euskaraespañol

Eguneko irudia

Dibulgazio hitzaldia, cannabisak burmuinean eragiten dituen ondorioez

Noiz eta non

Noiztik: 2015/03/05 Noiz arte: 2015/02/24, 19:00 - 14:50

Kokapena

Bizkaia Aretoa
Avenida Abandoibarra 3. -48009- Bilbao (Bizkaia)

Zikloa

Achucarro forum

Deskribapena

Achucarro zentroak (Achucarro Basque Center for Neuroscience, UPV/EHUrena) Manuel Guzmán dakar Euskadira: cannabioideetan espezializatutako neurozientzialaria.

Martxoaren 5eko (osteguna) arratsaldeko 19:00etan, Bizkaia Aretoan (UPV/EHUren paraninfoa; Abandoibarra 3, Bilbo) egingo da "Achucarro forum"-aren beste edizio bat, Madrilgo Manuel Guzmán Pastor ikertzailearekin; zehazki, ziklo honetako hirugarren hitzaldia emango du, "Cómo actúa el cannabis en nuestro cerebro?" izena duena.Amaieran, hizlariari galderak egiteko aukera emango da.

"Achucarro forum" dibulgazio hitzaldien ziklo bat da, burmuinari buruzko ikerketaren esparruan egunerokotasuna duten gaiak lantzen dituena. Antolatzailea Achucarro zentroa da (Achucarro Basque Center for Neuroscience, burmuinari eta burmuineko gaixotasunei buruzko ikerketa estrategikoko euskal zentroa, Ikerbasquek eta Euskal Herriko Unibertsitateak -UPV/EHU- sortutakoa).

Hitzaldietara bertaratzea doakoa da eta edonor joan daiteke, baina izena eman behar da, aretoko leku kopurua mugatua delako.

Hitzaldiaz

Hainbat milurteko dira gizakiak cannabisa eta bere eratorriak darabiltzanetik, medikuntza xedeetarako zein atsegin hartzeko.

Alabaina, bere osagai aktiboen (cannabioideak) egitura kimikoa ez zen 1960ko hamarkadara arte argitu, eta hiru hamarkada gehiago behar izan ziren konposatu horiek gure organismoan nola jarduten duten zehaztasun apur batekin ulertzen hasi arte.

Aurkikuntza horiek guztiak lagungarri izan dira, cannabioideek burmuinean eta gure gorputzeko beste organo batzuetan eragiten dituzten ondorioak zientifikoki ezagutzeko ez ezik, izan ditzaketen propietate terapeutikoen inguruko ikerketa berpizteko ere. Hain zuzen ere, gaur egun eztabaida esparru bat da hori, hainbat konnotazio zientifiko, kliniko eta sozial dituena.

Hitzaldian gaiaren egungo egoera azaltzeko saiakera egingo da.

Manuel Guzmán Pastor

Manuel Guzmánek (Madril, 1963) Biologia Zientziak ikasi zituen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean. 1986an lizentziatu zen (Ikasketa Amaierako Sari Nazionala) eta 1990 egin zen doktore (Doktoretzako Sari Berezia).

Doktoretza ondoko egonaldiak egin zituen Utrecht-eko Unibertsitatean (Holanda), Hanna Research Institute de Ayr ikerketa zentroan (Erresuma Batua) eta CaliforniaIrvine-ko Unibertsitatean (AEB). 2005az geroztik, MCUko Zientzia Kimikoen Fakultateko Biokimika eta Biologia Molekularreko katedraduna da.

Gaur egun Sociedad Española de Investigación sobre Cannabioides erakundeko presidentea da, baita Farmaziako Errege Akademia Nazionaleko kide eta I+G+b-ko Plan Nazionaleko Biomedikuntza Programako kudeatzaile-laguntzaile ere.

15 urte baino gehiago dira cannabisaren osagai aktiboek (cannabioideak) organismoan ondorioak eragiteko darabiltzaten mekanismo molekularrak ikertzen diharduela. Halaber, konposatu horien erabilgarritasun terapeutikoa (bereziki, onkologiaren eta neurodegenerazioaren esparruetan) zein den ikertzen du.

Bere lanari esker, cannabioideen jarduera mekanismo eta ondorio berriak ezaugarriak zehaztu dira, eta horietatik eratorriko inplikazio fisiopatologiko berriak iradoki.

Achucarro Basque Center for Neuroscience

Achucarro Basque Center for Neuroscience BERC (Basque Excellence Research Centres) ikerketa zentroa da, Eusko Jaurlaritzak bultzatutakoa. Honako hauek ditu patroi: Ikerbasque - Zientziarako Euskal Fundazioa, Universidad del PaísVasco/Euskal Herriko Unibertsitatea eta Osasun Berrikuntza eta Ikerketaren Euskal Fundazioa (Bioef).

Achucarro zentroak neurozientziaren arloko ikerketa egiten ditu, eta bere helburu nagusia da ezagutza erabilgarria sortzea, tratamendu eta terapia berriak sortzeko, burmuinean gertatzen diren gaixotasun neurodegeneratibo eta autoimmuneetarako.

Nicolás Achúcarro (Bilbo 1880 - Neguri 1918)

Zentroak Nicolás Achucarro neurozientzialari bilbotarraren izena du: aitzindari izan zen burmuinari eta burmuineko gaixotasunei buruzko ikerketan, Santiago Ramón y Cajal-en eta Alois Alzheimer-en dizipulu eta lagun izan zen, eta Europako eta AEBko nazioarteko izen handiko zentroetan aritu zen ikertzen.Bere ibilbide intelektual bikaina 37 urte zituenean eten zen, bere buruari Hodking linfoma diagnostikatu zionean.