euskaraespañol

Eguneko irudia

Kongresua: Medikuntza Tropikalaren eta Nazioarteko Osasuna

Noiz eta non

Noiztik: 2017/10/23 Noiz arte: 2017/10/25, 12:00 - 15:00

Kokapena

Bizkaia Aretoa
Avenida Abandoibarra 3. -48009- Bilbao (Bizkaia)

Deskribapena

Medikuntza Tropikalaren eta Nazioarteko Osasunaren Espainiako Elkarteko X. Kongresua astelehenean, urriak 23, 12:00etan, Bizkaia Aretoanhasiko da. Euskal Herriko Unibertsitateak antolatutako ekitaldiak lelo hau du: ‘Ahaztutako gaixotasun tropikalak (AGT) ezabatzeko bidea, Horizon 2020 programaren barruan'. Kongresua urriaren 25ean amaituko da.

Inaugurazio-ekitaldian hauek hartuko dute parte:

  • Nekane Balluerka, UPV/EHUko errektorea
  • Jorge Alvar Ezquerra, Zientzia Batzordeko burua eta Ahaztuetako Gaixotasunetako Botikak DNDi ekimenaren kidea
  • Maria Dolores Barguez, SEMTSI Medikuntza Tropikalaren eta Nazioarteko Osasunaren Espainiako Elkartearen presidenta

Egitaraua

Ikasleentzat sarrera librea izango da, lekua bete arte.

Kongresua

José Luis Cañadak, SEMTSIko doktoreak, eta Ramón Cisternak, UPV/EHUko katedradunak antolatu dute SEMTSIren X. Kongresua. Hasierako hitzaldia Londresko Imperial Collegeko María Gloria Basañezek emango du (laster British Society for Parasitologyko buru izendatuko dute), "Programas de Administración Masiva de Medicamentos (MDA) en las Enfermedades Tropicales Desatendidas (ETD)" izenburupean.
kongresuaren bigarren egunean, Global Antibiotics Research and Development Partnership (GARDP) taldeko Manica Balasegaramek osoko konferentzia bat egingo du, "Global antibiotics research and development" izenburupean.

Elkarteko presidenteak, Valentziako Unibertsitateko María Dolores Bargues irakasleak, nabarmendu du osasun langile guztiek pobreziarekin estu lotutako gaixotasunok ezabatzeko erronka gainditu behar dutela, Londresko Adierazpena egin zenetik bost urte bete diren honetan (orduan, 2020. urterako 10 gaixotasun desagerrarazteko erronka proposatu zen). Orain, desagerrarazi beharreko gaixotasun ahaztu horien kopurua 20ra areagotu da, Valentziako Unibertsitateko Santiago Mas-Coma irakasleak dioenez. Duela gutxi, Mas-Coma irakasleari Alphonse Laveran domina ospetsua eman diote Parisko Pasteur Institutuan, Medikuntza Tropikalaren alorrean egin duen lanarengatik.

DNDi-ko Jorge Alvar doktoreak, Zientzia Batzordeko buruak, hiru alderdi edo ataletan bereizi du programa zientifikoa. Alde batetik, ahaztutako 10 gaixotasun tropikalak ezabatzeko helburua jorratuko da. Alvar doktoreak dioenez, "gai hauei buruz hitz egiteko, Osasunaren Mundu Erakundeko eta Drugs for Neglected Diseases Initiative (DNDi) mugimenduko lehen mailako adituak izango ditugu gure artean, eta gurekin izango dira, halaber, helburuok lortzeko tresna egokiekin ikertzen diharduten estatuko eta nazioarteko beste organismo batzuetako adituak". Bigarren atala sortzen ari diren gaixotasunei dagokie; gaixotasunok, azaleratzen direnean, izugarrizko alarma pizten dute gizartean. "Gaixotasun hauek eman dizkiguten lezioetatik ikasiko dugu, Europan bertan saihestu ahal izan ditzagun", dio Alvar doktoreak.  Azkenik, hirugarren atalean, mikroorganismo batzuek antimikrobiano askori dioten erresistentzia jorratuko da; erresistentzia horren arazoa mundu osoan ari da gertatzen, eta badirudi ezin dela mugatu. "Gaixotasun hauei aurre egiteko, zenbait tratamendu daude oraingoz, baina tratamenduok eskariaren arabera baino ez dira ekoizten, eta ez dago bermatuta modu jarraituan ekoitziko direnik", Mugarik Gabeko Medikuetako Magriet den Boer holandarrak azalduko digun bezala.

Programan beste gai batzuk ere landuko dira: besteak beste, biriketako infekzio fungikoak (Manchester University & GAFFIko David Denning irakaslea arituko da horiez) eta txertaketa unibertsalaren eta diagnosi bizkorraren protokoloak. Protokolo horiek oraindik ere erronka nagusia dira, batik bat Afrikan, Genevako OMEko Daniel Argaw doktoreak azalduko duen moduan.

Azkenik, bukaerako hitzaldia, "Del Ébola al Zika: lecciones de epidemias recientes de enfermedades tropicales emergentes y perspectivas al nivel europeo", Stockholmeko European Centre for Disease Prevention and Control (ECDC) zentroko Hervé Zellerrek emango du.

Programa zientifiko horrekin batera (nagusiki nazioartekoa izango da), Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko tokiko profesionalek hainbat tailer emango dituzte, lehen mailako arretako medikuei arazo hauen berri emateko.