Pertsonak erreskatatzeko gailu bat eta tuper berritzaile bat saritu ditu XVIII. GECEM Masterrak
Hirugarren urtez jarraian, Masterreko parte hartzaileek, enpresa kudeaketaren irizpide etikoen buruzko "Juramentu Hipokratikoa" egin dute
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2015/02/04
Unibertsitateko lizentziadun gazteek negozio-ideia berritzaileak abiarazteko gai direla frogatu dute berriz ere, diziplina-arteko taldeetan egindako lan bateratutik abiatuta. MBA GECEM Masterrak lan-sistema hau sustatu du orain arteko 18 edizioetan, eta lehendabiziko aldiz, enpresa-proiekturik onenarentzako saria "ex aequo" banatu du bi ideia bitxi bezain desberdinen artean: istripua izan duten pertsonak erreskatatzeko/aurkitzeko gailu bat, eta janaria entxuferik gabe berotzen duen tuper bat.
GECEM (Enpresen Lehiakortasunerako MBA Executive Kudeaketa Masterra) UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Enpresa-Antolaketa Sailak, Ingeniari, Ekonomista eta Abokatuen elkargoek, CEBEKek eta APDen Iparreko Ordezkaritzak sustatutako gradu ondoko ikastaroa da, Iberdrolak eta Bizkaiko Foru Aldundiak babesturik. GECEM Masterra Euskal Herriko Unibertsitatearen ekimen aitzindaria da, matrikulatutako ikasleei beren ogibideetako kudeaketan eta zuzendaritza arloko zereginetan era erraz eta praktikoan sakontzeko aukera ematen diena. Masterra zortzi moduluz osatuta dago, eta bakoitzaren ardura enpresa-kudeaketan eta irakaskuntzan esperientzia zabal-zabala duten profesionalen esku dago, aholkulariak, unibertsitate-irakasleak, teknologia zentroetako profesionalak eta enpresetako goi-kargudunak tarteko direla.
Azken edizioan, Masterrak 28 ikaste bildu ditu, zazpina pertsonako lau taldetan banatuta, eta talde hauetako bakoitzak enpresa-proiektu bat landu du. Orain arte antolatu diren 18 edizioetan, gradu ondoko 464 ikasle inguruk parte hartu dute MBA Executive GECEM Masterrean, enpresetako etorkizuneko goi-kargudunei jarduera-esparru desberdinetan erabakiak hartzeko behar duten ezagutza eta esperientziaz hornitzea izanik bere helburu nagusia.
Bi enpresa-asmo berritzaile eta bideragarri
Gloder proiektuaren muina, globo bat askatu eta mendiko nahiz itsasoko kirol eta aisia-jardueretan ezbeharren bat pairatu duen edozein pertsona berehala aurkitzea ahalbidetzen duen terminal eramangarria da. Oso erraz eraman daitekeen tamaina eta pisu txikiko mekanismoa da, eta posizionamendu bisualeko sistema denez gero, aire zabaleko jardueretan (mendizaletasuna, motoziklismoa, txirrindularitza, itsas jarduerak...) galdu edo istripua izandako pertsonak erreskatatzeko denbora murrizten du. Negozio-planak Gloder produktuaren bi bertsioren komertzializazioa aurreikusi du: bata, oinarrizkoa, 80 euroko prezioan, eta bestea, sofistikatuagoa, 200 eurotan.
Hauexek dira proiektu hau landu duen taldeko kideak: Iñigo Caro García (Industria ingeniaria), Ainara Cuevas López (Industria Antolakuntzako ingeniaria), Asier Iglesias López, (Negozio-Kudeaketako graduduna), Andreea Maruntu (Kazetaritza eta Komunikazioko lizentziafuna), Aitor Morante Nebreda (Industria ingeniaria) Iñaki Moreno Fernández (Informatikako ingeniaria), Roberto Pastor Alonso (Telekomunikazio ingeniaria).
Bestalde, Ralph delakoa, merkatuan lehiarik ez duen tuper berritzailea da, janariak garraiatzeaz gain, bateria baten bidez edozein lekutan berotzeko aukera eskaintzen duena, sare elektrikora konektatu beharrik gabe eta erabili ondoren garbitu beharrik ez duen ontzi birziklagarri batez hornitutakoa. Elikagai-eramaile hermetiko eta arina da, aurretik sukaldatutako eguneko janaria isurtzeko eta usain txarra emateko arriskurik gabe garraiatzeko aurkera bermatzen duena. Produktua etxetik kanpo jaten duten langileei nahiz aire libreko aisialdi-jarduerak egiten dituzten mendizale eta txangozaleei zuzenduta dago. Janaria gordetzeko barruko aldea hermetikoki ixten den estalkia dauka, baita azkenburukoa, mahai-tresnak, zapiak eta aho-higienerako kit bat eramateko zokondoak ere.
Hauexek dira proiektu hau landu duen taldeko kideak: Javier Carrera Zabala (Industria Antolakuntzako ingeniaria), Nacho Espejo Ledesma (Filosofia eta Letretako eta Geografia eta Historiako lizentziaduna), Xabi Etxebarria Susaeta (ADEko lizentziaduna), Nuria Hernando Martínez (ADEko lizentziaduna), Josep Reverté Castellà (Industria Antolakuntzako ingeniaria), Mikel Ruiz García (Industria ingeniaria), y Javier Santos Asla (Industria ingeniari teknikoa).
Beste proiektu batzuk eta ikasleen konpromiso etikoa
Proiektu bitxi hauek MBA Executive GECEMen XVIII. edizioko proiekturik onentzat aldarrikatu dira, baina lehia gogorra izan dute Masterreko ikasleek landutako beste enpresa-proiektu hauen kalitate-maila handiagatik: sma?t eta Epharmabox. Lehenengoa etxebizitzei nahiz negozioei zuzendutako "zaindari robotiko pribatua" delako segurtasun-gailua da, eta bigarrenak errezeta elektronikoari atxikitako sendagaien dosifikazioa automatizatzeko sistema bat eta pertsona bakoitzari helarazten zaion gailu moderno eta erabilerraz bat ditu oinarri.
Ondoz ondoko hirugarren urtez, Masterreko parte-hartzaileek ingurumen kudeaketari buruzko irizpide etikoak biltzen dituen "Zin Hipokratikoa" sinatu dute. Krisi finantzario globalaren barruan gertatu diren subprime hipoteken gisako iruzur masiboei emandako gizarte-erantzukizuneko erantzun bezala, MBA GECEM Masterrak negozioen munduan etikotasunez jokatzearen aldeko konpromiso honen sinaketa bultzatu du bere ikasleen artean.
Gradu ondoko ikastaro honen XVIII. edizioari dagokion diploma eta sari banaketa ekitaldia egingo da Bizkaiko Abokatuen Bazkunaren Bilboko egoitzan Carlos Fuentenebro dekano berriaren presidentziapean. Bertan izango dira, Pablo Díaz de Basurto, Masterraren zuzendaria, eta Javier López GECEMat-eko ordezkari bezala, aurreko edizioetako ikasleak biltzen dituen MBA Executive GECEM elkartekoa.
Masterrak 15 hilabetetan banatutako 500 eskola-orduko iraupena du eta beste 100 proiektuaren garapenean, zeregin exekutiboetan edo zuzendaritza karguetan lan egiten edo egingo duten goi-titulazioko profesionalei zuzenduta dago Masterra. Graduatuei prestakuntza akademikoan argitu gabe geratu zaizkien alderdiak argitzeko aukera ematea da helburu nagusia, baita ezaguerak trukatzea eta beren ikusmoldea aberastea ere, beti ere enpresen lehiakortasunari begira. Hitz gutxitan esanda, xedea, geroko exekutiboei erabakiak hartzeko ezaguerak eta esperientzia ematea da eta MBA Executive Masterrak, zerotik hasita, enpresa proiektu bat garatzeko aukera eskaintzen die.