euskaraespañol

UPV/EHUko Arte Ederren fakultateko ikasleek elkartruke artistikoa burutuko dute Kanadarekin

Noiz eta non

Noiztik: 2015/01/23 Noiz arte: 2015/01/28, 20:00 - 19:01

Deskribapena

"Aizkora Burua" ekimena Bilbon eta Toronton aldi berean egingo diren hainbat erakusketaz osatuta egongo da 

Ostiralean, urtarrilak 23, 20:00etan, "La Taller" galerian (Zumarraga kalea 7, Maestro Icíar kalearekin izkina, Bilbo), UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko graduondoko ikasle talde batek antolatuta, "Aizkora Burua" inauguratuko da, artista eta erakunde euskaldun eta kanadarren arteko elkartruke eta erakusketa artistikoz osatutako ekimena.

Ekimen hau, ARMAR eta Bill Clarke-ren arteko elkarlana da. ARMAR bere jarduera arte sorkuntzaren eta ikerketaren inguruan garatzen duen eta Bilbon kokatua dagoen elkartea da. Eta Bill Clarke kanadarra Magenta Magazine-ko editorea da, eta Canadian Art, ARTnews, Modern Painters eta Art Review aldizkarietarako idazten du.

"Aizkora Burua" ekimena, bi hilean behin Bilbon eta Toronton aldi berean egingo diren sei elkartruke itsu eta erakusketak osatzen dute. Lehen elkartruke honetan, Bilbon, La Taller grabatu estudio eta galeriak erakusgai izango du Kristiina Lahde artistaren lan bat. Eta, aldi berean, Torontoko Open Studio grabatu zentroak Rosa Parmaren lan grafiko bat aurkeztuko du.

Kristiina Lahde (Toronto, 1974)

Kristiina Lahdek, bere karreran zehar, bere lanaren ekoizpenerako egunerokotasunean aurki ditzakegun material eta objektuak erabili izan ditu, euren jatorrizko funtzioak tolestaketa, mozketa eta berrantolaketaren bitartez ezkutatuz. Bere lanean aurkitzen diren konposizio errepikakor eta erritmikoak, arte kontzeptual eta minimalistaren oinarriak ukitzen ditu.

Oraingo lanean, Lahdek praktika artistikoari egindako hurbilketa aske uzten du, zoriaren elementuak erreplikazio eta inbertsio prozesu bati lotuz. Dado bat tanpoi gisa erabiliz, tinta ezartzen du bere aurpegi guztietan paperaren azalera jaurti aurretik. Dadoaren erreboteak tinta arrastoak uzten ditu bere ibilbidean eta dadoaren aztarna bat amaierako atseden posizioan. Markak pilatzen doazen heinean, lana ekintza-multzo baten erregistroa bihurtzen da. Ausaz egindako jaurtialdia ispilu irudi bat bezala islatzen da orduan.

Rosa Parma (Barakaldo, 1979)

Marrazkia eta estanpa dira Rosa Parmaren lanaren mamia osatzen dutenak. Bere praktika artistikoan, bere marrazkiek erakusten duten indar gordina estanpari datxekion ugaritasunarekin lotzen du, produkzio dinamiko eta anitza zimendatuz, non marrak gurutzatzen eta elkartzen diren eraikuntzan. Punk mugimenduaren eta mugimendu feministaren influentzia bere lanaren ezaugarri grafikoaz haratago doa. Influentzia hau bada ere autoedizio eta independenteak diren iniziatiba kulturalen kudeaketaren motorra.

Oraingo lanak, litografia eta serigrafia nahasten dituenak, gorputzean ezegonkorra danarekiko lilura eta heterogeneoa den prozesuarekiko lehentasuna ikusten uzten du. Lana artistaren ohiko praktikaren eredua da. Zatikatutako eta garraztasun kromatikoz gartutako figura femeninoa, harri gaineko trazuaren basatasunean mugitu eta borrokatzen da. Lan hau haragizkotasunaren eta lizunkeriaren ugaritasuna agerikoa den multzo baten parte da. Eta 2006an artistak Estampación Artística Viña de Gijon-eko zentro batean egindako egonaldi batean egina izan zen lan hau.