euskaraespañol

Eguneko irudia

Antropozenoa aro nuklearrarekin hasi al zen?

Nazioarteko ikerketa talde batek, tartean da UPV/EHU, 1945eko uztailaren 16a hartu du Lurraren Historian garai geologiko berri baten hasieratzat

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2015/01/20

Tunelbokako hondartza zementatuaren ikuspegi orokorra (Galea Muturra, Getxo), Bilboko Itsasadarraren bokaletik hurbil

Gizakiok inpaktu nabarmena ari gara eragiten Lurrean; hainbesterako, haren geologia ere eraldatzen ari garela: etorkizunean iraungo duten geruza berri eta bereiziak sortu dira. Horixe da, hain zuzen, Antropozenoaren atzean gordetzen den ideia; gure planetaren historiaren garai bat, Paul Crutzen Nobel saridun eta kimikari atmosferikoak duela 15 urte proposatutakoa. Harrezkero, ideia hori izugarri zabaldu da, nola zientzietan, hala giza zientzietan.

Baina Antropozenoa garai geologiko bat bada, noiz hasi zen? Gizakiok denbora asko daramagu ingurumena eraldatzen, eta Antropozenoa noiz has zitekeen adierazten duten ideien artean milaka urteko aldea dago: nekazaritzaren sorrerarekin batera has zitekeen, Industria Iraultzaren eraginez, edo baita etorkizunean ere; izan ere, gizakiok eragindako aldaketarik handienak, seguru asko, oraindik etortzeko daude.
Orain, Antropozenoa modu formalean aztertzen ari den nazioarteko lantaldeko kideek iradoki dute inflexio puntua XX. mendearen erdialdean gertatu zela. Une horretan utzi baikenion gizakiok gure jardueren aztarna hutsak lagatzeari, eta hasi ginen Lur Sistema bere osotasunean eraldatzen. "Azelerazio Handia" gertatu zen biztanlerian, karbono igorpenetan, espezieen inbasio eta desagertzean, lurraren eta zoruen mugimenduan, eta zementu, plastiko zein metalen ekoizpenean.

Kontzeptu horrek, halaber, aro nuklearraren hasiera dakar berarekin; zehazki, isotopo erradioaktiboak planetan zehar barreiatu zirenean, poloetatik Ekuatorera, eta ia lurraren gainazal osoko geruza modernoetan seinale detektagarria utzi zutenean.

Proposamen hau, hain justu, bost kontinenteetako ikerketa zentro eta unibertsitateetako pertsonek osatutako lantaldeko 26 kidek sinatutakoa da; tartean dira Jan Zalasiewicz (Leicesterreko Unibertsitatea, Erresuma Batua), taldeko arduraduna; Paul Crutzen Nobel sariduna; eta UPV/EHUko Alejandro Cearreta. Proposamenaren arabera, Antropozenoaren hasieratzat jo genezake historiako aurreneko bonba nuklearrak eztanda egin zueneko garaia; alegia, 1945eko uztailaren 16a. Aro nuklearraren hasierak inflexio puntu historikoa adierazten du; izan ere, harrezkero gizakiok energia iturri berri eta erraldoi baterako sarbidea izan dugu. Era berean, askotariko ebidentzia geologikoak baliatuta, geruza geologikoetan lokalizatu daitekeen denbora bitarte bat ere bada. Gizakiak eragindako erradiazio global horrek ezin hobeto laburbiltzen ditu gure espeziea eragiten ari den eta dagoeneko nabarmena den planeta aldaketaren ezin konta ahala ebidentziak.

Datorren urtean, Antropozenoari buruzko lantaldeak dagozkion gomendioak emango ditu: ea denbora unitate berri hau ofizialki formalizatu beharko litzatekeen, eta denbora geologikoko taulan txertatu. Eta hala izanez gero, nola definitu eta ezaugarritu beharko litzatekeen. 

Erreferentzia

Zalasiewicz, J., Waters, C.N., Williams, M., Barnosky, A.D., Cearreta, A., Crutzen, P., Ellis, E., Ellis, M.E., Fairchild, I.J., Grinevald, J., Haff, P.K., Hajdas, I., Leinfelder, R., McNeill, J., Odada, E.O., Poirier, C., Richter, D., Steffen, W., Summerhayes, C., Syvitski, J.P.M., Vidas, D., Wagreich, M., Wing, S.L., Wolfe, A.P., An, Z. & Oreskes, N. Sarean argitaratua. When did the Anthropocene begin? A mid-twentieth century boundary is stratigraphically optimal. Quaternary International.

http://www.sciencedirect.com/science/article/pii/S1040618214009136