euskaraespañol

Eguneko irudia

55 herrialdetako 320 hautagai Energia Berriztagarriak Itsas Ingurunean Erasmus Mundus Masterrerako

UPV/EHUk eta Europako beste hiru unibertsitatek eskainitako graduondokoak 25 plaza eskaintzen ditu, 12 bekarekin

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/03/28

UPV/EHU eta beste hiru unibertsitateetako ordezkarien arteko bilera gaur goizean Bilboko Ingeniaritza Eskolan
UPV/EHU eta beste hiru unibertsitateetako ordezkarien arteko bilera gaur goizean Bilboko Ingeniaritza Eskolan (Argazkia: Mitxi. UPV/EHU)

Berrogeita hamabost herrialdetako 320 hautagaik baino gehiagok eman dute izena lehenengo Erasmus Mundus REM Masterrean, Energia Berriztagarriak Itsas Ingurunean Erasmus Mundus Masterrean (Renewable Energy in the Marine Environment), zeinetan UPV/EHUk esku hartzen baitu. Horien artetik aterako dira nazioarteko master honen lehenengo promozioko 25 hautatuak. Gaur egingo da 24 pertsona horiek hautatzeko masterra abiarazteko bilera, zenbait hilabete iraun duen aurrehautaketa prozesu luze bat osatu ondoren. Apirilaren 15ean argitaratuko da modu ofizialean hautatutakoen zerrenda. Hautatutako lagun horietatik 12k gastu guztietarako beka oso bat izango dute, graduondokoa egiten den herrialdeetako egonaldiei lotutako gastuak barne.

Lau unibertsitatek emango dute irailean hasiko den masterra. Hona lau unibertsitateok: Eskoziako University of Strathclyde, Norvegiako Norwegian University of Science and Technology (NTNU), Frantziako Nantesko École Centrale eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea.  Bi urteko ikasketak izango dira. Lehenengo lauhilekoa Eskozian emango da, bigarrena UPV/EHUn, zehazki Bilboko Ingeniaritza Eskolan. Hirugarren lauhilekoa Nantesen edo Trondeheim-en (Norvegia) egingo da, hautatutako espezialitatearen arabera. Azken lauhilekoa master amaierako lanak egiten emango dute eta lanok aipatutako lau unibertsitateetan egin ditzakete, horietako edozeinetan edo enpresa pribatuak eta ikerketa zentroak ageri diren proiektuari asoziatutako 35 zentroetan. Masterraren xedea da sakontzea itsas inguruneko energia berriztagarriak ikertzen, energia olatuetatik zuzenean lortzen dutenak edo itsasoan kokatutako parke eolikoetakoak.

Jesús María Blanco masterreko zuzendariak hau dio: “Maila sozialean, energia hauek sustatu egiten dira energia sistema iraunkorrak garatu daitezen lagundu, independentzia energetikoa bultzatu eta klima aldaketaren kontrako borrokaren alde egiten dutelako. Maila teknologikoari dagokionez, itsas inguruneko energia berriztagarriek goi mailako garapen potentzial handia dute, aldi berean sekulako erronka eragin arren. Energia horiek, garatzen diren ingurunea dela-eta, ezaugarri bereziak dituztenez, zientziaren eta teknologiaren hainbat arlotako jakintza aurreratuak ezagutu behar dira, ondorioz, profesional espezializatuak behar dira. Masterraren xedea da, beraz, espezialistak prestatzea erronka teknologiko honi erantzuteko behar diren gaitasunak jaso ditzaten”.

Label Mundus eman zitzaiela jakinarazi zitzaienetik, gaurkoa izango da masterraren koordinazioko kideen aurrez aurreko lehengo bilera. Bilboko Ingeniaritza Eskolan egingo da goizeko 08:00etatik arratsaldeko 17:00etara. Ikasleak hautatu ez ezik, masterraren koordinazio organoa edo Joint Programme Board eratuko dute. Organo horretakoak izango dira unibertsitate bakoitzeko kide bat eta Jesús María Blanco masterraren zuzendaria, UPV/EHUren Bilboko Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Nuklearra eta Jariakinen Mekanika Sailekoa. Bestalde, bilera horretan egongo dira, baita ere, idazkari bat, nazioarteko ordezkari bat eta Europar Batasunaren izenean akta egingo duen visitinig validator bat.