euskaraespañol

Eguneko irudia

Laborantza-lurreko kutsatzaile metalikoak ez dira tomateetara iristen

Europako legediak baimentzen duen gehienezko kontzentrazio-mailaren azpitik dago EAEko tomateetan aurkitutako metal toxikoen kantitatea, UPV/EHUko ikerketa baten arabera

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2015/02/25

Kutsatzaile metaliko eta metaloide kantitate handiak egon daitezke laborantza-lurretan, hauei ematen zaien erabilera dela eta. Kontsumitzen ditugun fruituetara kutsatzaile horien zenbateko proportzioa iristen den aztertu du UPV/EHUko ikertzaile-talde batek. Horretarako, lurreko metal- eta metaloide-kontzentrazioa analizatu dute EAEko zenbait ingurutan, bai eta kontzentrazio horren eta leku horietan hazitako tomateen kutsatzaile-edukiaren arteko lotura ere.

Substantzia agrokimikoen erabilera intentsiboak nabarmen areagotu du laborantza-lurretako metalen bidezko kutsadura. EAEn, landareak dira hirugarren elikagai kontsumituenak, frutaren eta esnekien atzetik. Tomatea da gehien kontsumitzen den landarea (60 bat gramo egunean herritar bakoitzak). Horrenbestez, giza osasunerako kaltegarria izan daiteke kutsatzaile-kontzentrazio nahiko handia duten tomateak kontsumitzea. Laborantza-lurretako metalak eta metaloideak xurgatzea, da izan ere, landareen kutsatzaile-iturri nagusia, batez ere tomate-landareena. Bigarren mailako kutsatzaile-iturriak dira, aldiz, jalkitze atmosferikoa eta ureztatze-uraren bidezko poluzioa.

Lurreko kutsatzaileen eta tomateetan daudenen artean lotura adierazgarririk badagoen aztertu du UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Analitikoa Saileko IBeA ikerketa-taldeak (Ikerkuntza eta Berrikuntza Analitikoa). Bestalde, EAEn hazitako tomateen kontsumoari lotutako arriskua ere aztertu du talde horrek, Osasunaren Mundu Erakundeak eta Europako legediak metal- eta metaloide-kontzentrazioez ematen dituzten gomendioei jarraikiz (metaloideak: metalen eta ez-metalen propietateak dituzten elementuak). Hamahiru lekutan hartu ditu ikerketa-taldeak lur- eta tomate-laginak -Bizkaian, hamabitan (Urduña, Balmaseda, Getxo, Barrika, Unbe, Arteaga, Zamudio, Lezama, Gamiz, Larrabetzu, Lemoa eta Dima), eta Gipuzkoa, batean (Donostia)-, eta haien metal- eta metaloide-kontzentrazioak aztertu.

Legeak baimentzen duen gehienezko kontzentrazio-mailaren azpitik

Ikerketa-taldeak espero bezala, aztertutako Donostiako lurrean agertu dira berun- eta zink-kontzentrazioak baimendutako mugetatik gaindi, meategiak egon baitziren antzina lur horietan. Leku guztietan aztertutako gainerako elementu guztiek, berriz, baimendutako gehienezko mugaz azpiko kontzentrazioak zituzten; tomate-laginetako kontzentrazioak, berriz, munduko beste ingurune kutsatu batzuetakoak baino askoz txikiagoak ziren.
Bestalde, Zamudion atzeman zuten kobre-kontzentraziorik handiena tomateetan. Baina batez besteko tomate-kontsumoa (pertsonako eta eguneko) eta kobrearen toxikotasuna (baxu samarra) kontuan hartuta, balio horrek ez du arriskuan jartzen giza osasuna, FAOk (Nekazaritza eta Elikadurarako Erakundea) gomendatzen duen eguneko kontsumoaren % 0,5 baita.

Nolanahi dela ere, hau ondorioztatu dute ikertzaileek: ez dagoela zuzeneko loturarik lurreko metal-edukiaren eta tomateek dutenaren artean. Metal-kontzentrazio handiak dituzten lurretan hazitako tomate-landareek ez dute zertan kutsatzaile-eduki handirik izan beren fruituetan; alegia, laborantza-lurrean halako elementurik egoteak ez du esan nahi landarearen alde jangarriak nahitaez metatuko direnik. Salbuespen bakarra manganesoa dugu. Manganeso-kantitate handiak izan ohi dituzte manganesotan aberatsak diren lurretako tomateek, hots, eraginkorra da tomate-landareetan bai metal horren sustrai bidezko xurgapena, bai sustraietatik fruituetarako garraio-mekanismoa.

Alabaina, "ikerketa honetan aztertutako landareetako metal toxikoen edukia beti izan da Europako legediak baimentzen duen gehienezko kontzentrazioa baino txikiagoa", dio UPV/EHU ikertzaile den Azibar Rodríguezek. landareei buruzko Europako legediak berun- eta kadmio-mailei ezartzen dizkie mugak, baina tomate-laginetan atzeman diren kontzentrazioak beti izan dira muga horretatik azpikoak.

Informazio osagarria

Doktore-tesia egiten ari da Azibar Rodríguez Iruretagoiena (Zamudio, 1987), eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Analitikoa Saileko Ibea ikerketa-taldeko kide da (Ikerkuntza eta Berrikuntza Analitikoa).

Erreferentzia bibliografikoa

  • A. Rodriguez Iruretagoiena, J. Trebolazabala, I. Martinez Arkarazo, A. de Diego, J.M. Madariaga
  • Metals and metalloids in fruits of tomatoes (Solanum lycopersicum) and their cultivation soils in the Basque Country: Concentrations and accumulation trends
  • Food Chemistry (2015). Vol. 173, 1083-1089