euskaraespañol

Eguneko irudia

UPV/EHU eta Achucarro, Neurodegenerazioaren arloko zentro bikainen sarean

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/01/19

UPV/EHUko Neurozientzien katedradun eta Achucarro zentroko zientzia zuzendari Carlos Matute da euskal taldeko burua; neuronak babesteko mekanismoak lortzeko nazioarteko sarean lagunduko du taldeak

CoEN partzuergoak (Centres of Excellence in Neurodegeneration, Neurodegenerazioaren arloko Bikaintasun Zentroak) oraintsu ebatzi du gaixotasun neurodegeneratiboei buruzko nazioarteko ikerketen sareak eratzeko deialdia, Alemaniako, Belgikako, Kanadako, Espainiako, Frantziako, Irlandako, Italiako, Erresuma Batuko eta Eslovakiar Errepublikako bikaintasun zentroen artean (herrialde horietako osasun ikertzaileek osatzen dute partzuergoa).

Soilik 11 sare iritsi dira hautaketaren azken fasera. Horien artean dago Protection of neurons in vitro and in vivo from Synuclein toxicity by molecular tweezers izenekoa, eta hor parte hartzen dute UPV/EHUk eta Achucarro zentroak, Unibertsitateko Neurozientziak Saileko katedradun eta Achucarro zentroko zientzia doktore Carlos Matute irakasleak zuzentzen duen bikaintasun ikertaldearen bitartez. Deialdian parte hartzeko, nahitaezkoa da nazioarteko akreditazioa duen bikaintasun zentro bateko kide izatea. Euskal laborategia, hain zuzen ere, Carlos III.a Institutuko Gaixotasun Neurodegeneratiboen Sareko Ikerkuntza Biomedikorako Zentroko (CIBERNED) kide da.

Matuteren laborategiek, Erwan Bezarden laborategiak (Bordeleko Unibertsitatea, Frantzia) eta Richard Wade-Martinsen laborategiak (Oxfordeko Unibertsitatea, Erresuma Batua) osatzen duten sareak aurrera egin nahi du gaixotasun neurodegeneratiboen ezagutzan eta tratamenduan. Zehazki, hauxe da helburua: CLR01 izeneko "pintza molekularra" erabiltzea, Parkinsonen gaitza duten zelula ereduetan eta animalietan proteina amiloidogenikoen agregazioa eta toxikotasuna inhibitzeko. Horren guztiaren xedea da gaixotasun horri aurre egiteko terapia berri bat aurkitzea.

CoEN sareak diruz laguntzeko hirugarren deialdi honen bidez (Pathfinder du izena), denera 5 milioi euro emango dira hautaturiko 11 proiektuetarako. Proiektu guztiek ezaugarri bera dute: ikuspegi berritzailetik heltzen diete gaixotasun mota horretarako egungo erronka terapeutiko nagusiei.


COEN

Gaixotasun neurodegeneratiboen arloko bikaintasun zentroen nazioarteko partzuergoa, COEN, 2010ean sortu zen, hainbat herrialderen arteko akordioari esker. Partzuergoko zentroek agenda berari jarraitzen diote garuna degeneratzen duten gaixotasunak ikertzeko. Gaixotasun horiek zahartzearekin loturiko nahasmenduak eragiten dituzte (alzheimerra eta parkinsona, adibidez).

CoEN partzuergoaren oharra irakurtzeko esteka:
http://www.coen.org/news/details/news/new-funding-for-international-collaborations-between-centres-of-excellence-in-neurodegenerative-dis.html