euskaraespañol

Eguneko irudia

Materiatik bizitzara: Kimika? Kimika!

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2015/02/23

Foto: Vicent Bosch

Unibertsoaren eboluzioak, auto-antolaketari esker, geroz eta konplexuagoa den materia sortzen joan da apurka apurka, atomoetatik bizitza bera eta izaki pentsalarirarte. Guztia, izaki bizdunak, baita bizigabeko materia ere, molekulez osaturik dago eta molekula hauen arteko elkarrekintzen ondorioz sortzen diren entitate antolatuez osaturik. Kimikak, materia bizigabeko molekulen eta izaki bizidunen osagarri diren egitura molekular konplexuen arteko zubia eskaintzen digu.

Egun, kimika molekularrak garatutako teknika aurreratuei esker inoiz baina molekula konplexuagoak eraikitzeko gai gara. Kimika supramolekular bezala ezagutzen dena berriz, haratago doa, molekulen arteko elkarrekintzen bidez egitura molekularren sortze prozesua bera kontrolatzea du helburu. Egitura antolatu hauen diseinuak, informazioa maila molekularrean erabiltzea eskatzen du, programazio molekular baten antzeko zerbait.

Egitura eta itxuraldaketa posible guztiak jasotzen dituen unibertsoa da kimika, eta naturak berak burutzen dituenak, aurkituak eta sortuak izateko zain dauden hainbat munduren artean mundu bakar bat baino ez da.

Jean-Marie Lehn, Kimikako Nobel sariak, materia bizigabetik bizitzarainoko bere bidai honetan, kimikaren inguruko eta orokorrean zientziaren inguruko zenbait erreflexio kontzeptual ere partekatuko ditu publikoarekin, Asteartea, martxoak 10, 19:30etan, Guggenheim museoko areto nagusian, Bilbon. Hitzaldia Donostia International Physics Center-ek Telefónica-ren babesarekin antolatzen du. Sarrera librea da.

Jean-Marie Lehn

Rosheimen jaio zen, Frantzian. Kimikako ikasketak egin zituen Strasbourgeko Unibertsitatean, eta 1963an eskuratu zuen doktoretza. Doktore-tesia egin ondoren, urtebete egin zuen Harvardeko Unibertsitatean, Robert Burns Woodward irakaslearekin lanean eta B12 bitaminaren sintesi kimikoa garatzen. 1970ean kimikako irakasle izendatu zuten Strasbourgeko Unibertsitatean, eta 1980an Parisko Collège de France ospetsuko irakasle izateko hautatu zuten.

1987an Kimikako Nobel Saria jaso zuen, Pedersenekin eta Cramekin batera, antzemate molekularraren (hau da, molekula hartzaile batek substratu batekiko lotura ezagutzeko eta gauzatzeko erabiltzen duen sistemaren) oinarri kimikoari buruz egin zituen ikerketengatik. Gainera, antzemate molekularrak funtsezko zeregina betetzen du prozesu biologikoetan.

Hainbat urtetako jardunaren ondorioz, kimikaren adar berri bat definitu behar izan zuen Lehnek, eta adar berri horri "kimika supramolekularra" deitzea proposatu zuen. Izan ere, bi espezie kimiko desberdin edo gehiago molekularteko indar ez-kobalenteen bidez elkartzearen ondorioz sortzen diren entitate konplexuak ditu aztergai (aitzitik, kimika molekularrean, entitateak osatzen dira lotura kobalente bidez uztartutako atomoak oinarri hartuta). Eremu berri hori auto-antolaketa prozesuen kimika izena hartuta garatu da, eta azken aldian "kimika adaptatiboa" ere esaten zaio.

Akademia- eta erakunde-zerrenda luze baten kide da Lehn irakaslea, eta hainbat ohorezko titulu eta nazioarteko sari eman dizkiote.

Hizlari paregabea, publiko orokorrari eskainitako hitzaldietan, bere ideiak azaltzeko duen modu erraz eta argia azpimarratzekoa da, aldi berean askorentzat ezezaguna zen kimikaren adar bat ezagutzera ematen duelarik.

*Sarrera doakoa eta librea aforoa bete arte.

*Hitzaldia ingelesez izango da, eta aldibereko itzulpen zerbitzua eskainiko da euskaraz eta gazteleraz.