Joana Heviak eta Nerea Gilek irabazi dute UPV/EHUko Argazki Zientifikoen VI. Lehiaketa
"Reloj de arena" Bizitzaren Zientzien arloan eta "Tentáculos de poliestireno" Materialen Teknologia eta Zientzietakoan izan dira sarituak
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2015/02/12
Joana Heviaren "Reloj de Arena" eta Nerea Gilen "Tentáculos de poliestireno" argazkiak izan dira UPV/EHUko Ikerketako Zerbitzu Orokorrak (SGIker) antolatutako Argazki Zientifikoen VI. Lehiaketako irabazleak. Ikerketaren arloko errektoreorde Fernando Plazaolak, Ikerketako Zerbitzu Orokorren zuzendari Maribel Arriortuak, eta UPV/EHUko Medikuntza eta Odontologiako katedradun Juan Aréchagak eman dituzte bi sariak (iPad Mini tableta bana) gaur, osteguna, Leioako campuseko Biblioteka Nagusiko Batzar Aretoan burututako ekitaldian.
Biologia eta Ekologia Saileko Joana Hevia ikerlariaren "Reloj de arena" irudia Bizitzaren Zientzien atalean nagusitu da. Argazkian, 7 mikrako mikroalga baten silizezko egitura ikusi daiteke. Mikroalga hau Bilboko estuariotik isolatua izan da eta laborategian kultibatua. Azidoekin materia organikoa garbitu ondoren, kromo-geruza fin batekin estali da eta ekorketazko mikroskopio elektroniko batekin hartu da irudia.
Materialen Zientzia eta Teknologiaren atalean, berriz, Kimika Fisika Saileko ikerlari Nerea Gilek hartutako "Tentáculos de poliestireno" irudiak irabazi du. Ekorketazko mikroskopio elektroniko (SEM) batekin hartutako argazkian, poliestireno nanohodiak ikusi daitezke. Nanoegituraketa, polimero urtua anodizatutako alumina mintzetan (AAO) infiltratuz burutu da. Behin polimeroa barrunbeetan solidotu ondoren, alumina txantiloiak azido batekin disolbatu ziren. Nanoegitara hauekin azalerako hidrofobia handitzea lortzen da.
UPV/EHUko Argazki Zientifikoen VI. Lehiaketa honetara, mikroskopia optiko, elektroniko edo nano-mikroskopiaren bidez egindako 46 irudi aurkeztu dituzte 28 ikerlarik. Epaimahaiak baloratu ditu kalitatea, irudiek duten inpaktu bisuala, zailtasun teknikoa, emaitza zientifikoa, originaltasuna eta estilo didaktikoa. Bizitzaren Zientzien arloko epaimahaikideak hauek izan dira: Juan Aréchaga (Zelulen Biologia eta Histiologia Saila), María Dolores Boyano (Zelulen Biologia eta Histiologia Saila), Mª Puy Portillo (Farmazia eta Elikagaien Zientziak saila), Mª Jesús Cueto (Eskultura Saila) eta Jorge Navarro (SGIker). Materialen Teknologia eta Zientzietako arloan, epaimahaian hauek izan dira: Agustín Etxeberria (Polimeroen Zientzia eta Teknologia Saila), Arantza Eceiza (Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza Saila), Juan Manuel Madariaga (Kimika Analitikoa Saila), Luis Mª Lezama (Kimika Ez-organikoa Saila) eta Nerea Legarreta (Irudigintza Saila).