LGTB Ligak, aniztasun sexualaren aldeko UPV/EHUko ikasleen elkarteak, lehenengo kanpaina abiarazi du: "Ni ez naiz homofoboa, baina...". Kanpainak intentsitate txikiko homofobia du gai; hau da, diskriminazio sotila, sozialki onartua, lesbianen, gayen, transexualen, bisexualen eta beste gutxiengo sexual batzuen inguruko uste faltsuetan eta aurreiritzietan oinarritutakoa.
"Ni ez naiz homobofoa, baina...", UPV/EHUren LGTB Ligako kanpainak mugaz bestaldera egin du
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2015/05/18
Hainbat elkartek, plataformak eta komunikabidek kanpainaren berri eman dute, bai estatuan (Chueca.com, Cáscara Amarga, COGAM eta Gurutze Gorriaren GIB/hies zerbitzua, adibidez), bai nazioartean (Kolonbiako Fucsia aldizkaria eta It Get's Better proiektuaren Mexikoko filiala, besteak beste).
Orain arte, elkartea Bizkaiko jende talde txiki batek osatzen zuen. Alabaina, kanpaina izaten ari den oihartzunari esker, askoz ere jende gehiagok bat egin du elkartearekin, eta, hala, batzordeak sortu ahal izan dira Gipuzkoako eta Arabako campusetan.
LGTB Ligak prest du kanpaina horren ondoren egingo duen jarduera; UPV/EHUn aniztasun sexuala ikusaraztea izango du helburu. Horretarako, LGTBfobiarik gabeko gunea aldarrikatzen duten zenbait itsasgarri ipiniko dituzte fakultateetan eta unibertsitate eskoletan.
Denon gunea
LGTB+ kolektiboaren eskubideen alde egin nahi duen jende gazte eta parte hartzaile orok lekua du LGTB Ligan. Helbide elektroniko bat dute horretarako: ltgbliga@gmail.com. Interesdunek horra idatzi eta izena eman dezakete. Horrez gain, elkarteak profilak ditu zenbait sare sozialetan (Facebooken eta Twitterren, besteak beste), eta kanpainekin zerikusia duen informazioa eta LGTB+ publikoarentzako albiste interesgarriak partekatzen dituzte horietan.