euskaraespañol

Fruta-arbolak jitoan proiektuak kiribila osatu du

'Inesita de Asúa' barietateko sagarrondo batekin bukatu da egitasmo honetako 72 zuhaitzen landaketa

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2015/03/24

Loli Asúa, Antonio Garbayo eta Inés Asúa.
Loli Asúa, Antonio Garbayo eta Inés Asúa

2012-13 ikasturtean UPV/EHUko Arte Ederren Fakultatearen baitan sortutako "Fruta-arbolak jitoan" proiektuak (ikusi bideoa) amaiera eman dio bere hasierako aldiari. Gaur, asteartea, martxoak 24, irakaskuntzako, hezkuntzako, arteko eta diziplina arteko proiektu hau osatzen dituzten 72 zuhaitzetako azkena landatu da. Guztira, 23 espezie ezberdinetako 50 barietate baino gehiago hartzen ditu. Arte Ederren Fakultatearekin batera, Leioako Ostalaritza Eskolak eta Zallako Frutagintza Estazioak ere parte hartu dute ekimenean, parte hartze izaerako proiektu integratzaile baten bitartez elkarrizketa harmoniatsua sortzeko ingurune naturalarekin, ingurunea sustatuz, eraldatu beharrean, eta bizipenen euskarri bat sortuz.

Ortu hau osatzen dituzten 72 fruta-arbolek kiribil logaritmiko bat osatzen dute Irakasleen Unibertsitateko Eskolaren aurrealdeko landan. Landatutako espezieen artean, sagarrondoak, laranjondoak, gereziak, irasagarrondoak edota arbendolondoak daude, baina baita izaera exotikoagoa duten beste batzuk ere, hala nola, mazpil-elorriak, kakiondoak edota jujubondoak. Guztiak izan dira aukeratuak gure inguruko klima, behar duten mantentze-lana eta beraien erresistentzia kontuan hartuta.

Antonio Garbayo UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko irakasle eta ekimenaren bultzatzaile nagusiak adierazi duenez, "ortuak paseatzea arte-jarduera gisa berreskuratu nahi du, Land Artaren moduko korronteekin bat eginez, zeintzuetan ibiltzea eta paseatzea arte-jarduera bihurtzen den. Hemendik aurrera, beste sentsibilitate batzuk sartuz, beste kontzeptu batzuk eransten dira: gastronomiarenak, ekologiarenak... Paisaiaren gozamena, azken batean".

Istorio hunkigarriak

Landatutako fruitu-arbola bakoitzak 1-etik 72-ra bitarteko zenbakiak dauzkate ezarrita. Eta kiribilari hasiera eta bukaera ematen dizkioten espezieak bereziki aukeratuak izan dira, beraien atzean istorio hunkigarriak baitauzkate. Lehenengo zenbakia daukan fruta-arbola KZ-3 barietateko sagarrondo bat da. Korbinian Aigner apaiz katoliko alemaniarrak sortu zuen barietate hau Dachau-ko (Munich, Alemania) kontzentrazio-esparru batean atxilotuta zegoela, 40ko hamarkadaren hasieran. Aignerrek bortxazko lanak egin behar izan zituen, batez ere nekazaritza atalean. Kuartel biren artean hainbat sagarrondo landatu zituen, eta barietate berriak sortzeko parada izan zuen. KZ-1, KZ-2, KZ-3 eta KZ-4 izenak jarri zizkion barietate berriei (alemanez, KZ-k kontzentrazio-esparrua esan nahi du). KZ-3 barietateak izan ezik, besteek ez zuten lortu denboran irautea.

Kiribila ixten duen fruta-arbola ere, 72 zenbakiduna, beste sagarrondo bat da, baina, honako hau, "Inesita de Asúa" barietatekoa. José Asúak euskaldunak sortutakoa da 30. hamarkadan. Asúa okina zen, baina bere zaletasunetako bat barazkigintza zen. Alaba bat hil zitzaion oso gaztea zela, eta, Londonera egin zuen bidai batean, alabaren omenez, bere izenarekin erregistratu zuen barietate berri hori National Apple Register of the United Kingdom-en. Kasualitatez, okin haren zazpi ilobetatik hiru irakasleak izan dira UPV/EHUko ikastegi ezberdinetan. Loli (joan zen otsailean jubilatu zen Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolako irakasle bezala) eta Inés Asúa ahizpek ere parte hartu dute "Fruta-arbolak jitoan" egitasmoaren lehen atalari bukaera eman dion ekintzan.

"Ohore handia da gure familiarentzat barietate hau aukeratu izana egitasmoari bukaera emateko. ‘Inesita de Asúa' sagarra guretzako sinbolo bat da; beti egon da oso presente gure eguneroko bizitzan. Gogoratzen dut, oso gazteak ginenean, gure meriendarik ohikoena ogia sagar-gozokiarekin zela; ‘Inesita de Asúa' sagarrarekin egindakoa, jakina", adierazi du Loli Asúak.

72 fruta-arbolak dagoeneko landatuak izan diren arren, proiektua ez da bukatu. "Orain, zaindu egin behar dira", dio Garbayok. "Landara biziak dira eta hazten eta forma hartzen jarraituko dute, eta egitasmoak aurrera jarraituko du. Bizitza bera bezalakoa da".

Helburu honekin, joan zen azaroan, UPV/EHUk, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Leioako Ostalaritza Eskolak lankidetza hitzarmen bat sinatu zuten fruitu ortuaren zaintza eta garapena bermatzeko.

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa