euskaraespañol

Silicon Valley-ra joateko beka bat irabazteko lehiaketako fase finalera heldu da Álvaro Paz

UPV/EHUko Medikuntza eta Odontologia Fakultateko lehenengo mailako ikaslea mundu osoko beste bederatzi lagunekin lehiatzen da

Lehenengo argitaratze data: 2014/05/30

Irudia

Álvaro Paz Martín, UPV/EHUko Medikuntza eta Odontologia Fakultateko lehenengo mailako ikaslea, Imagine Creativity Center-ek egiten duen lehiaketaren bukaerako fasera heldu da. 2.000 lagunek parte hartu dute eta amaierara 10 heldu dira bakarrik. Silicon Valley-n (California, AEB) du egoitza Imagine CC enpresak, eta sorkuntza eta ekintzailetza sustatzea du helburu. Lehiaketa horren irabazleak, hain zuzen, Silicon Valleyra joateko beka bat irabaziko du (30.000 dolarretan dago baloratuta), eta 4 ekimen berritzaile eta apurtzailetan parte hartuko du.

Mundua aldatzeko eman beharreko pausuak azaltzen ditu lehiaketan parte hartzeko egindako bideoan Pazek, baita bere biografiako pasarteak ere. Bideo horrekin batera beste bederatzi daude eskegita Facebookeko enpresaren helbidean. "Gustatzen zait" gehien lortzen dituena izango da irabazlea, eta epea ekainaren 2ko goizeko 9:00etan bukatuko da (Kaliforniako orduari dagokionez ekainaren 1).

Facebook sare sozialean 1.500 lagunen sostengua lortu du dagoeneko eta 2.500 bisita izan ditu bideoak Youtuben. Baina ez da nahikoa izango irabazteko, babes gehiago behar izango baitu. Hori dela eta, Imagine Creativity Center-ek Facebooeko estekan sartu eta babesa eman behar da: https://www.facebook.com/imaginecc/posts/711344132255068
Pazek ez du uste ikasten ari den gradua, medikuntza, ekintzaile izatearekin kontraesanean dagoenik: "18 urte bete nituenean Vida para Todos Gobernuz Kanpoko Elkartearekin Beninera (Afrika) joatea pentsatu nuen. 53 egun egon nintzen bertan, 9 eta 12 urteko umeak zeuden barnetegi batean.

Esperientzia aberasgarria izan zen benetan, puxika xalo baten aurrean umeek erakusten zuten ilusioa ez zait inoiz ahaztuko. Itzuleran, medikuntzako  ikasketak hasi nituen. Gainera, lagun batzuekin batera elkarte bat sortu dugu: Amigos de la Fundación Vida para Todos. Horren funtzioa Benineko Gobernuz Kanpoko Elkartearen Europako ordezkaria izatea da".

Silicon Valleyn, "ekintzailetzaren mekan", ikasteko beka lortzen badu edo lortzen ez badu ere, Pazek argi du bere etorkizuna ekintzailetzarekin eta boluntaritzarekin lotuta egongo dela: "Medikuntza bukatzen dudanean zirujaua izatea gustatuko litzaidake, azpigaratutako herrialdeetan gehien lagundu dezakeen espezialitatea dela baiteritzot. Nire beste aukerak pediatria eta ginekologia ere izan daitezke, hirugarren munduan oso beharrezkoak baitira bi horiek ere".