euskaraespañol

Eguneko irudia

Dieta eta mugikortasuna gure hezurretan eta hortzetan geratzen dira grabatuta

Ikerketa batek geologiaren teknika eta metodo komunak aplikatu ditu Zaragozako arkeologia aztarnategi bateko banakoen elikadura zehazteko

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2017/02/09

Iranzu Laura Guede, geologoa eta ikerlaria. Argazkia: UPV/EHU

UPV/EHUko ikertalde batek egin duen ikerketak Tausteko (Zaragoza) aztarnategi batean aurkitu diren banako islamiarren dieta aztertu eta sexuaren eta adinaren arabera elikaduran dauden ezberdintasunak zehaztu ditu. Lan hau, Iberiar Penintsularen iparraldean Erdi Aroan zuten dietari eta mugikortasunari buruz Iranzu Laura Guede geologoa egiten ari den doktorego tesiaren zati bat da.

Ikerketan geologiaren berezko teknikak aplikatu dira arkeologia edo antropologia bezalako beste diziplina batzuek Tausteko (Zaragoza) arkeologia aztarnategian izan dituzten zalantzei erantzuna emateko. Udalerri horretan egindako indusketa batzuei esker VIII. eta X. mendea bitartean bizi ziren 44 banako islamiarren eskeletoak azaleratu ziren. Aurkikuntza horretatik abiatuta, UPV/EHUko Geologia ataleko Mineralogia eta Petrologia saileko ikertalde batek giza aztarna horien hortzak aztertu ditu, Erdi Aroko komunitate islamiar horren elikadura zehaztu ahal izateko.

Bideoaren transkripzioa

Guede ikertzaileak laser ablazioa erabili du hortzetako analisi zehatzak egiteko. Teknika horren ezaugarrietako bat da laginak ez duela prestaketa handirik behar eta, halaber, ia ez dela erasokorra aztarna fosilekin. Ondorioz, arkeologian oso urriak diren aztarna horiek kontserbatzea ahalbidetzen du, etorkizuneko ikerketetarako babestuz.

Emaitza kimikoek agerian utzi dutenez, alde nabariak daude gizon helduen elikaduraren eta emakume eta gazteen elikaduraren artean. Ikusi ahal izan denez, gizon helduek animali jatorriko proteina gehiago jaten zituzten; emakumeek eta gazteek, aldiz, lekale eta barazki gehiago jaten zituzten.

Ikertalde honek egin dituen azterketek historiagileen, antropologoen eta arkeologoen azterketetan oinarritu eta horiekin alderatu beharra dago. "Zenbakizko datu hutsek ez dute baliorik, baina funtsezkoak dira arkeologoen eta historiagileen hipotesiak eta aurkikuntzak babesteko", nabarmendu du Guederen doktorego tesiaren zuzendarietako bat den Mari Cruz Zuluaga doktoreak.

Horrenbestez, "analisi horiek animali jatorriko proteinaren jatorri zehatza ezagutarazten ez badute ere, idatzizko testuetan eta Erdi Aroko komunitate islamiarraren inguruko antropologia ezagutzan oinarrituta, gehienbat ahuntz eta ardietatik etorriko litzatekeela esan genezake".

Zentzu horretan, ikerketa mota honek "jaten duguna garela" frogatzen du, isotopo egonkorren azterketa metodoak garatzeagatik ezagun egin zen Samuel Epstein (1951) geologoak esan zuen bezalaxe. "Irensten duguna gure gorputzen zati bilakatzen da eta gure gorputzean grabatuta (kasu honetan, hortzetan) geratzen den balio handiko informazioa eskaintzen digu".

Ikerketak dentinan jarri du bere arreta, Iranzu Guede geologoaren iritziz hortzetako esmaltea baino "egokiagoa" baita dieta zehazteko; "dentinaren kimika osaera bizitzan zehar birmoldatzen doa eta, ondorioz, banakoen bizitzaren azken urteotako beren elikadura osatzen zuten osagaiak grabatuta geratzen dira".

Elikadurari dagokionean egindako lanaz aparte, ikerketak beste aurkikuntza garrantzitsuak lortu ditu ere: lau banakoren dentinan aurkitutako berun kontzentrazio handiak, esaterako. "Berun kontzentrazioa hain da handia, ezen osagai horrekin intoxikatuta zeudela uste baitugu", nabarmendu du ikertzaile gazteak. Osagai horren jatorria antropogenoa da eta ikerketa ezberdinen arabera, berun mineralak maneiatuz egiten zuten lanaren ondorio izan daiteke, zeramikentzako beiradurak egiten ziurrenik.

Belarritakoa daraman emakumearen misterioa

Aurkitutako banakoen artean, belarritako bat zeramala lurperatua izan zen emakume bat dago. "Gauza oso bitxia da hori, islamiarrek ez baitzuten bitxirik edo bizitzako osagairik lurperatzen hildakoekin batera", azaldu du Iranzu Guedek. Doktoregaiak egin dituen mugikortasun azterketen arabera, "emakume hori Tausten jaio zela, denbora luzez herritik kanpo bizi izan zela eta hil baino urte batzuk lehenago herrira bueltatu zela frogatu ahal izan dugu; bidaia horren arrazoiak, ordea, ezezagunak izango dira betirako".

Ikerketa horiei esker jakin ahal izan da ere komunitate islamiar hori komunitate egonkorra zela, banako gehienak Tausten jaio eta hil baitziren, kanpoko bi gizon eta bi emakume kenduta.

4500 banako dituen aztarnategia

Aztarnategia udalerriko bide publikoan egindako lan batzuen ondorioz aurkitu zen eta "El Patiaz" Kultura Elkarteak, ostean, esku-hartze ezberdinak egin zituen 2010 eta 2013 bitartean. Indusketa horiek Francisco Javier Gutiérrez arkeologoaren zuzendaritzapean egin ziren eta honen iritziz, bi hektareako azalera ere izan dezakeen nekropoli honetan 4500 hilobi egon litezke. Aurkitutako banakoen antropologia azterketa, bere aldetik, Miriam Pina antropologoak egin du.

Karbono-14 bidezko analisien arabera, halaber, banako horiek VIII. eta X. mendea bitartean bizi ziren, aro gatazkatsua islamiarren konkista eta gero. Izan ere, ikerketa guzti horiek funtsezkoak izan dira islamiarron presentzia egiaztatzeko beren existentzia ezagutzen ez zuen udalerri batean.

Iranzu Guederen ikerketa Maria Cruz Zuluaga eta Luis Angel Ortega doktoreek zuzentzen duten bere doktorego tesian sartua dago. Aipatuak, Erdi aroko komunitate ezberdinen mugikortasuna eta dieta aztertuko ditu Iberiar Penintsularen iparraldean.

Erreferentzia bibliografikoa