Mertxe de Renobales Scheifler katedradunak eman zuen inaugurazio hitzaldia Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko 2015/2016 ikasturteari hasiera emateko ekitaldian. "Transgenikorik, zergatik ez?" izenburupean, sortzen dituen eztabaidengatik gaur-gaurkoa den gaia landu eta zertxobait argitu nahi izan zuen UPV/EHUko irakasleak, "zientzian oinarrituta, eta ez ideologian".
Mertxe de Renobales Scheifler
«Bioteknologia ez da ohiko teknologia konbentzionalak baino arriskutsuagoa»
- Elkarrizketa
Lehenengo argitaratze data: 2015/09/28
Mertxe de Renobales Scheifler (Bilbo, 1948) Kimikaren Zientzietan lizentziatua (Bilboko Unibertsitatea, 1975) eta Biokimikan doktorea da (Nevadako Unibertsitatea, Reno, 1979). Hamahiru urtean ikertzaile eta irakasle aritu zen Ipar Amerikako zenbait unibertsitatetan. Euskal Herrira itzultzean, Inasmet Fundazioko Bioteknologia Atalaren arduradun izan zen bi urtez, eta, ondoren, UPV/EHUko Farmazia Fakultatean hasi zen lanean, Biokimikako katedradun gisa.
Zer da organismo transgeniko bat?
Hauxe dio 2001/18 Zuzentarauaren legezko definizioak (baina ez zientifikoak): "genetikoki aldatutako organismo bat, material genetikoa naturala ez den modu batean aldatua duena, honako teknika hauetakoren bat erabilita: ingeniaritza genetikoa, mikroinjekzioa, mikrokapsulazioa edo protoplastoen fusioa". Legezko definizioaren arabera, soilik landare horiek daude genetikoki aldatuta, eta gainerakoak ez; hortaz, ondorioztatzen dugu gainerako landare guztiak "naturalak" direla eta haien genomak ez daudela aldatuta. Bada, legezko definizio hori oker larria da.
Hortaz, aldaketa horiek modu "naturalean" ere gertatzen dira?
Bai. Mutazioak noizean behin gertatzen dira naturan, zenbait mekanismoren bidez eta poliki. Hobekuntza genetikoa (landareena, animaliena edo mikrobioena), hain zuzen ere, DNAn izandako aldaketak (mutazioak) direla-eta banako batzuen populazioan dagoen aniztasun genetikoan oinarritzen da. Duela gutxi, mutazioak agerrarazteko teknikak sortu dira. Landareen kasuan, hobekuntza genetikoko teknika hauek erabiltzen dira gehienbat: sexualki bateragarriak diren landareen arteko gurutzaketa klasikoak; produktu erradioaktiboen erradiazioaren edo produktu kimiko mutagenoen tratamenduaren bidez induzitutako mutagenesia; espezieen arteko gurutzaketa, enbrioia berreskuratuta; eta kromosoma kopuruaren areagotzea. Genoma aldatzeko teknikak dira berrienak, baina oraindik ere ez da baimenik eman teknika horrekin aldatutako landare jangarririk merkaturatzeko.
Has gaitezen lehenengoarekin: sexualki bateragarriak diren landareen arteko gurutzaketa.
Teknika oinarrizkoena da. Bi landareen genomak ausaz konbinatzen dira, eta landare berri bakoitzak gene multzo desberdina izaten du. Berotegian hazten ditugu, eta interesatzen zaiguna hautatzen dugu.
Eta mutagenesi induzitua?
Beharbada, ezezagunena eta harrigarriena da. Mutazio asko eragin daitezke landare baten genoman (hazi batenean, kasurako), produktu kimiko mutagenoekin tratatuta edo irradiatuta, erradioterapian egiten den bezala. XX. mendearen erdialdera, FAOk eta Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak abian jarri zuten Nuclear Techniques in Food and Agriculture programa, erabilgarriak izan zitezkeen mutazioak agerrarazteko elikatzeko, industriarako eta apaintzeko balio zuten landareetan: arroza, zekalea, okintzarako garia, artoa, beste zereal batzuk, lekaleak, industriarako laboreak, barazkiak, oliodunak, apaingarriak eta beste batzuk (adibidez, pomelo arrosak). Mutant Variety Databas datu basean, gaur egun, teknologia horren bidez hobetutako 150 landare espezieren baino gehiagoren 3.222 aldaera daude jasota.
Orduan, nola sortzen da landare transgeniko bat?
Ideia ulertzea erraza da. Labore bati propietate interesgarri bat eman diezaiokeen gene bat identifikatzen dugu organismo jakin batean (bakteria batean, esaterako). Biologia molekularreko eta ingeniaritza genetikoko ohiko teknikak erabiliz, genea isolatzen dugu, interesatzen zaigun laborean funtziona dezan prestatzen dugu, eta gene horren kopia asko egiten ditugu. Gero, kopia horietako bakoitza aldatu nahi dugun landarearen zeluletan sartzen dugu, eta gure genea barneratu duten zelulak hautatzen ditugu (izan ere, guztiek ez dituzte barneratzen). Horren ondoren, in vitro hazkuntzako ohiko tekniken bidez, landareak garatzen ditugu zelula bakoitzean oinarrituta, eta berotegian hazten ditugu. Belaunaldi asko igarotzean, interesatzen zaizkigun ezaugarri guztiak dituen landarea aukeratzen dugu: horixe da gure landare transgenikoa.
Hortaz, landareen genetika etengabe hobetu da.
Bai. Gizakiek, nekazari bihurtu zirenetik, ahal duten guztia egin izan dute laborea hobetzeko; batik bat, lursail berean gehiago ekoizteko lan gutxiago eginda eta abar. Ezin dugu ahaztu hobekuntza genetiko guzti-guztiek, edozein teknika erabilita ere, aldaketak eragiten dituztela hobetutako landarearen genoman. Horregatik, legezko definizioa ez da batere egokia. Ez da definizio zientifikoa, jakina; izan ere, hobetutako landare guztiak daude genetikoki aldatuta beren jatorriko basalandareen aldean. Oraintsu, transgenikoa ez den landatutako sojaren genoma eta basoko sojarena konparatu dira; bada, landatutakoan, basokoan ageri ez diren 425 gene aurkitu dituzte, eta 800 generi baino gehiagori eragiten dieten 186.177 mutazio.
«Historian gehien aztertu diren laboreak dira, zalantzarik gabe»
Hitz egin dezagun orain landare transgenikoen gaineko kontrolei buruz…
Gizakiek eta animaliek kontsumitzeko landareak direnez, labore transgeniko horien nutrizio kalitatea izan behar dugu kezka nagusi. Labore transgenikoak merkaturatzen dituzten herrialde guztietan nahitaezkoa da ebaluazio zorrotza egitea salmenta baimendu baino lehen, hala kontsumitzaileen osasunari nola ingurumenean izango duten eraginari dagokienez. Transgenikoak dira historian gehien aztertu diren laboreak, zalantzarik gabe. Harrigarria bada ere, herrialde bakar batean ere ez da nahitaezkoa ohiko labore ez-transgenikoak inongo ikuspegitatik ebaluatzea. Hazi ez-transgenikoa garatzen duen erakundeak bermatzen du behar bezala haziko dela eta ekoizpen ona emango duela, eta, askotan, patentatu ere egiten du. Azken 40 urteotan, ordea, labore ez-transgeniko toxikoak merkaturatu izan dira, eta merkatutik kendu behar izan dituzte, arazo asko eman dituztelako.
Egia al da labore transgeniko batzuk nutrizionalki hobeak izan direla transgenikoak ez direnak baino?
Merkaturatutako edo merkaturatzear egon diren landare batzuek hori erakutsi dute, labore transgenikoak osagai toxiko askoz ere gutxiago zituelako ohikoak baino, edo transgenikoak osasunerako beharrezko bitamina askoz ere gehiago zituelako, adibidez.
Baten bat aipatzerik bai?
Ikusi da, adibidez, intsektuekiko erresistentea den artoak (Europan eta Espainian hazten dena, kasurako) arto konbentzionalak eta ekologikoak izan ohi duten fumonisina kopuru askoz ere txikiagoa duela; hori dela eta, askoz hobea da kontsumitzaileen osasunerako. Bestalde, Innate patatak (orain dela gutxi baimendu dute AEBn) akrilamida askoz gutxiago sortzen du frijitzean. Konposatu kantzerigeno hori frijitutako eta labean erretako jaki guztietan ageri ohi da. Hortxe dugu zeliakoentzako garia ere (gliadinarik gabekoa): Kordobako Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluaren Nekazaritza Iraunkorreko Institutuko Barro doktoreak eta bere taldeak garatu du, eta landa probetan dago, AEBn. Gari horren ustiapena Estatu Batuetako enpresa bati saldu zaio, Europak labore transgenikoak baztertzen dituelako. Hortaz, egunen batean Europan baimentzen bada, gehiago ordaindu beharko dugu diru publikoarekin garatutako labore baten truke!
Sarritan esaten da ez dagoela behar beste datu labore transgenikoak osasunerako seguruak direla baieztatzeko.
Zenbat datu dira "behar beste"? Zientzia literaturan ehunka azterlan aurki ditzakegu. Europako Batasunak, 1985az geroztik, diru baliabide asko jarri ditu labore transgenikoen osasun eta ingurumen alderdiak aztertzeko. Argitalpen horrek hauxe ondorioztatzen du: "…gero eta ebidentzia gehiagok adierazten dute bioteknologia ez dela teknologia konbentzionalak baino arriskutsuagoa".
Nola dago egoera munduan?
2014an, 28 herrialdek labore transgenikoak landatu zituzten 181.5 milioi hektareatan. AEBk, Brasilek, Kanadak, Argentinak eta Indiak landu zuten mundu osoan laborantza transgenikorako erabilitako eremuaren % 90. AEBK, zehazki, lur horren % 50 landu zuen. Gutxi gorabehera, 18 milioi nekazarik landatu zituzten transgenikoak mundu osoan, eta, horien artetik, 17 miloi inguruk 1,5 hektarea baino gutxiago hartzen dituzte.
Eta Europako Batasunean?
EBn baimenduta dago intsektuekiko erresistentea den artoa (MON 810) eta AMFLORA patata (Alemaniako BASF multinazionalena) landatzea. Horrez gain, kotoia, koltza, erremolatxa eta artoa (herbizidekiko jasanbera) inporta daitezke gizakiak eta animaliak elikatzeko, baina ezin dira landatu; guztira, 45 barietate inguru daude.
«Konbentzionalek baino errendimendu handiago dute, eta kontserbazio nekazaritza errazten dute»
Labore transgenikoak lagungarriak izan daitezke nekazaritzaren ingurumen inpaktua gutxitzeko?
Labore transgenikoen errendimendua, oro har, konbentzionalena baino % 21 handiagoa da; hala, azalera aurrezten da, eta beste zerbaitetarako erabil daiteke, eta, gainera, ez dira beste habitat natural batzuk luberritu behar. Horrez gain, pestiziden erabilera % 36,9 murrizten dute, labore konbentzionalekin alderatuta. Horrela, produkzioaren kostua txikitzen da, eta nekazariak konbentzionalarekin baino irabazi handiagoa lortzen du (% 68 handiagoa, zehazki). Gainera, herbizidak jasan ditzaketen laboreek murriztu egiten dute erein aurretik lurrean egin beharreko lana; hau da, kontserbazio nekazaritza errazten dute. Horren ondorioz, lurzoruaren geruza emankorra gutxiago higatzen da, lurrun gutxiago botatzen da, eta berotegi efektuko gas gutxiago isurtzen dira. Bestalde, glifosato herbizida gero eta gehiago erabiltzen da arduragabeki, eta, horren eraginez, erresistenteak diren belar txarrak agertu dira. Horri aurre egiteko, teknika agronomiko ezagunak aplika daitezke; adibidez, laboreak errotatzea edo beste herbizida batzuk erabiltzea. Egia da, ordea, beste herbizida horiek ez direla ingurumenerako kaltegarriagoak glifosatoa baino. Ez da erraza arazo horri aurre egitea (gainera, ez da soilik glifosatoarekiko erresistenteak diren labore transgenikoetan gertatzen), baina ezta ezinezkoa ere. Horra hor guztia labur-labur azalduta.
Azalpen zientifiko horiek entzunagatik ere, jende askori beldurra ematen diote labore transgenikoek.
Bai. Jende askori, gainera, "genetikoki aldatua" izena entzuteak berak ematen die beldurra. Izan ere, batzuetan, jendeak ez daki transgenikoak ez direnak ere genetikoki aldatuta egoten direla; hau da, uste da transgenikoak ez direnak "naturalak" direla, esan bezala. Unibertsitatean, hain zuzen ere, praktikan jarri behar dugu Marie Curieren aholkua, eta ahalegina egin hasiera batean beldurtzen gaituen hori ezagutzeko, beldurrak paralizatu eta aurrera egitea eragozten baitigu. Azter ditzagun datu zientifikoak, gerta daitezkeen arriskuak eta irabaziak (hala zientifiko-teknikoak nola sozioekonomikoak), eta har ditzagun erabakiak, datuak eskua edukita. Ausart gaitezen modu kritikoan pentsatzera, ontzat eman gabe itxurazko "egia" asko, ez baitira egia, hamaika aldiz errepikatuta ere. Izan ere, pentsatzea ez pentsatzea baino hobea da. Labore transgenikoak ez dira panazea bat inondik inora ere, eta aukeran dagoen irtenbide onena den lekuan eta unean erabili behar dira. Kasu egin diezaiogun FAOko zuzendari nagusi José Graziano da Silva doktoreari: "hainbat aukera aztertu behar ditugu, hala nola agroekologia eta nekazaritza klimatikoki adimenduna, baita bioteknologia eta genetikoki aldatutako organismoen erabilera ere. Aukera horiek guztiak aztertzeko, ikuspegi barneratzaile bat erabili behar dugu, zientzian eta ebidentzietan oinarrituko dena, eta ez ideologietan".
Argazkia: Mikel Mtz de Trespuentes - UPV/EHU