Empleo Gune 2024 egingo dute maiatzaren 9an Europa Jauregian
Gasteizko Enpleguaren Foroan 96 enpresa eta erakundek hartuko dute parte eta 712 enplegu-aukera baino gehiago eskainiko dituzte
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2024/04/22
Europa Kongresu Jauregian egingo dute maiatzaren 9an Vitoria-Gasteizko Enpleguaren Foroa, Empleo Gune. Ekimena Vitoria-Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta Euskal Herriko Unibertsitatearen Arabako campusak sustatu dute eta Enpresa-egituraren eta gasteiztarren arteko topaketarako eta komunikaziorako gune gisa sendotu da.
Jardunaldiak Lanbideren-Euskal Enplegu Zerbitzuaren laguntza jasotzen du eta honako helburu hauek ditu: sektore ekonomiko ugarietako enplegu pribatuko eta publikoko aukerak eta etorkizuneko erronkak aztertzea, Gasteizen hedatzeko bidean dauden enpresek behar dituzten profilak eta enplegu-eskaintzak zabaltzea, eta gaitasunak hobetzera eta enplegua modu aktiboan bilatzen ari direnen informazioa zabaltzera bideratutako jarduerak eskaintzea.
Ekimena aurkezteko ekitaldian izan dira Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren zinegotzia, María Nanclares;Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza, Turismo eta Administrazioko diputatua, Cristina González; eta EHUko Arabako campuseko errektoreordea, Manoli Igartua.
“Gasteizko Enpleguaren Foroa sendotuta dagoen egitasmoa da eta, horren bidez, beren jarduera garatzeko profesionalak behar dituzten hiriko enpresen eta, lanposturik ez dutelako edo lan-aukera bila berriak lortu nahi dituztelako enplegu bila dabiltzan pertsonen arteko harremana sustatzen dugu. Espainia osoan eta bereziki Euskadin aldekoa den (enplegu osotik gertu gaude) koiuntura ekonomiko honen baitan, kalitatea lehenesten duen lan-merkatuaren aldeko apustua egin nahi dugu, adierazi du, Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren zinegotziak, María Nanclaresek.
Bestalde, Cristina Gonzálezek Empleo Guneren moduko bitartekaritza-foroak sustatzeak duen garrantzia azpimarratu du “Arabako enpleguaren bilakakera positiboari jarraipena emateko”. Horrez gain, lanpostua aldatu nahi duten edo lan bila ari diren pertsonak animatu ditu “700 enplegu-aukera baino gehiago biltzen dituen” ekimenean parte hartzera.
Gainera, honako hau ere gehitu nahi izan du: “gainera, kualifikazio maila ezberdinak eskatzen dituzten era askotako sektore ekonomikoetako postuak betetzeko aukerez ari gara: lehen mailako ikasketetatik hasi eta unibertsitateko tituluak edo lanbide-heziketakoak arte”.
Aurtengo edizioko jardueren programa barruan, Manoli Igartuak haietako hiru azpimarratu nahi izan ditu: haien ardatz tematikoa enpleguaren bilaketarekin eta garapen profesionalarekin lotuta adimen artifiziala aplikatzea da. “Aplikazio hori gero eta hedatuago dago eta enplegua bilatzeko eta hautagaitzak aukeratzeko prozesua eraldatzen ari da. Hori dela eta, jarduera horiek oso interesgarriak direla uste dut”, esan du.
Horrez gain, “enplegu-foroaren moduko ekimenek eta jasotako prestakuntza sendoak gure egresatuen lan-munduratzearekin lotutako tasa handiak izatea laguntzen dute”.
Empleo Gune 2024 ekimenean 96 enpresa eta erakundek hartuko dute parte. Haietako 64k stand bidez interesdunei arreta emango diete. 26k webgunean eskaintzak argitaratuko dituzte eta 5 enpresak eta erakunde batek mahai-inguru batean hartuko dute parte.
Laneratzea
Parte-hartzaileek eskainitako 712 enplegu-aukeretakoren bat eskuratu ahal izango dute. Haietako % 37an, unibertsitate-titulazioa beharko da, % 29an lanbide-heziketakoa, % 6k DBHko titulua, profesionaltasun-ziurtagiria edo lehen mailako ikasketak, eta eskaintzen % 28an, aldiz, ez dago gutxieneko titulaziorik ezarrita.
Eskatutako ezagutza arloei dagokienez, eskaintzen % 24 ezagutza industrialekin edo STEAM gaitasunekin lotutako profesionalei zuzenduta daude; % 19 ingeniaritzako prestakuntza dutenei; % 10 administrazioarekin lotutakoei; % 8 informatikakoei; % 5 osasun arlokoei; % 6 beste ezagutza arlo batzuetakoei; eta % 7, aldiz, ezagutza espezifikorik eskatzen ez duten lanpostuetakoak dira.
Egitaraua
Inaugurazioa 09:30ean egingo da eta, ondoren, enpresetako eta erakunde publikoetako standen ateak irekiko dituzte.
Bestalde, 10:00etan, enplegu-bilaketan laguntza emateko puntuko jarduera hasiko da. 20 minutuko saioak izango dira. Bestalde, Pablo Peñalverrek informazio-saio hau eskainiko du: ‘Inteligencia Artificial (IA) y empleo: cómo ser la candidatura ideal’.
10:00etatik 11:00etara, eta 13:30etik 14:30era, ‘Recursos de apoyo al empleo’ orientazio-tailerra antolatu dute, eta egun osoan, gainera, ‘Cómo mejorar mi currículum vitae’ saioan parte hartzeko aukera egongo da. Bi jarduera horiek unibertsitateko tituludunei eta ikasleei zuzenduta daude.
Bestalde, publiko orokorrari zuzenduta, beste bi orientazio-tailer egingo dira: 11:00etan, ‘Claves para la búsqueda de empleo a través de Internet’ izenekoa egingo da, eta 12:30ean, aldiz, ‘IA en la selección de personal: cómo adecuar nuestra búsqueda’.
Egitarauan sartuta dago, bestalde, ‘Oportunidades de empleo en Álava’ mahai-ingurua. Bertan, enpresa hauek hartuko dute parte: Michelin, Carrefour, Eulen, Palet Transport eta Caser. 11:30ean izango da.
Gainera, ordu horretatik 14:30era arte, Pablo Peñalverrek eskainiko duen ‘Explorando caminos con IA: nuevas perspectivas en orientación educativa y profesional’ tailer teknikoa egingo da orientazio arloko profesionalentzat.
Beharrezkoa izango da aurrez izena ematea orientazio-tailerretarako eta orientazio arloko profesionalei zuzendutako jardunaldi teknikorako.
Informazio gehiago: www.empleo-gune.org