Justizia Auzitegi Gorenak arrazoia eman dio UPV/EHUri banderen auzian
Euskal unibertsitateak ez du bere eraikinetan ezelako ikur edo bandera jarri beharrik
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2015/01/14
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Gorenaren administrazioarekiko auzien salak epaia eman du Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen errekurtsoa ontzat hartuz eta, ondorioz, baliogabetuz administrazioarekiko auzien 2. salak lehenago emandako epaia. Epai berri hau, abenduaren 17an emana eta UPV/EHUri aste honetan bertan jakinarazia, irmoa da eta ezin egin dakioke ezelako errekurtsorik.
Gogoratu behar da estatuaren gobernu ordezkaritzak demanda jarri zuela Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen aurka, estatuko bandera eraikin ofizial guztietan jarri beharko zuela alegatuta. Uzi honek Espainiako bandera eta bestelako ikurrak erabiltzeari buruzko 39/1981 legean zuen oinarri.
Orain eman berri den epaian, justizia auzitegi nagusiak zehaztu du aipatutako legeak bandera erabiltzeko beharra ezartzen diela lurralde administrazioei (estatua, autonomia, foru zein tokikoa izan), bai eta erakunde administrazioei ere. Hala ere, zehazten du ezen administrazio zuzenbidean ez direla esangura berekoak erakunde publikoaren kontzeptua eta erakunde administrazioaren kontzeptua eta, horregatik, kategoria honetatik kanpo kokatzen du UPV/EHU (legea aplikatu beharretik ere salbuetsiz). Justizia auzitegi nagusiak estatuko administrazioari ezarri dizkio kostuak (prozesuak eragindako gastuak).
Iñaki Goirizelaia UPV/EHUko errektorea kontent agertu da erabaki honengatik: "Epaiak unibertsitate autonomiaren printzipioa sendotzen du. UPV/EHUren xede nagusiak irakaskuntza ikerkuntza eta ezagutzaren transferentzia dira eta, hauekin batera, euskal kultura sustatu, eztabaida publikoa dinamizatu, kritikotasuna biztu, ekimen sena bultzatu eta bestelako eginkizunak ditu. Eginkizun hauetan guztietan aritzen da buru belarri Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea, bestelako asmo zein uziak bazter utzita. Gure erakundeak antolatzen dituen ekitaldi publikoetan, bandera akademikoak besterik ez da agertzen, antzina antzinako unibertsitate tradizioari eutsita".