2014ko azken hiruhileko Euskadiko Lan Txostena
- Erreportajeak
Lehenengo argitaratze data: 2015/02/10
2014ko azken hiruhilekoan, lanean zeudenen kopurua 10.500 pertsonatan hazi zen Euskadin, lana zutenen kopurua %1,2 gehituz, Estatu mailan epe berean izandako gehikuntza osoaren (%0,37) gainetik. Nabarmendu behar da, baita ere, 2014 urte osoaren balantzea ez dela hain positiboa izan, igoera garbia 2.500 pertsonakoa izan baitzen, gehikuntza osoa %0,29koa izanik, Estatu mailan kopuru hori askoz handiagoa izan zen bitartean (%2,5). Datu hauek erakusten dute, enpleguaren susperraldiak Euskadin urtearen bukaeran bakarrik izan zuela bultzada aipagarria eta, ondorioz, nahiz eta azken hiruhileko balantzea positiboa izan, 2014. urteak bere osotasunean balantze urria eta ahula erakusten duela oraindik susperraldiaren bide honetan.
Hemen aurkezten den hiruhileko enplegu txostenak Euskadiko lan merkatuaren osaketari buruzko informazio zehatza eskaintzen du, eta ikuspuntu bai estatiko zein dinamikotik ematen da. Horretarako, Biztanleria Aktiboaren Inkestak (BAI) Euskadiri buruz jasotako datuak erabili dira eta FEDEA Lan Behatokiarekin egin da azterketa grafikoa.
Hain zuzen ere, hiruhileko honetako Euskadiko lan egitura (estatikoa) aztertu da eta orain urtebeteko egoerarekin alderatu da, eta baita krisi aurreko egoerarekin ere (2007). Honi esker, lan merkatuaren osaketan krisiaren zazpi urteetan izandako aldaketak antzeman daitezke, eta baita atzeraldiaren irteera hasiberrian epe motzean ematen ari diren aldaketak ere. Era berean, Euskadiko langileen artean izandako lan trantsizioak (bai enplegutik zein enplegura) ere aurkezten dira, enpleguaren sorkuntzaren eta suntsipenaren bidez jardueraren pultsua neurtzeko. Analisi guzti horiek Estatuaren Guztizkoa izango dute erreferente bezala.
Euskadiko Lan Osaketa: 2014ko Laugarren Hiruhilekoa
Okupatuak
Euskadiko okupazio maila krisidun zazpi urteetan jaitsi egin da guztizko biztanleria helduaren %55etik %48,2ra. Honek esan nahi du, 135.000 okupatu gutxiago daudela. Hala ere, eta goian aipatu den bezala, hiruhileko honetako egoera orain urte bete izandakoarekin alderatzen badugu, hobekuntza txiki bat izan da okupazio mailan, %48tik %48,2ra igaro baita. Beste eskualde batzuekin alderatuta, Madril da tasa handiena duena, %53rekin.
Euskadiko biztanleria okupatuaren %47 emakumeak dira, iazko batez besteko bertsua, baina 2007an, krisiaren aurretik, Euskadik zuen batez bestekoa baino lau puntu handiagoa. Beraz, emakumeek okupatuen artean duten presentziaren aurrerapena nabarmena da.
Euskadiko okupatuen %45ak 45 urte baino gehiago ditu: bataz besteko hau portzentajezko 9 puntutan igo da 2007tik eta portzentajezko puntu 1ean azken urtebetean. Igoera hau 25 urtetik beherakoen kontura eman da. Izan ere, hauek, Euskadin ez dira heltzen okupatu guztien %4ra.
Euskadiko okupatuen %55ak unibertsitateko ikasketak ditu eta proportzio hau nabarmen igo da azken zazpi urteetan, azken urtean egonkor mantentzen den arren. Unibertsitate prestakuntza duten langileen kopurua Estatu mailako bataz bestekoa baino nabarmen handiagoa da eta, izan ere, Madrilekin batera, Euskadi da okupatuen artean unibertsitarioen presentzia handiagoa duen eskualdea.
Industria pisua galtzen ari da Euskadiko enpleguan krisia hasi zenetik. Lana dutenen artean, %24ri lana ematetik, %20eri lana ematera pasatu da. Azken urtean, industria pisua galtzen ari da Euskadiko enplegu guztiaren kopuruan. Aldameneko eskualde bik Euskadik baino emaitza hobeak izan dituzte industria sektorean: Errioxa eta Nafarroa: industriak enplegu guztian eragin gehien duen eta intzidentzia gutxien galdu duen eskualdeak izateagatik nabarmentzen dira biak. Gainerako eskualdeetan, industriak eragin nabarmen txikiagoa dauka enplegu guztian.
Lanaldi Partzialaren modalitatea gehien erabiltzen duen autonomia erkidegoa da Euskadi, Nafarroaren aurretik. Krisi garaian, modalitate honen areagotzea oso nabarmena izan da. Kontrako muturrean, Madril da mota honetako lan jardunaldia gutxien erabiltzen duen eskualdea.
Langabetuak
Euskadin 174.100 langabetu daude Biztanleria Aktiboaren Inkestaren (BAI) arabera, orain urtebete baino 10.000 gehiago eta krisia hasi zenean baino 80.000 inguru gehiago. Bere banaketa aztertuz gero, honakoa nabarmendu dezakegu:
Talde hau osatzen dutenen %54 gizonezkoak dira, eta beraien eragina nabarmen handitu da krisian zehar, eta joera horrek bere horretan jarraitu du azken urtean ere.
Langabetuen bataz besteko adina gero eta gazteagoa da krisi honetan, eta bereziki azken urtean, 44 urtetik gorakoen taldeak presentzia galdu baitu gazteagoen alde.
Hiru langabetutik batek prestakuntza unibertsitarioa dauka, eta datu hau egonkor mantendu da krisi garaian. Proportzio hau Estatu mailakoa baino handiagoa da, baina honen arrazoia da Euskadin presentzia handiagoa dutela unibertsitarioek lan egoera guztietan, eta ,ondorioz, baita langabetuen artean ere.
Iraupen luzeko langabeziak Euskadin duen eragina bikoiztu egin da, 2007an langabetuen %32 izatetik 2014an %67 izatera igaroz. Grafikoak erakusten duen bezala, honakoa eskualde gehienetan eragina izan duen fenomenoa izan da. Egia da, baita ere, iraupen luzeko langabeziak langabetuen proportzio handiago bati eragiten dion eskualdea dela Euskadi. Izan ere, Valentziako Erkidegoa eta Kanariak bakarrik daude bere gainetik. Kontrako muturrean Balearrak daude, non iraupen luzeko langabetuen kopurua langabetu guztien erdia baino baxuagoa den. Honako hau, arazo oso larria da eta aurre egin beharko zaio, bestela urte askotan lanik egin gabe egotearren sortutako deskapitalizazioaren ondorioz lan merkatutik kanpo geldituko den langabetuen kopuru oso handi batekin aurkituko gara.
Euskadiko Lan Trantsizioak
Euskadik enplegu garbia sortu du hiruhileko honetan, enpleguranzko trantsizioek (sorkuntza) enplegutik izandako trantsizioak (suntsipena) gainditu baitituzte. Balio absolutuetan, sorkuntza garbi hau, aurrerago esan bezala, 12.500 lanpostu garbitan kokatu da. Egoera hau, grafikoak ondo erakusten duen bezala, orain urtebetekoa baino nabarmen hobeagoa da, sorkuntza garbia zero izan zenean.
Lan trantsizio hauek Estatu mailan izandakoekin alderatuz gero, interesgarria da ikustea Euskadin bai sorkuntzako zein suntsipeneko lan trantsizio gutxiago ematen direla, eta horrek erakusten du enplegua ez dela hain aldakorra. Trantsizioen aldakortasunaren muturreko kasua Andaluziakoa da, eskualde honetan hiruhileko bakoitzean kontratazio eta iraizpen ugari ematen baitira. Aldakortasun oso handi batek erakusten du lan merkatuan iraupen laburreko aldi baterako lan-kontratuak egiten direla, eta horrek, hasiera batean, lan prekarietate handia ematen dela erakusten du.
Euskadik enplegu suntsipen baxuena dauka kopuru erlatiboetan: Aurreko hiruhilekoan okupatuta zeudenen artean, %5ak bakarrik galdu zuen bere lana hiruhileko honetan, eta hori Estatuko eskualde guztien artean emandako tasa baxuena da.