euskaraespañol

Agudeziaren 10. edizioa

UPV/EHUko hainbat ikastegitako 12 pertsonak parte hartu dute, zazpi ekintzailetza proiektu lantzen

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/06/23

Agudezia tailerrak 10. edizioa egin du aurten, eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko hainbat ikastegitako 12 pertsonak parte hartu dute. UPV/EHUren Arabako Campusak antolatu du Bic Arabarekin batera, INIZIA Arabacampus programaren esparruan, eta A+g Consultores de Gestión, S.Coop enpresak eman ditu eskolak. 2016ko edizioa bukatzeko jardunaldian, partaideek euren zazpi ekintzailetza proiektuak aurkeztu zituzten.

Aurten, askotariko kolektibo bat izan da Agudezian, denetako jakintza alorretakoa: ingeniaritza, elikagaien zientzia eta teknologia, jarduera fisikoaren zientzia, nutrizioa eta farmazia, besteak beste. Partaide guztiek gertutik ezagutu dute ekintzaile izatearen esperientzia, enpresa organismo biziduntzat duen bestelako ikuspegi batetik (A+g sozietatearen BIZIKIRO). Gainera, Panel A+g (Anticipación+Gestión) bezalako laguntza tresna berritzaileak izan dituzte eskura, hasierako fasean zeuden negozioak garatzeko prozesua errazteko eta bideratzeko, alde batetik, eta enpresa kudeatzen eta aurreneko erabaki estrategikoak hartzen laguntzeko, bestetik.

Talde lanaren hainbat dinamika jorratuz, proiektuen aurrerapenak azalduz, eta benetako ekintzaileekin eta Euskadiko ekintzaile ekosistemarekin lotutako agenteekin harremanetan egonez, egitasmo bakoitzak banako laguntza jaso du enpresak kudeatzen eskarmentu handia duten profesionalen eskutik. Hala, ideia on bat negozio proiektu bilakatzeko prozesua ezagutu dute, eta proiektuak ez dituzte modu teorikoan bakarrik zehaztu, martxan jartzen ere hasi baitira (bezero potentzialak konbentzitzen saiatuz, lankidetza posibleak hasiz edota hornitzaile izan daitezkeenen erreakzioa aztertuz, adibidez).

Horri esker, ekintzaileek erabaki errealak hartu ahal izan dituzte, eta denetariko proiektuak atera dituzte aurrera: Sasoikide Taldea (nutrizioa eta jarduera fisikoa), Basque Mazers Company (Hidromiel), Pulseras Inteligentes, GAMAKERS, osasun holistikoaren kontsulta, ostalaritza establezimendua eta analisi sentsorialerako laborategia. Beste urte batez, Agudeziak era guztietako proiektu ekintzailez bete du Arabako Campusa.

2016ko Agudeziako ekintzaile proiektuak aurkezteko ekitaldian izan ziren, besteak beste, Arantza Beitia Arabako Campuseko Garapenerako zuzendaria, eta David Montero eta Izaskun Ruiz Bic Araba Arabako Eraberrikuntza-Industrialdea SA enpresakoak. Arabako Campuseko Errektoreordetzak erakunde horrekin lan egiten du, ekintzaileei aholkuak eta babesa emateko eta INIZIA Arabacampus programaren esparruan oinarri teknologikoko enpresak sortzen laguntzeko.

 

Argazkiak: UPV/EHU.