UPV/EHUk Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako II. Plana onartu du
Lehenengo argitaratze data: 2014/12/19
UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako II. Plana (2014-2017) onartu du, gaur. Ekimen horren helburu nagusia da "generoko ikuspegi integratua unibertsitateko jarduera osoan txertatzea, politika aktiboak martxan jarrita, emakumeen eta gizonen berdintasun printzipioa benetan gauzatzeko eta diskriminazio jarrerak saihesteko".
Berdintasunerako II. Planean, erakunde akademikoak berdintasun printzipioa lortzeko datozen hiru urteetan bere egingo dituen helburuak, estrategiak eta ekintzak finkatzen dira. Horretarako, lehenik eta behin, esku hartzeko lau ardatz finkatu dira: irakaskuntza, ikerkuntza, lan eta gizarte harremanak eta gizarte hedakuntza. Arlo horietan, 65 ekintza planteatu dira guztira (15 irakaskuntzan, 14 ikerkuntzan, 34 gizarte eta lan harremanetan eta 24 gizarte hedakuntzan), eta, bereziki aipagarriak dira, horien artean, bost helburu hauei lotutakoak: berdintasunari buruzko prestakuntza bultzatzea; emakumeen eta gizonen berdintasuna bultzatzea ikerkuntzan; langileen lan, prestakuntza eta sustapen baldintzetan bazterkeria saihestea; eta, azkenik, berdintasun gaietan, unibertsitate arduratsuaren irudia hedatzea.
Hala, planteatutako ekintzen artean, nabarmentzen dira, besteak beste, arlo hauetan proposatutakoak: jakintza arloetan jarduera egokiak sustatzea, unibertsitateko irakaskuntzan genero ikuspegia txertatzeko; ikerketei berriro heltzea, amatasun/aitatasun aldiak eta mendeko pertsonak zaintzeko aldiak igaro ondoren; jarduteko esparru protokolo bat diseinatzea, berdintasunaren aurkako ekintzen aurrean jokatzeko eta horiek bideratzeko modua finkatzeko; UPV/EHUko ikastegi guztietan berdintasun batzordeen sorrera sustatzea eta unibertsitateko egitura nagusietan berdintasun arduradunak izendatzea; eta, euskal erakunde publikoekiko lankidetza sustatzea, berdintasun gaietan.
Bigarren plan hau egiteko, partaidetza prozesu batean oinarritutako prozedura bati jarraitu zaio, eta horren baitan kontuan hartu dira unibertsitateko talde guztien ekarpenak. Hala, UPV/EHUko Berdintasunerako I. Plana gauzatzeko ekintza gehienak Berdintasunerako Zuzendaritzak egin bazituen ere, bigarren Plan honetarako, Berdintasunerako Zuzendaritzaren parte-hartzeaz gainera, berdintasunerako Batzorde Intersektoriala sortu da, eta batzorde horrek prestatu ditu eta egingo ditu gizarte eta lan harremanen arloan planteatutako ekintzak. Era berean, unibertsitateko kideek (ikastegiak, ikasleen kontseiluak, sindikatuak…) dokumentua aztertu, eta zuzenketak aurkezteko ahal izan dituzte.
"Berdintasunaren arloan aurrera egitea -adierazi du UPV/EHUko Ikasleen, Enpleguaren eta Gizarte Erantzukizunaren arloko errektoreorde Maite Zelaiak- guztion ardura da: bai Zuzendaritza Kontseiluarena, bai unibertsitateko kide guztiena, sindikatuetatik hasita, ikasleen taldeetara. Bide horretatik bakarrik txertatuko dugu genero ikuspegia unibertsitateko jardunaren eremu guztietan, diskriminazio oro -zuzena nahiz zeharkakoa- desagerrarazten lagunduko digun genero ikuspegia guztiz beharrezkoa baitugu, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako bidean, gaur egun erdietsi beharreko helburua delako, oraindik ere".