euskaraespañol

Gaurko irudia

Biodibertsitate-galerak ondorio larriak izan ditzake ongi kontserbatutako eremuetako erreketan

23 herrialdetako errekatan ikertzen aritzen den GLoBE lankidetza-sarearen buru da UPV/EHU

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2021/09/02

Ezkerretik eskumara, Javier Pérez, Luz Boyero eta Silvia Monroy. Argazkia: Egoi Markaida. UPV/EHU.

Luz Boyero UPV/EHUko Ikerbasque irakaslea da GLoBE lankidetzazko ikerketa-sarearen buru. Sareak eskala globaleko esperimentuak egiten ditu 6 kontinenteetako herrialdetako goi-ibarreko 40 errekatan. Science Advances eta Nature Communications aldizkari zientifiko entzutetsuetan artikulu bana argitaratu berri du ikerketa-sareak, eta, haien arabera, biodibertsitate-galeraren inpaktua handiagoa da eremu tropikaletan, non legedia ez baita hain murriztailea.

GLoBE nazioarteko ikerketa-sare bat da, eskala globalean ibaietako ekosistemen funtzionamenduaren azterketa aitzindariak egiten dituena, eta gero eta kolaboratzaile gehiago dituena hainbat herrialdetan. Luz Boyero UPV/EHUko Ibaien ekologia taldeko Ikerbasque irakaslea da ikerketa-sare horren sortzaile eta koordinatzailea, eta 50 ikerketa-taldetik gora biltzen ditu sareak: “Guk hipotesi bat planteatu, esperimentu bat diseinatu eta protokolo bat proposatzen diegu sareko kide guztiei. Guztiek protokolo berari jarraitzen diote zehazki, eta, hala, ziurtatzen dugu maila globaleko datuak lortzen ditugula metodologia bera erabiliz”. Hala, sareko kideek aztertzen dute nola eragiten dioten estres-faktoreek, hala nola biodibertsitate-galerak, ibai-ekosistemaren funtzionamenduari.

Mundu osoko 23 herrialdetan gutxi eraldatutako eremuetan dauden goi-ibarretako 40 ibai eta errekatan sareak egin dituen azken ikerketetan —zeinak Science Advances eta Nature Communications zientzia-aldizkari entzutetsuetan argitaratu baitituzte—, lehen aldiz frogatu dute eskala globalean zer erlazio dagoen biodibertsitate-galeraren (bai detritiboro- bai landare-galeraren) eta ekosistemaren funtzionamenduaren (orbelaren eta landare-materiaren deskonposizio-prozesuaren) artean klima-eremu desberdinetan. “Orbelaren deskonposizio-prozesua ekosistemaren egoeraren adierazle ona da, ekosistemak behar bezala funtzionatzen duen edo funtzionamendu on horretatik urruntzen den adierazten baitu”, azaldu du UPV/EHUko Landare Biologia eta Ekologia Saileko ikertzaileak.

Ekosistemetako aldaketa orok eragiten du ondorio bat

Ikerketa horien ondorio nagusietako baten arabera, “dibertsitatea oso garrantzitsua da, eta biodibertsitate-galerak ondorio larriak izan ditzake aldaketarik eragin ez zaien ibaietako ekosistemen funtzionamenduan —dio biodibertsitatean eta ibai-ekosistemen funtzionamenduan aditua den ekologoak—. Ekosistemetan eragiten dugun aldaketa orok du azkenean bere ondorioa: espezieak galdu egiten dira eta horrek ekosistema horien funtzionamendu-prozesuak aldatzen ditu”.

Bestalde, bi ikerlanetan ikusi dutenez, “munduko toki desberdinetan ondorio horiek handiagoak edo txikiagoak dira klima-eremuaren arabera. Eta, dirudienez, ondorio larrienak eremu tropikaletan gertatzen dira, hain zuzen legeria askoz bigunagoak dituzten tokietan (ekosistemei eragin dakizkiekeen aldaketekin, lurzoruaren erabilerekin, pestizidekin, ibaiertzen aldaketarekin eta abarrekin lotutako legeriei dagokienez). Eremu tropikaletan beste toki batzuetan (adibidez, Europan) baino probabilitate handiagoa daukate espezieak galtzeko; izan ere, alderdi horien inguruko legeria zorrotzagoa da Europan”, adierazi du. Nazioarteko ikertzaile-taldeak egiaztatu duenez, “eremu tropikaletan handiagoa da espezie-galeraren inpaktua, eta, gainera, badakigu espezie gehiago galtzen direla habitata askoz gehiago eraldatzen delako”.

Boyerok azpimarratu du zer zaila den horrelako azterketa globalak egitea; izan ere, “logistikoki kolaboratzaile asko behar dira, talde batek ezin baitu mundua zeharkatu esperimentu guztiak egiteko”. Ikertzailea pozik dago ikerketa-sareak egiten duen lanarekin: “Oso garrantzitsua da gai beretan interesa duten ikertzaile asko konektatuta egotea eta ados jartzea planeta mailan gauzak frogatzera iristeko; izan ere, orain ditugun inpaktu okerrenak planeta mailan gertatzen dira, eta garrantzitsua da arazo globalei erantzun globalak ematen saiatzea”. Hala ere, ikertzailea kexu da, “oso zaila baita horrelako proiektuetarako finantziazioa aurkitzea, munduan ez baitago horiek finantzatzen dituen erakunderik. Baina gero eta zabalduagoa dago zer garrantzitsuak diren”, eta esan du kolaboratzaileak bilatzen saiatzen ari direla sareak ikertzaile kide gutxiago dituen Afrikako eta Asiako eremuetan.

Boyeroren taldea dagoeneko protokolo bat prestatzen ari da mikroplastikoen kutsadurari buruzko ikerketa global bat egiteko; “oraindik ez dago guztiz argi ea guk aztertzen ditugun ekosistemetan, ondo kontserbatutako erreka edo ibaietan, mikroplastikoak dauden. Dagoeneko egin dugu esperimenturen bat maila lokalean, laborategiko esperimenturen bat, eta, orain, ikusi nahi dugu ea atmosferan egon daitezkeen mikroplastikoak ekosistema horietara iristen diren eta zer ondorio dituzten”, dio, amaitzeko, Boyerok.

Erreferentzia bibliografikoa

Luz Boyero, et al.

Impacts of detritivore diversity loss on instream decomposition are greatest in the tropics

Nature Communications

DOI: 10.1038/s41467-021-23930-2

Erreferentzia bibliografikoa