euskaraespañol

Eguneko irudia

Emilio J. Cocinero Flygare saria jasoko du bere ibilbideagatik

Aintzatespena ekainean burutuko da, Illinoisko (AEB) Espektroskopia Molekularrari buruzko Nazioarteko Sinposioan, arloko garrantzitsuena

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2015/02/24

UPV/EHUko Kimika Fisikoa Saileko ikertzaile Emilio José Cocinerok (http://grupodeespectroscopia.es/MW/) bere ibilbide zientifikoa goraipatzen duen Flygare sari prestigiotsua jasoko du. Sari hau urtero banatzen da Illinoisko Unibertsitateak (AEB) antolatzen duen Espektroskopia Molekularrari buruzko Nazioarteko Sinposioan, hau da, arlo honetan mundu mailan egiten den topaketa zientifikorik garrantzitsuenean. Flygare sari prestigiotsuak, espektroskopia molekularraren arloan ekarpen nabarmenenak burutu dituzten zientzialari gazte independenteen ibilbidea aintzatesten du, arlo honetako munduko ikerlari gazte bikainenak sarituz.

Sariaren banaketa ekitaldia, ekainaren 22tik 26ra bitartean Illinoisen ospatuko den Espektroskopia Molekularrari buruzko Nazioarteko 70. Sinposioaren baitan burutuko da. Bertan, Cocinero doktoreak hitzaldia eskainiko du kongresuko osoko saioan, bereizmen handiko teknikak erabiliaz gas fasean dauden azukreen egituraren zehaztapen zehatzari buruz.

Emilio J. Cocinerok Kimika doktoreagoa 2005ean burutu zuen Valladolideko Unibertsitatean. 2006an hasita Oxfordeko Unibertsitatean hiru urteko egonaldia egin ondoren, 2009ko urtarrilean Euskal Herriko Unibertsitateko kide bihurtu zen Juan de la Cierva ikertzaile bezala, eta 2011tik Kimika Fisikoko saileko Ramón y Cajal ikertzaile bezala jarduten du. Sail horretan Kimikaren zenbait egitura arazoak aztertzen dituen taldea zuzentzen du. 2012an, Espainiako Kimikako Errege Elkarteak SIGMA-ALDRICH saria eman zion Cocinero doktoreari, bere ibilbide zientifikoa Espainiako garrantzitsuenetako bat bezala aintzatetsiz, eta SusCHEM elkarteak POSTDOC saria eman zion 2011an Kimika arloan ikerlari gazte batek argitaratutako artikulurik honenagatik. Gainera, 2014tik Espainiako Kimikako Errege Elkarteko Kimika Ikerlari Gazteen Talde Espezializatuko presidentea da. Gaztea izan arren, nazioarteko aldizkari entzutetsuetan 80 artikulu baino gehiago argitaratu ditu. Horien artean, UPV/EHUko ikertzaile bezala, Naturen argitaratutako artikuluak eta Angewandthe Chemie International Edition-en lortutako bi azalak nabarmen daitezke.