UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoak jendaurrean aurkeztu du, Ingalaterrako Silverstone 1 Formulako zirkuituan urterik urte antolatzen den Student Formularen lehiaketan parte hartu eta berriz ere munduko unibertsitaterik onenen aurka lehiatzeko erabiliko duen monoplaza berria. Edizio honetan, taldea osatzen duten 50 ikasleek eta hiru irakasleek berrikuntza teknologikoaren alde egin eta karbono-zuntzezko kasko bakarreko txasisa erabili dute, teknologia berri honen ikerketak eta aplikazioak dakarten erronka gaindituz eta ibilgailuaren zerbitzuak hobetuz.
Formula Student Bizkaia monoplazaren txasisa karbono-zuntzaz hornituta dago
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2015/07/02
Student Formula dugu nazioartean antolatzen den tankera horretako lehiarik garrantzitsuena, mundu osoko ingeniaritza ikasleei lehiako monoplaza bat diseinatu eta eraikitzeko gaitasuna frogatzeko aukera ematen diena. Probak jende ugari erakarri ohi du, eta britainiar hedabideek garrantzi handi samarra eman ohi diote. 2015ean, 2008az geroztik Eskola partaide izan duen erronka honen 18. edizioa antolatuko da. Norgehiagoka Silverstonen jokatuko da uztailaren 9tik 12ra bitartean.
Azken urteotan bezalaxe, Eskola ordezkatzen duen Formula Student Bizkaia taldeak motor elektrikoa aukeratu du, lehiakide gehienek erabiliko duten gasolinazko ohiko motorraren ordez. Gainera, monoplazako armazoiaren eraikuntzan karbono-zuntza erabiltzeak, hauxe baita ibilgailuaren diseinu eta kontzepzioaren berritasun nagusia, hobekuntza handiak ekarri ditu ibilgailuaren pisuan, ergonomian eta segurtasunean. Aldi berean, material honen aldeko apustuak garrantzi handiko erronka suposatu du taldearentzat, teknologia berritzaile honen ikerketari, fabrikazioari eta aplikazioari dagokienez.
50 ikasle, 3 irakasle, 20.000 orduko lana
Bederatzi hilabeteko jardun luzearen eta taldeak 20.000 lan-ordu inguru egin ondoren, FS Bizkaia, datorren astean (uztailak 9-12) jokatuko den lau eguneko lehia gogorraren aurreko azken ukituak emateko prest dago. Taldea lehen 35 postuen artean sailkatzeko asmoz neurtuko da 28 herrialdetako 138 unibertsitate elkartuko dituen Ingalaterrako norgehiagoka honetan, eta lortuz gero, sekulako arrakasta izango litzateke, bereziki gogoan izanda proban parte hartuko duten zenbait unibertsitatek esku artean darabiltzaten aurrekontu ikaragarriak, horietako asko unibertsitate pribatuak baitira, edota automobilgintza sektoreko enpresa liderrek babestutakoak.
Bizkaiko taldea Ingeniaritza Mekanikoa Saileko Charles Pinto eta Javier Corral irakasleek eta Sistemen Ingeniaritza eta Automatika Saileko Asier Zubizarretak zuzendu dute. Ikasle taldeak 50 kide ditu guztira, horien artean 11 emakume, eta Industria Teknologiaren Ingeniaritzako graduko ikasleak dira nagusi, nahiz eta beste titulazio batzuetako ikasleek ere parte hartu duten, Telekomunikazio Teknologiaren Ingeniaritzako eta Industria Antolakuntzaren Ingeniaritzako graduetakoak kasu. Hauekin batera, Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolako ikasleak daude. Guzti-guztiek ondo bereizitako lantaldeetan banatuta lan egin dute: antolaketa eta komunikazioa, potentzia-trena, xasisa, kontrola eta telemetria, suspentsioa eta direkzioa, kornerrak (pneumatikoak, hagunak eta balaztak bezalako osagaien kontrola barne hartuta) eta I+G.
"Endurance" izeneko "proba nagusia" igandean jokatuko da, uztailak 13, eta ingelesezko izenak iradokitzen duen bezalaxe, monoplazen iraunkortasuna egiaztatzeko diseinatu da. Ibilgailuek 20 kilometroko ibilbidea egin behar dute Silverstone-ko pistan, ibilgailuaren ezein parametro aldatzeko aukerarik gabe eta pilotu-aldaketa bakarra egiteko baimenaz. Oso gutxi dira proba zorrotz eta gogor hau osatzeko gai diren taldeak. Test honek proban jarriko du Formula Student Bizkaia taldearen bederatzi hilabeteko lana, eta ondorioz, garrantzi handi-handikoa da pilotu egokiak aukeratzea. Zortzi pilotu hautatu dira taldeko kideen artean, eta proba teorikoekin batera, era askotako proba praktikoak gainditu behar dituzte simulagailu batean, kart baten bolantean, iazko prototipoetan eta, azkenik, FSB2015 modeloaren barruan.
Uztailaren 7an, 25 ikaslek osatutako taldea Ingalaterra aldera joango da boxa instalatu eta ibilgailua doitzera, lehiako lau egunetan bederatzi kategoria estatiko eta dimaniko gainditzeko gai izan dadin, non eta aurreko asteburuan 1 Formulako izarrik distiratsuenak neurtuko diren zirkuitu berean.
2014ko edizioan, Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko taldeak 31. postua lortu zuen 91 postu zituen sailkapen nagusian, emaitzarik onena bihurgune estuetarako prestazioen skidpad proban lortu zuelarik (17. postua). Lehiaketa honetako gainerako probetan, ibilgailuaren kostua eta iraunkortasuna, diseinua, eraginkortasuna, abiadura, azelerazioa eta erresistentzia bezalako alderdiak neurtzen dira, eta negozio-plana epaitzeko sailkapenari begira, talde guztiek ibilgailuak errentagarritasunez fabrikatu eta merkaturatzeko proposamena xehetua aurkeztu behar dute. Atal honetan, Eskolako taldeak lehen postua lortu zuen lehiaketaren edizio batean.