Euskadiko XXVIII. Kimika Olinpiada burutuko da Zientzia eta Teknologia Fakultatean
Noiz eta non
2015/02/27 2015/02/27, 16:00 - 08:03
Kokapena
Zientzia eta Teknologia Fakultatea
Sarriena. -48940- Leioa-Erandio (Bizkaia)
Deskribapena
Ostiralean, otsailak 27, 16:00etan, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean (Sarriena auzoa z/g, Leioa), Euskadiko Kimika Olinpiadaren fase autonomikoa egingo da. Hain zuzen, 12 ikastetxetako batxilergoko 66 ikaslek parte hartuko dute bertan. Pascual Román irakaslea da Kimikaren Espainiako Errege Elkarteak (RSEQ) eta Kimikarien Euskadiko Elkargo Ofizialak antolatutako Olinpiadaren Euskadiko koordinatzailea.
Olinpiada EAEko batxilergoko lehen eta bigarren mailetako ikasleei zuzendua dago. Ikasleen artean zientzia hau sustatzea eta ikasleak zientzia honen garapenean inplikatzea du helburu, baita egungo munduan kimikak duen garrantzia nabarmentzea ere, arlo honen aurrerapena eta dibulgazioa bultzatuz.
Ikasleek proba teorikoak (kimika arloko galderak eta problemak) gainditu beharko dituzte ikasgelan. Irabazle suertatzen den ikasleak olinpiaden fase nazionalean parte hartuko du ondoren; hain zuzen, Madrilen, apirilaren 18an. Eta fase horretan ondoen sailkatzen diren ikasleek uztailaren 20tik 29ra bitartean Bakun (Azerbaijan) egingo den 47. Nazioarteko Olinpiadan parte hartuko dute.
Sari akademikoarekin batera, Euskadiko Kimika Olinpiada irabazten duten hiru ikasleek tokiko instituzio eta erakundeek eta Zientzia eta Teknologia Fakultateak emandako sari eta aintzatespen diplomak jasoko dituzte.
Deialdi honetara ikasle gehien ekarri dituzten ikastetxeen artean daude Gaztelueta ikastetxea (13 ikasle), Padre Andrés de Urdaneta ikastetxea eta Julio Caro Baroja institutua (11 ikasle bakoitzak) eta Askartza Claret (8 ikasle).
Lurraldeka, nabarmentzekoa da Bizkaiko ordezkaritza, bertakoak baitira olinpiadetan parte hartuko duten 62 ikasle. Beste 3 arabarrak dira eta beste bat gipuzkoarra. Zientzia eta Teknologia Fakultateak datozen edizioetan olinpiadetako parte hartzaile kopurua handitzea lortu nahi du.