneko profesionalei zuzendua. Bertan, arlo horretan sexu eta genero faktoreak aintzat hartzearen premia izango dute aztergai.

Emakumeak Medikuntzan Foroa (EMF) Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean sortutako erakundea da, osasun zientzietan genero-joerak identifikatzea helburu hartuta. Erakundearen izenak “medikuntzan” aipatzen badu ere, pertsona guztiak eta eremu guztietakoak hartzen ditu, eskubide unibertsala baita osasuna.

Desberdinak gara miokardio infartuaren aurrean