euskaraespañol

Euskal Herriko Unibertsitatearen adierazpena

Lehenengo argitaratze data: 2017/03/14

Gaur goizeko 10.00 aldera, aurpegi estalia zeraman lagun talde bat pintadak egiten hasi da Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko barrualdean zein kanpoaldean, bai eta Bizkaiko Campuseko Leioa-Erandio guneko beste zenbait eraikinetan ere.

Beranduago 13.15ean fakultate honetako dekanotzan sartu dira eta artefaktu su-eragile bat  jaurti dute barrura. Ke lainoa sortu ostean, eztanda egin du, deflagrazioa eraginez. Dekanotzako langile bat mediku zerbitzuan artatu behar izan dute, leherketak tinpanoa kaltetu baitio. Segurtasun arrazoiak medio, unibertsitateko agintariek dekanotzako gelak hustea agindu dute, eta dozenaka langile ebakuatu dituzte.

Berriz ere, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) errektoretza taldeak indarkeriazko ekintza hau gaitzesten du. Edozein kasutan egingo luke, baina irmotasun eta haserre handiagoz egiten du, erasoaldi hauek gure unibertsitatearen elkarbizitzaren aurka behin eta berriro egiten baitira. Indarkeriaz baliatzen den gutxiengo horrek ez ditu UPV/EHUko ikasleak ezta unibertsitatearen balore etikoak ordezkatzen.

Errektoretza irmo dago behar diren ahalegin guztiak egingo dituela pertsona guztien eskubideak bermatzeko beren eguneroko irakaskuntza, ikerketa eta kudeaketa jardueran. Inork ez dauka unibertsitate bizitza bortizkeriaz asaldatzeko eskubiderik; oraindik gutxiago ondare publikoak hondatzeko; eta oraindik gutxiago ere langileen segurtasun fisikoa arriskuan jartzeko. Langile horiei esker garatzen du unibertsitateak egunez egun bere aktibitatea.

Indarkeriak ez dauka lekurik Euskal Herriko Unibertsitatean. Gertaera horiek indar guztiaz gaitzesten ditugu, eta unibertsitateko kide guztiak deitzen ditugu bihar, asteazkena, martxoak 15, 13:00etan, Leioa-Erandio guneko Mikel Laboa plazan, erasotako fakultatearen aurrean, era publiko eta baketsuan gertaera horien gaitzespen sendoa erakuts dezaten.


Leioa, 2017ko martxoak 14