euskaraespañol

Eguneko irudia

UPV/EHUko ikasleek Junior Enpresen I. Sari Nazionala irabazi dute

HEBE konpainiak Euskadiko modaren sektoreko disenatzaile gazteak sustatu eta babesten ditu

Lehenengo argitaratze data: 2015/01/16

HEBE-k, UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko Zitek Ekintzaileak programatik ateratako konpainiak, Junior Enpresen I. Sari Nazionala irabazi du Confederación Española de Junior Empresas-en (CEJE) eskutik. Ikasleek sortutako enpresa honek 10 hilabete baino ez ditu, 2014ko martxoan sortu zen, eta Publizitatea eta Harreman Publikoak ikasten ari diren Laura Ruiz, Aurora Isla, Ane Aldaya eta Edu Irachetak osatzen dute, baita Eider Burgosek ere, UPV/EHUn Kazetaritzan graduatua. HEBEk Euskadiko modaren sektoreko diseinatzaile gazteak  eta moda marka txikiak sustatu eta babesten ditu.

"2014ko martxoan erabaki genuen enpresa hau sortzea, irizten baikenuen Euskadin modaren sektoreko diseinatzaile gazteen harrobi handia zegoela, eta, aitzitik, beraien arteko sinergiak sortu zitzakeen plataformarik ez zegoela. Denbora gutxi badaramagu ere, HEBEk hainbat ekitaldi antolatu ditu Euskadin dugun talentu gaztea bultzatzeko eta laguntzeko", azaldu du Edu Irachetak, enpresaren zuzendariak.

Junior enpresak, beraien izaera dela eta, fakturatzen dutena enpresa bertan inbertitu dute. Sariari esker geldi zituzten proiektu desberdinak finantzatzeko aukera izango  dute. Gainera, azpimarratu du Irachetak, egindako "lan handia aitortzen" du sariak.

Motibazioa eta profesionaltasuna

Bestalde, HEBE enpresako zuzendariak erakunde eta pertsona desberdinen aldetik izan duten laguntza eskertu gura izan du: "Ekintzailea izatea bakarrik egin ezin den abentura bat da. Hori dela eta, jarraitzen gaituzten eta gure lana baloratu izan duten guztiak eskertu nahi ditugu; baita modaren munduko profesional eta markak ere, gure gaztetasunean motibazioa eta profesionaltasuna ikusteko parada izan dutenak. Halaber, agente inportanteak izan dira, bai Zitek, zeinak guk lan egin ahal izateko tailer bat utzi digun, baita Beaz (Bizkaiko Foru Aldiko Sustapen saileko programa) ere, beso zabalik laguntzeko prest izan duguna behar izan dugunean".

Informazio gehiago: www.hebebilbao.com