Geozientzialarien nazioarteko talde batek Science aldizkarian argitaratu berri duenez, nabarmena da giza jarduerak Lurrean duen eraginaren ondoriozko epoka geologiko berri bat: Antropozenoa.
Gizakien eraginaren ondoriozko epoka geologiko berri baten ebidentzia argiak
Science-k Antropozenoari buruz argitaratu duen lanean UPV/EHUko Alejandro Cearreta irakasleak parte hartu du
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2016/01/14
Antropozenoaren hasiera XX. mendearen erdialdean ezarri dute eta ezaugarri nagusiak honako hauek dira: material berrien hedapena (aluminioa, porlana, plastikoa, hidrokarburoak erretzearen ondoriozko errautsak eta planeta osoan zehar egindako proba atomikoetatiko isotopo erradioaktiboak), berotegi efektuko gasen isurketa handiak eta inoiz ez bezalako espezie inbaditzaileen sakabanaketa globala.
Nazioarteko talde zientifikoa aztertzen ari da ea giza jardueraren ondorioz planeta Antropozenoa deritzon epoka geologiko berri batean sartzen ari den. Lanean bi galdera planteatzen dira nagusiki: alde batetik, zein neurritaraino geratzen dira giza jarduerak seinale kuantifikatzaile gisa erregistratuta estratu geologikoetan? eta, bestetik, nabarmenki desberdinak al dira Antropozenoko mundua eta 11.700 urte iraun duen eta giza zibilizazioa ahalbidetu duen Holozeno egonkor samarra?
Holozenoak iraun duen bitartean gizarteak aurreratzen joan dira elikagaien ekoizpena areagotzeko lurrazala mailaka otzanduz, giza kokalekuak eraikiz eta ura eta planetak ematen dituen baliabide mineral eta energetikoak aprobetxatuz. Orain proposatzen duten Antropozeno izeneko epokaren alderdi nagusiak, ordea, giza populazioaren hazkuntza azeleratuak eragindako ingurune-aldaketa azkarrak eta XX. mendearen erdialdean izan zen ‘Azelerazio Handiaz" geroztiko kontsumoaren hazkuntza zorabiagarria dira.
Lanaren egileen iritziz "gizakiok aspalditik ari gara ingurunean eragiten, baina oraintsu material berrien sakabanaketa globala gertatu da (aluminioa, porlana eta plastikoak, besteak beste) eta material horiek jalkinak uzten dituzte. Erregai fosilak erretzearen ondorioz, errautsen partikulak barreiatu dira planeta osoan zehar eta, aldi berean, bonba nuklearren proben ondorioz sortutako isotopo erradioaktiboen sakabanaketa atmosferan handiena izan da. Ebidentzia horiek guztiek frogatzen dutenez, Antropozenoaren kontzeptua egiazkoa da.
Ikerketa hori Antropozenoari buruzko Lan Taldeko (Anthropocene Working Group) 24 kidek egin dute eta haietako bat Alejandro Cearreta izan da, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologiako Fakultateko irakaslea. Azterketaren arabera, giza espezieak Lurra Sistema eraldatu du, jalkinetan eta izotzean dagoeneko nabarmenak diren seinaleak sortzeko moduan eta seinale horiek nahikoa bereizgarriak dira, Garai Geologikoen Taulako beste epoka bat izatea justifikatzen dutenak. 2016an Antropozenoari buruzko Lan Taldeak garai geologiko berri horri dagozkion ebidentzia gehiago bilduko ditu, ofizialki formalizatzeko gomendioak egiteko balioko dutenak eta, kasu horretan, definizioa egiten eta ezaugarriak zehazten laguntzeko.
Interneten kontsultatzeko: http://dx.doi.org/10.1126/science.aad2622
Erreferentzia bibliografikoa
- The Anthropocene is functionally and stratigraphically distinct from the Holocene
- Science 351 (6269)
- DOI: aad2622.1-aad2622.10