Análisis de interacciones de aprendizaje y generación de avisos multiusuario en entornos combinados, el aprendizaje combinado (blended-learning) lanaren egile den Maite Martínek dioenez, geroz eta gehiago erabiliko da ikaskuntza-mota hori hezkuntza-alor guztietan, eta nahitaez ikasi beharko dugu erabiltzen. Ikaskuntza konbinatua errazago bihurtzea da, hain juxtu ere, Martínen ikerlanaren xedea.
Ikaskuntza konbinatua, itzulerarik gabeko bidea
"Erdipresentziala" ere deitzen zaion ikaskuntza-sistema hori hobetzeko sistema bat garatu du UPV/EHUko ikerketa-talde batek
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2015/04/07
Onlineko irakaskuntza eta konbentzionala elkarrekin konbinatzen ditu ikaskuntza konbinatuak ("ikaskuntza erdipresentziala" ere esan ohi zaio). Maite Martínek dioenez, abantailak eta desabantailak ditu ikaskuntza-mota horrek: "Erakargarriagoa, berriagoa da ikaslearentzat, eta ikasgelan balego bezala egin dezake lan etxean. Desabantailei dagokienez, berriz, hau da nagusia: ordenagailu baten aurrean jarduten da ikaslea, eta oso erraz utz diezaioke ikasteari eta beste zerbaiti ekin".
Irakasleari, bestalde, "ikasleen gaineko kontroletik pixka bat galtzea gerta dakioke. Gehiago kostatzen da ikaskuntza konbinatuko ikastaro bat egitea ikastaro konbentzional bat baino; urtebeterako programatuta baldin badago, ordea, errazagoa izaten da hura berrerabiltzea. Egokitzapenak egitea, baina, asko kostatzen da; neketsua izaten da, ezagutza sisteman txertatu behar izaten baita. Errazagoak ditu mantentze-lanak, baina prestakuntza-lanak egin behar izaten zaizkio", adierazi du tesiaren egileak.
Ikaskuntza hori erraztea izan du xede ikertzaile horren tesiak. Honela laburtu du Martínek bere ikerketaren ardatza: "Irakasle, ikasle eta hezkuntza-plataformen arteko interakzioak aztertzeko tresna generikoak sortzea, feedback automatikoa eskaintzeko irakasleei zein ikasleei".
Inplementazio zehatz bat lortu dutela dio Martínek: "UPV/EHUko ikasle eta irakasleekin probatu dugu, eta feedback interesgarria eskaintzen duela ikusi dugu, murriztu egiten baitu datuak aztertzeko irakasleak behar duen denbora. Horrez gain, lagungarri da eguneroko lanerako, batez ere onlineko sistemak eta eskola presentzialak elkarrekin konbinatuta erabiltzen badira. Abstraktua da sistema edo arkitektura hori (SIgBLE); hori dela eta, lengoaia zehatz batzuetan inplementazio zehatz bat egin behar da".
Ikaskuntza konbinatuaren garrantzia
Ikaskuntza/irakaskuntza-prozesuak erraztea eta hobetzea dute helburu tresna horiek, eta ikaskuntza partekatuan prozesu hori automatikoki monitorizatzea. Martínek dioenez, "jada ez da hautazkoa ikaskuntza-mota hori; ezin da aukeratu. Indar handiz iritsi dira teknologia berriak, eta sistema gehiagorekin lan egitera ohituta daude neska-mutikoak. 'Betiko eskolak', berriz, izugarri aspertzen ditu. Ikaskuntza konbinatua hor dago, eta ikasi beharra daukagu hartaz baliatzen eta denontzat lagungarri bihurtzen. Ez dadila izan dibertitzeko bakarrik".
Irakaskuntza-mota horren etorkizunari dagokionez, "geroz eta gehiago erabiliko da, hezkuntza-alor guztietan gainera. Ez dakit, ordea, emaitzak hobetzea lortuko dugun. Hezkuntza-sistema batetik beste batera aldatzean bezala gertatzen da honekin ere: dena aldatzen bada, zaila da jakitea zerk eragiten duen onerako eta zerk kalterako", dio ikertzaileak.
Informazio osagarria
Ingeniaritza Informatikako doktore da Maite Martín Roldán (Donostia, 1977), Análisis de interacciones de aprendizaje y generación de avisos multiusuario en entornos combinados, el aprendizaje combinado (blended-learning) tesiaren egilea. Donostiako Informatika Fakultatean egin du lana, GaLan ikerketa-taldean, parte bat izan ezik, zeina Birminghameko Unibertsitateko Electronic, Electrical and Computer Engineering saileko Open Learner Groupen egindako egonaldian landu baitzuen. Isabel Fernández de Castro katedraduna izan du tesiaren zuzendari.