euskaraespañol

Gaurko irudia

Graduondokoen eskaintza bultzatzea, nazioartekotzea indartzea eta LOSUra egokitzea izango dira UPV/EHUren 2024ko erronka nagusietako hiru

Iaz, euskal unibertsitate publikoak 109,1 milioi euroko kanpo-sarrerak lortu zituen finantzaketa lehiakorrean eta enpresekin eta erakundeekin egindako kontratuetan, aurreko urtean baino % 8,5 gehiago.

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2023/12/05

Eva Ferreira errektorea Klaustroan egindako hitzaldiaren une batean. | Argazkia: Mitxi. UPV/EHU

Graduondokoen eskaintza behar berrietara egokitzea, nazioartekotze prozesuan aurrera egiten jarraitzea eta Unibertsitate Sistemaren Lege Organiko berrira egokitzea: horiexek izango dira Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) lehentasunetako batzuk 2023-2024 ikasturtean. Halaxe azaldu du Eva Ferreira errektoreak, gaur, Bizkaia Aretoan egin den Klaustroaren bilkuran.  

Unibertsitate organo horren bileran, Kudeaketa Txostena ere aurkeztu du errektoreak; dokumentu horretan bildu dira 2022-2023 ikasturtean egindako jarduera guztiak, eta haien betetze maila aztertu du. Hala, errektoreak gogorarazi du 2022-2023ko Jarduera Programak 200 ekintza zituela, eta horien % 90,5 osatu dela. Aurreikusitako ekintzen % 5 hasita daude dagoeneko, baina ez ziren amaitu joan den ikasturtean, eta oraingoan martxan jarraitzen dute. Gainerakoak, ikasturte honetan ere landuko diren ekintzak dira. 

UPV/EHUren urteko kontuei dagokienez, azpimarratu behar da 2022an diru-sarrera aitortu garbiak 508,25 milioi eurokoak izan zirela. Horrek esan nahi du 18,4M € gehitu direla 2021aren aldean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ematen digun finantzazioa % 4,3 handitu dela, kanpoko baliabideen eraketan % 8,6 igo dela (109M €baino gehiago), eta tasetan % 10 jaitsi dela. Kanpoko baliabideak erakartzeko ahalegina eta gaitasuna frogatuta geratzen dira. 

Datorren urteko Jarduera Programa ere aurkeztu du errektoreak, eta haren lehentasunak aipatu ditu. Aurreratu duenez, martxan jarriko da Logopediako gradu duala, eta Zuzenbide masterra euskaraz. Prestakuntzaren esparruan, Graduondokoen Plana ere jarriko da abian, eta, bertan, datozen lau urteetako estrategia diseinatu eta graduondoko tituluen mapa eratuko da.  

Nazioartekotzearen esparruan, euskal unibertsitate publikoak munduko 500 unibertsitate onenen artean jarraitzen du, Shanghaiko rankingaren arabera; unibertsitateko 167 kide daude Stanfordeko zerrendan, 2022ko 151 kideekin alderatuta (munduko ikertzaile aipatuenen % 2 biltzen ditu zerrenda horrek); mugikortasunari dagokionez, 2.000-ko langa gainditu da; eta, gainera, ENLIGHTeko presidentzia bere gain hartu du unibertsitateak (ikerketako bikaintasuna bereizgarri duten Europako hamar unibertsitateren aliantza da ENLIGHT). 

Bere hitzaldian, Hezkuntza Sistemaren Lege Organikoak ekarriko dituen aldaketa garrantzitsuak ere aipatu ditu errektoreak. Legeak aurrekontu-aurreikuspen berriak egiteko beharra dakar, eta unibertsitate publikoetan Barne Produktu Gordinaren (BPG) % 1eko inbertsioa egiteko aukera ere zehazten du, autonomia-erkidegoekin adostuko dena. Akordio horiek iristen diren bitartean, eta berehalako beharrak argi edukitze aldera, euskal unibertsitate publikoa lege-aldaketa horiek dakartzaten aurrekontu-gehikuntzen azterketa xehatuak egiten ari da, bai eta irakasle laguntzaile doktoreen beharrizanak handitzea edo ikasleen praktiketako gizarte-segurantzako kostuak handitzea ere 

Azpiegituren alorrean, Bilboko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen eraikin berriaren obrak zer egoeratan dauden azaldu du errektoreak. Instalazioak, espaloiak eta errepideak desbideratu ondoren, pantaila hormak hondeatzen hasi dira jada. Bestalde, iragarri du aurki eraikin berri bat planifikatuko dela Gipuzkoako Campusean, fakultate beraren Gipuzkoako sekziorako. Ingeniaritza Eskolako Nautika eraikineko Itsasgunea azpiegitura berriari dagokionez, Portugaleten, obraren % 90 eginda dago jada. 

UPV/EHUk duela gutxi aurkeztu zituen, lehendakariaren aurrean gainera, dagoeneko sortu dituen 44 Unibertsitate-Enpresa-Gizarte Gelak, eta, aurrera begira, enpresa, administrazio publiko eta hirugarren sektoreko erakundeekiko harremana sendotzeko tresna horiek areagotu nahi dira, eta ikergune intentsibo propioak indartu (EHUQuantum, HITZ zentroa, PIE - Plentziako Itsas Estazioa, CFAA - Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroa). 

Unibertsitatearen Plan Estrategikoaren zeharkako beste ardatz nagusietako bat EHUagenda 2030 da, eta berrikusten eta eguneratzen ari dira, helburu eta adierazle berriak txertatu eta sustatzeko asmoz. Besteak beste, Erasmus + ATTUNE (Activate the University for Climate Change) proiektuari ekin diogu, Global Action Planekin eta Siena (Italia), Hildesheim (Alemania), Özyein (Turkia) eta Maria Grzegorzewskako (Polonia) unibertsitateekin lankidetzan. Planet App karbono-aztarna murrizteko bizi-erronka iraunkor gisa erabiltzen ari dira 2.200 pertsona baino gehiago (1.012 tona CO2 baliokide gutxiago) eta 20.000 pertsona baino gehiagok parte hartu dute GJHekin lotutako jardueretan Zientzia Astean, Ikertzaileen Europako Gauean eta Zientzia Irekian. Gainera, jardunbide egokien dekalogo bat sortu da, ingurumenaren aldetik jasangarriak diren ekitaldiak antolatzeko; horrela, unibertsitateak jasangarritasunarekin duen konpromisoa indartu nahi da. Bestalde, ikertalde finkatuak haien lehentasunezko GJHen arabera sailkatuko dira, eta agerian jarriko da helburu horietako bakoitzari egiten dioten ekarpena. Klaustroan, errektoreak nabarmendu du unibertsitate arteko espezialistaren graduondoko berri bat gidatzen ari dela UPV/EHU. “2030 Agendaren eta GJHen integrazio estrategikoa, jarraipena eta komunikazioa” da graduondoko hori, Deustuko Unibertsitateak eta Mondragon Unibertsitateak ere parte hartzen dute bertan, eta Eusko Jaurlaritzaren babesa du. GJHen garapenaren barruan sartzen da, halaber, III. Gizarteratze Plana (2019-2022). Plan horrek 5.000 pertsonari baino gehiagori eman zien arreta, indarrean egon zen lau urteetan, hainbat programaren bidez. 

Errektoreak euskal unibertsitate publikoaren garrantzi akademikoaren, baina baita sozialaren, adierazpen sendo batekin amaitu zuen hitzaldia: "Begi-bistakoa baina oso garrantzitsua den zerbait nabarmendu nahi dut: hau guztia obra kolektibo bat da. Ahalegin partekatu hori gabe, ez litzateke horrelakorik posible izango. Akordio bakoitza, proposamen bakoitza, lantalde batean, batzorde batean, negoziazio-mahai batean, sail batean, zentro batean, ikerketa-talde batean, zerbitzu batean aztertzen da. Bai, unibertsitate handia gara, konplikatua, baina bikaintasun-maila bateraino iritsi gara, lehia-prestigioa, hasieran gutxik amestuko zutena, baina askoz gehiagorako ahalmena duena, gizarte-konfiantza eta -laguntza handiagoa badu. Gure eskuetan dago bide hori marraztea. Egunez egun asfaltatzen ari gara eta gure patua oso garrantzitsua da. Eta, oraingoz, balantzea eskertzeko eta zoriontzeko modukoa dela uste dut ".


Honen harira