UPV/EHUk eta Lu Xun Ikasketa Zentroak hitzarmena sinatu dute txinera irakasteko
Txinako Herri Errepublikara joateko mugikortasun programak bultzatuko ditu akordioak gainera
Lehenengo argitaratze data: 2015/01/12

UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreaorde Carmelo Garitaonandiak, eta Lu Xun ikasketa zentroko zuzendari Xiao Fang-ek lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur goizean Txinako hizkuntza eta kultura hedatzeko helburuarekin, baita Txinako Herri Errepublikara joateko mugikortasun programak bultzatzeko ere.

Ehunka tituludunenek lanpostua aurkitu dute Asiako herrialdean eta beste askok ere bide bera egingo dute, hori dela eta, unibertsitateak bere kideak prestatuko ditu Txinako hizkuntzan eta kulturan.

"Txinako hizkuntza ikasteko lankidetza hitzarmen honek hamaika ikerketa aukera irekiko dizkigu Txinako unibertsitateekin, zeintzuetako batzuekin elkarlanean aritzeko hitzarmenak ditugun. Gainera, munduko merkatu handienean lan harremanen eta enpresaren arloan aukera berriak eskainiko ditu. Txinako Ikasketen Masterrerako hizkuntza prestakuntza osatuko du, baita ere", adierazi du Carmelo Garitonandiak, Bizkaiko Campuseko errektoreaordeak.

Eskola aldietan

Lu Xun fundazioak txinera ikastaroak emango ditu Bizkaiko Campusean, bai orokorrak, bai espezifikoak; eta unibertsitateko kide guztiei dago zuzendua (ikasleak, irakasleak eta UPV/EHUko zerbitzuetako eta administrazioko langileak). Ikastaro horiek astean ordu bat eta hamar ordu bitartean izango dituzte, eta eskola aldietan emango dira, 8:00etatik 21:00etara bitartean. Halaber, uztailean eta irailean udako ikastaro trinkoak antolatu ahal izango dira.

Lu Xun Txinako Ikasketen Zentroak UPV/EHUren Bizkaiko Campusean ematen dituen txinera ikastaroak Bilboko Ikasketa Zentroan ematen dituen txinera ikastaroak baino % 10 merkeagoak izango dira gutxienez.