UPV/EHUko Leioako campusak bere trafikoa hobetu du Gradu Amaierako Lan bati esker
Parking berriaren sarrera eta irteera alderantzikatuz eta autobus batzuen ibilbideak desbideratuz, ibilgailuen jariakortasuna %25ean arintzea lortu da
Lehenengo argitaratze data: 2015/01/07

UPV/EHU Bizkaiko Campuseko Errektoreordetzak Leioako campuseko parking berriaren sarrera eta irteera alderantzikatu ditu goizeko lehen orduetan Unibertsitateko sarbide nagusian sortzen diren kotxe-ilarak arintzeko asmoarekin. Aldaketa hau, Ion Mitxelenaikasle graduatu berriak egin duen Gradu Amaierako Lanak proposatzen dituen aholkuak jarraituz egin da. Mitxelena Fisikan graduatu da 2013-2014 ikasturtean Zientzia eta Teknologia Fakultatean eta "Simulación del tráfico de entrada al campus de Leioa-Erandio: análisis y solución de los atascos" izenburudun bere Gradu Amaierako LanaIñigo Etxebarria irakasleak zuzendu du.

Lanak hiru alternatiba proposatzen ditu, Leioako campusak dituen trafiko arazoak arintzeko. Hautatutako aukera, "merkeena eta efizienteena" Mitxelenaren arabera, parkingaren sarrera eta irteera alderantzikatzean datza, sarrera irteeran bihurtuz eta alderantziz. Egilearen esanetan, "aldaketa hauekin, aparkalekura doazen kotxeen ilara eta hara ez doazenena bereizi egiten dira eta ez dute bat egiten. Parkingaren sarrera eta irteera alderantzikatuz bakarrik, campusean zehar dabiltzan kotxeen jariakortasuna %25ean arintzea lortzen da".

Joan zen azaroaren bukaera aldera, UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko Errektoreordetzak froga pilotu bat egin zuen aukeratutako alternatibaren eraginkortasuna egiaztatzeko. Eta emaitzak ikusi ondoren, aldaketa behin betirako ezartzea erabaki du.

Hiru alternatiba

Aukeratutakoz gain, Mitxelenaren Gradu Amaierako Lanak beste alternatiba bi ere proposatzen ditu. Horietako batek, inolako aldaketarik ez egitea eta gauzak lehen zeuden bezala uztea proposatzen du, "baina horrek, jakina, ez ditu campusaren beharrizanak asetzen", dio lanak. Eta hirugarren alternatibak eta "hiruretatik garestienak", sarrera eta irteera alderantzikatzeaz gain, errepidearen zati bat era esklusiboan parkingera sartzeko egokitzea ere proposatzen du, eta horrela han aparkatzera doazen kotxeek eta campuseko beste toki batera doazenek ez lukete inon bat egingo.

Ion Mitxelenak bere lana egiteko CA-184 eta DFI-TCA eredu fisikoak erabili ditu, "Cellular Automata" programazioan oinarrituta daudenak, denbora eta espazioaren arteko elkarreragina aztertzeko gaitasuna dutelako. Kalkuluetan hainbat aldagai ditu kontuan, hala nola, eguneko ordu ezberdinetan zenbat kotxe eta zenbat autobus sartzen diren Unibertsitatera, eraikinaren sarreratik hamabost metrora oinezkoentzako zebra-bide bat dagoela edota errepidearen zati inplikatuetan ea kotxeentzako bat edo bi errei dauden.

14 kotxe eta autobus bat minuturo

Bildutako datuen arabera, Leioako campusak egunero 14.000 pertsona inguru hartzen ditu eta, trafikoari dagokionez, arazorik gehien sortzen diren unea 8:10etatik 9:50etara arteko tartea da, tarte horretan batez beste minuturo 14 kotxe eta autobus bat sartzen direlarik campusera sarrera nagusitik. Ibilgailu guzti horietatik, hiru kotxetik bat parking berrira joaten da, eta "kontuan izanda kotxe guzti horiek beraien abiadura moteltzen dutela maniobra egiteko, bistakoa da sarrera nagusiaren ondoko aparkamenduaren presentziak eragin negatiboa duela trafikoaren jariakortasunean", ziurtatzen du Ion Mitxelenaren lanak.

Hala ere, Gradu Amaierako Lanak adierazten du autobusek ere nabarmen eragiten dutela trafikoan. Izan ere, "behin betiko irtenbide" bezala, parkingaren sarrera-irteerak alderantzikatzeaz gain, autobusen eta kotxeen ibilbidea guztiz banatzea proposatzen du Mitxelenak, autobusak inauguratu berri den saihesbidetik desbideratuz campusera Irakasleen Eskolaren ondoan dagoen sarreratik sartu daitezen. Proposamen hau, hala ere, partzialki onartu da, ikasgelategien pareko geltokietara doazen autobusak sarrera nagusitik sartzen jarraituko dutelako.

Carmelo Garitaonandia UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordeak adierazi duenez, "asko poztu nau gradu amaierako lan bat aplikatzea Leioako campuserako sarrerak eta trafikoaren jariakortasuna hobetzeko, horrek erakusten baitu gure ikasleek berrikuntzarako gaitasun handia daukatela. Eta gainera, inolako gasturik gabe; eta hori eskertzekoa da krisi sasoi hauetan".