Bisitari ugari UPV/EHUko Unibertsitate Orientaziorako Azoketan
Unibertsitate Orientaziorako Zerbitzua martxoaren 9tik 12ra arte ospatuko diren Jardunaldi Irekiak prestatzen hasi da jada
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2015/02/09
Larunbatean bukatu ziren Euskal Herriko Unibertsitateko Orientaziorako Azokak eta guztira 6.837 bisitari izan dituzte. Kopurua aurreko edizioarena baino txikiagoa da, azken egunetako eguraldi txarrak eragina izan baitu. Unibertsitate Orientaziorako Azoken helburua da unibertsitate aurreko ikasleen zalantzak argitzea eta unibertsitateko ikasketak aukeratzen laguntzea.
Zehatz-mehatz, Gipuzkoako Campusean azoka urtarrilaren 24an izan zen eta 3.319 bisitari egon ziren; Arabako Campusean urtarrilaren 31n ospatu zen eta 1.357 pertsona hurbildu ziren; eta, azkenik, Bizkaiko Campusean otsailaren 7an egin zen, eta 2.161 bisitari hartu zituen. Guztira, beraz, 6.837 bisitari egon dira.
Azoketan, UPV/EHUko ikastegi guztietako irakasleek nahiz unibertsitateko zenbait zerbitzutako langileek informazio zehatza ematen diete ikasleei, bai UPV/EHUk eskaintzen dituen gradu guztiei buruz, baita unibertsitatera sartzeko bideen, mugikortasun-programen, graduondokoen, tasen, beken, unibertsitateko ostatu eta garraioaren, kirol-jardueren, unibertsitate-orientazioaren eta abarren gainean ere.
UPV/EHUk urtero garatzen du Unibertsitatera Sartzeko Programa, unibertsitate-aurreko ikasleek ahalik eta informazio gehien izan dezaten ikasketak hautatu aurretik, eta Unibertsitate Orientaziorako Azokak programa horren baitan kokatuta daude, haren bigarren fasean. Lehen fasean, unibertsitate-aurreko ikasleei interesatzen zaizkien graduei buruzko Jarduera Praktikoak burutu ziren. Eta, programari amaiera emateko, Ate Irekien Jardunaldiak egingo dira, martxoan. Horietan parte hartzeko, bigarren hezkuntzako eta lanbide-heziketako beren ikastetxeetan eman beharko dute izena ikasleek edo unibertsitateko web gunean: https://www.ehu.eus/eu/sou/jardunaldi-irekiak. Izena emateko epea irekita dago dagoeneko.
"Laster unibertsitatera etorriko diren ikasle asko hurbildu dira, baina jaitsiera nabaritu dugu, Euskal Herrian egon den denboraleak Gasteizko eta Bilboko azoken egunak barne hartu ditu eta. Donostia ez zen horrelako gertakaririk egon, eta bertaratu zirenen kopurua 2014koa baino handiagoa izan zen. Ikastegiek, irakasleek eta administrazio eta zerbitzuetako pertsonalak, hau da, unibertsitateak oro har ahalegin guztiak egiten ditu Unibertsitate Orientaziorako Azoketan. Gure erakusleihorik hoberena da eta formularik onena ordu batzuez unibertsitatea gure ikasleak izango direnengana hurbiltzeko. Aurten ere, gure itxaropenak bete dira eta etorri direnen asebetetze maila altua izan da", adierazi du Ikasleen, Enpleguaren eta Gizarte Erantzukizunaren arloko errektoreorde Maite Zelaiak.