euskaraespañol

Eguneko irudia

Euskal kostaldeko Gelidium algen larrea, gainbeheran klima aldaketagatik

UPV/EHUko ikerlarien arabera, espezie hau ekosistemaren aktibo bat da eta bere desagerpenak itsas faunaren aldaketa dakar

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2015/01/23

Uraren tenperaturaren igoera, eguzki-erradiazioaren areagotzea, mantenugaien jaitsiera eta ekaitz bortitzak dira Euskal kostaldeko Gelidium corneum alga gorrien populazioa azken urteetan izaten ari den gainbehera larriaren arrazoi nagusiak. UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko José María Gorostiaga irakasleak zuzentzen duen Itsas Bentos Ikerketa Taldeak bildutako datuek erakusten dute alga honen presentzia euskal kostaldeko herri askotan erdira jaitsi dela eta muturreko kasuetan %80tik %5era jaitsi dela.

Azken bi hamarkadetan euskal kostaldeko itsas-landaredian ematen ari diren aldaketak irudiztatzeko, ikerketa talde honek bideo bat (7 minutukoa) grabatu du, non argi eta garbi erakusten den itsas ekosistemaren ahultasuna kliman izandako aldaketen aurrean.

Gorostiagak ziurtatu duenez, "aldaketa izugarriak ari dira ematen gure itsaspeko paisaian; lehen algen belardi zabalak zeuden tokietan, orain basamortu itsura duten eremuak daude. Produktibitatearen galera garrantzitsu bat sufritzen ari gara. Eta horrek, itsasoaren biodibertsitatea kaltetzeaz gain, begi-bistan, paisaian eta baita kultur arloan ere eragin negatiboak ditu".

Aldaketak kliman

Tamaina handikoa, gorrizka eta olatuek gogorren jotzen duten tokietan kokatzen dena, Gelidium corneum algak rol garrantzitsua betetzen du itsas ekosistemaren funtzionamenduan. Babesleku moduan, errunaldietarako eta animali eta alga askoren etxe bezala da baliagarri, eta bizirauteko baldintza bereziak behar ditu. Hala ere, UPV/EHUko ikerketa taldeak baieztatu ahal izan duen bezala, azken hamarkadetan nabarmen aldatu dira klimaren baldintzak. Esate baterako, uraren tenperatura epeldu egin da azken hiru hamarkadetan, abuztuko batez bestekoa 1ºC igoz, 22ºC-tik 23ºC-ra pasatuz, uda bereziki beroak izateaz gain aurretik inoiz lortu ez diren tenperaturekin (26,2ºC-ko gehiengoa lortu zen 2003ko abuztuan). Eguzki-erradiazioak gora egin du -berezko kolore gorri ilun naturalaren ordez, hori eta baita zuri koloreak ere hartzen dituzten algen estres maila handituz- eta mantenugaien kopurua jaitsi egin da -azaleratzearen aldaketen eta ibaietatik heldutako ur kopuruaren murrizketaren eraginez-. Aldaketa hauei beste faktore batzuek ere gehitu behar zaizkie, hala nola, bertako animalien zein kanpotik etorritakoen herbiboroen areagotze potentziala edota ekaitzen maiztasun eta intentsitatearen handitzeak duen ebakitze efektua algen gaur egungo ahultasunaren ondorioz. Guzti horren ondorioz, orain bi hamarkada zeuden Gelidiumen belardi gorriak desagertu egin dira euskal kostaldeko hainbat puntutan eta, oraindik mantentzen direnetan, kaltetuta eta estres sintomekin daude.

Alga mota honek betetzen zuen tokia, beste alga mota bat bereganatzen ari da partzialki, Corallina generokoa. Txikiagoak eta gogorrak dira, karedunak eta arrosa kolorekoak. Giro argitsuetako ohiko espezieak dira eta Gelidiumak baino ur epelagoan bizitzeko egokituta daude. Inguruneko baldintzen eta alga gainartzaileen aldaketaren ondorioz, animali espezie berriak ari dira agertzen. Ikerketaren arabera, 1991an euskal kostaldeko bioaniztasunak 90 espezie zituen inbentariatuta eta, 2013an, aldiz, kopuru hori nabarmen handitu zen, 116 espeziera heldu arte.

"Espezie berri gehiago egotea ez da, derrigorrez, positiboa. Ekosistema batean positiboa dena da funtzioak eta prozesu ekologikoak mantentzea. Hau da, produktibitatea eta bioaniztasuna mantendu daitezela, baina ez bakarrik espezie kopuruei dagokionean, baizik eta baita aniztasun genetikoa edota funtzionala bezalako terminoetan ere. Eta, izan ere, gure kostaldera sartu diren espezie berriek biomasa gutxi ekartzen dute oso txikiak baitira eta morfologia sinpledunak. Gainera, iragankorrak dira eta ez dute eskaintzen beharrezkoa den egitura espazialik arrain eta ornogabeei babesa emateko", dio Isabel Díez, ikerketa taldeko kideak.

Ekosistemaren aberastasunari eutsi

Gelidium algaren biomasa euskal kostaldean izaten ari den atzerakada geldiezina da, baina bai moteldu, klima aldaketa gelditzeko beharrezkoak diren neurriak hartuta. Dena den, José María Gorostiagaren iritziz, "kaltea egina dago jada, azken estimazioek ziurtatzen baitute aldaketa klimatikoaren inertzia geldiezina dela, neurri zuzentzaile bezala isuriak murriztu ezkero, hau da, eszenatoki baikorrenean, mende bukaerarako airearen tenperatura 2 edo 2,5ºC igotzea itxaroten delako. Eta neurri nahikorik hartzen ez bada, igoera 4,5ºC ingurukoa izango da".

Behin puntu honetara helduta, ikerlariek diote garrantzitsuena orain euskal kostaldeko ekosistemaren eta bioaniztasun biologikoaren funtzioak bere izaera globalean mantentzea dela, bertan jarraitzen duten edo bertatik desagertu diren espezieak edozein izanda ere. Horretarako, ezinbestekoa da ikerketekin jarraitzea espezieen galera eta ordezkapen prozesuak ezagutzeko eta makroalgek gizarteari ekartzen dizkioten ondasun eta zerbitzu ekosistemikoetan izandako galerak zenbatzeko, eta baita arintze eta zaharberritze neurrien ebaluazioa egiteko.