euskaraespañol

Eguneko irudia

Tailerra

UPV/EHUren "Fisikaz eta Ingeniaritza Elektronikoaz Blai" egitasmoak Batxilergo 116 ikasle hartuko ditu

Noiz eta non

Noiztik: 2015/01/13 Noiz arte: 2015/01/22, 00:00 - 00:00

Deskribapena


UPV/EHUren "Fisikaz eta Ingeniaritza Elektronikoaz Blai" egitasmoak Batxilergo 116 ikasle hartuko ditu

Hilaren 22ra arte, 28 ikastetxetatik etorritako gazteek hainbat esperimentu egingo dituzte Zientzia eta Teknologia Fakultatean 

Asteartean, urtarrilak 13, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean (Sarriena auzoa z/g, Leioa), "Física e Ingeniería Electrónica en Acción/Fisikaz eta Ingeniaritza Elektronikoaz Blai" programari hasiera emango zaio UPV/EHUren Zientzia eta Teknologia Fakultatean, eta hilaren 22ra arte luzatuko da. Jarduera ludiko eta hezigarri hori hiru euskal probintzietako Batxilergoko ikasleei zuzenduta dago. Helburua ikasleengan zientzia hauenenganako arreta piztea da, egungo munduan duten garrantziaz jabetu daitezen.

Batxilergoko 116 ikaslek hartuko dute parte Nerea Zabala Unzalu eta Ibon Sagastabeitia Buruaga irakasleek koordinatutako deialdi honetan. Ikasle horiek 28 ikastetxetatik etorriko dira. Guztira 67 ikaslek egingo dute jarduera euskaraz, eta gainerakoek gaztelaniaz. Goizeko eta arratsaldeko taldetan banatuta egongo dira, eta binaka egingo dute lan laborategiko bost praktiketan.

Fisikaren moduluan, ikasleek fisika pixka bat "kozinatuko" dute mikrouhin labe batean. Lehen "errezeta" edo esperimentuaren bidez, mikrouhin labeen segurtasuna egiaztatu ahal izango dute, uhinek labetik "ihes" egiten duten ala ez aztertuz. Bigarrenik, mikrouhinean objektu metalikoak erabiltzeak dituen ondorioak behatuko dituzte. Azkenik, gomazko gozokien errezeta erraz baten bidez argiaren abiadura zehaztu daitekeela ikusiko dute. Era berean, ikasleek zenbait galderaren erantzunak ezagutzeko aukera ere izango dute, hala nola, zer dira mikrouhinak? Nola berotzen dute mikrouhin labeek? Ura duten elikagaiak bakarrik berotzen al dituzte?

"Difrakzioa, CDak eta espektroak" izeneko praktikan, ikasleek argiaren uhin izaeraren alderdi interesgarri bat aztertuko dute, eta ezagutza hori etxeko materialekin (CDak edo DVDak) espektroskopio bat sortzeko erabiliko dute. Hala, mundu mikroskopikoaren propietate batzuetara gerturatu ahal izango dute.

"Motor elektrikoa" kapituluan, elektromagnetismoaren funtsezko lege bat landuko dute, hain zuzen ere, egungo teknologiaren motorretako batean bihurtu dena: indukzio elektromagnetikoa. Gure inguruko teknologiaren %70 indukzio elektromagnetikoaren legean oinarrituta dagoela esan ohi da. Lege horrek aplikazio ugari ditu. Indukzio elektromagnetikoaren legea ulertzeko zenbait esperimentu aurkeztuko zaizkie ikasleei, baita garrantzi teknologiko handia duen indukzioaren aplikazioetako bat ere: motor elektrikoak. Korronte zuzeneko motorrak (edonork egin ditzake etxean, esfortzu handirik gabe) eta indukzio motorrak (esaterako, garbigailuen barnean aurki daitezkeenak, bertako ura ponpatzea helburu dutenak) aurkeztuko dizkiete.

"Fisika hutsean" moduluan, ikasleek presio atmosferikoak eguneroko objektuen portaeran duen eragina aztertuko dute. Horretarako, objektu horiek presiorik gabe, huts egoeran, duten portaera behatuko dute. Besteak beste, hutsean paper zatitxo bat metalezko bola baten abiadura berean erortzen dela ikusiko dute; baita ere, hutsean soinua ez dela hedatzen (argia bai ordea). Horrez gain, airean pisu bera dutela diruditen gorputzek hutsean pisu desberdina dutela eta giro tenperaturan ura irakin daitekeela ikusiko dute.

"Irratia" praktikan irrati-igorle komertzial baten irrati-maiztasuneko seinale bat jaso eta haren edukia entzuteko gai izango dira parte hartzaileak, daraman informazioa atera ondoren. Beste hitz batzuetan esanda, irratia entzungo dute. Horretarako beraiek eraikiko duten zirkuitu oso sinplea, osagai gutxikoa, erabiliko dute.

Ikasleek 5 proposamenetatik 3 burutuko dituzte, eta, ondoren, Zientzia eta Teknologia Fakultateko fisikako ikerketa laborategi bat eta ingeniaritza elektronikoko beste bat bisitatuko dituzte.

Deialdi honetan parte hartuko duten ikastetxeak:

CPEIPS ANDER DEUNA IKASTOLA HLBHIP, IEFPS ARMERIA ESKOLA GLHBI, IES I. AROZENA-BARRUETA-TAR BENITO BHI, IES ARTAZA-ROMO BHI, CPES NTRA. SRA. DE AZITAIN BHIP, CPES J.M. BARANDIARAN LIZEOA BHIP, IES BARRUTIALDE BHI, CPEPS NTRA. SRA. DE BEGOÑA LBHIP, CPEIPS BERRIO-OTXOA HLBHIP, IES BOTIKAZAR BHI, CPEIPS NTRA. SRA. DEL CARMEN HLBHIP, IES CRUCES BHI, IES DERIO BHI, IES ELEXALDE BHI, IES HERNANI BHI, IES IBARREKOLANDA BHI, IES JULIO CARO BAROJA BHI, IES KANTAURI BHI, CPES OTEITZA LIZEO POLITEKNIKOA BHIP, IES MUNGIA BHI, CPEIPS LA SALLE BILBAO HLBHIP, CPEIPS SAN VIATOR HLBHIP, CPEIPS STA. MARÍA HLBHIP, CPEIPS SUMMA ALDAPETA HLBHIP, IES UROLA IKASTOLA AZKOITIA- AZPEITIA BHI, IES TALAIA BHI, CPEIPS TXANTXIKU IKASTOLA HLBHIP, IES ZORROZA BHI.

Informazio gehiago: http://fisica.ehu.es/fisicaenaccion